Arbesko egoitza berrirako sarbidea eraikitzen hasi dira

Arbesko egoitza berria izango den eremura sartzeko bidea urbanizatzen hasi dira. Lanek sei eta zazpi hilabeteko bi fase izango dituzte eta UTE VIAL ARBES enpresak egingo ditu,  BEAz barneko 2.122.684,90 euroko aurrekontuarengatik. Bertan izan dira gaur Irungo alkatea Cristina Laborda eta Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarez.

Zehazki, lanen barruan, Arbesko egoitza berrira sartzeko bide bat eraikiko da, eta, era berean, eraikuntza berria elikatzeko hiri zerbitzuak ematea bermatuko da, baita oinezkoentzako bideak izatea eta ingurunea egungo hiri bilbearekin lotuta egotea ere.

Lehenengo fasean, lurrak soilduko dira, eta sasiz garbitu, eta saneamendu lan orokorrak, euste hormak, drainatze elementuak eta euri urak husteko bideak ere egingo dira. Ondoren, behin lurrak finkatuta, bigarren fasea hasiko da.

Proiektatutako bideak egoitzari egingo dio zerbitzu, bi noranzkotan eta bi zatitan banatuta: lehenengoan, 100 metro lineal aparkaleku eta zamalanak egiteko lekua izango dira, eraikinaren ondoan, eta bigarrenean, iparraldetik hegoaldera, baterian aparkatzeko bi eremu; guztira, 38 toki.

Lanen barruan, egun Meakako ibarreko bidegorria eta Artiako errekaren paralelo doana lotzen dituen bidegorria berritu ere egingo da, José Antonio Loidi Bizkarrondo kalearen atzealdean.

Era berean, zuhaitzak landatzea aurreikusten da, Ingurumena Zaintzeko Planaren esparruan, lanen ondorio negatiboak minimizatzeko neurrien barruan, eta, behin lanak bukatuta, ingurumena lehengoratzeko plan bat aplikatuko da.

Lehenengo egunetan, lanek Arbesko Errota kalearen atzealdeko aparkalekuak ukituko dituzte, okupatzen den lekua lanak egiteko erabili beharko baita ia hasieratik. Gero, lanek aurrera egin ahala, lekua libre uzten joango dira langileak.

Cristina Laborda Irungo alkateak nabarmendu duenez, Arbesko Egoitza agintaldi honetako proiektu estrategikoetako bat da, hiriko behar sozial garrantzitsuenetako bati erantzuten diolako: adinekoentzako kalitatezko baliabideak eta zainketak bermatzea. Irungo alkatearen hitzetan, “bidea urbanizatzeko obrak hastearekin batera, urrats erabakigarria emango dugu gizarte-zerbitzuetan erreferentzia izango den espazio bat sortzeko bidean, ez bakarrik izango duen dimentsioagatik eta edukieragatik, baizik eta batez ere eskainiko duen arreta-ereduagatik, erreferentea izango baita arretan eta bizi-kalitatean, eta adibide gisa, mendekotasunik ez duten pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak”.

Alvarezek adierazi duenez, “lan hauek hasita, etapa berri bati ekin diogu, hiriaren proiektu estrategikoetako bat proiektatzen hasi baikara, eta gero eta gertuago ikusten: Arbesko egoitza. Irungo Udalak lehenengo pausoa eman, eta sarbidea urbanizatuko du, hiriak laster gizarte zerbitzuak emateko izango duen gune berritzailearen sarrera”. Ordezkariak lasaitasuna eta pazientzia eskatu die auzotarrei: “Badakigu lanek ondorioak izango dituztela auzoaren eguneroko bizitzan, baina ziur gaude sortzen den gune berria Arbesen bizi kalitatearen eta egituraren onerako izango dela”.

Hiriaren eskaera historiko bat

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko maiatzean onartu zuen Arbesko egoitzaren proiektua esleitzea, Udalak Aldundiari Arbesko lurretan instalazio hori eraikitzeko kudeaketa agindua eman eta hamabi urtera.

2011n, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidaso aldeko adinekoentzako ekipamendu sozialen eskariari behar bezala erantzuteko, hitzarmen bat sinatu zuten, eta, haren bidez, Udalak Arbesko hirigintza eremuko partzela bat laga zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza bat eraiki eta kudea zezan, eta bi konpromiso hartu zituen bere gain: ekipamendua lehenengoz okupatu aurretik urbanizazio lanak egitea eta proiektuaren barruan adinekoentzako 48 apartamentu sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude