Artiako eskailera mekanikoen konponketa integrala egingo da etorkizunean matxurak saihesteko

Dario de Regoyo eta Berrueta Pintorea kaleen arteko igoerako eskailera mekanikoa itxita dago eskaileraren maila katea egoera txarrean dago eta. Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloak jakinarazi duenez, martxoan hasitako mantentze-lanetan, hasieran pentsatutakoa baino matxura zailagoa zegoela ikusi zen. Ondorioz, eskaileraren konponketa integrala egingo da, etorkizuneko matxurak saihesteko.

Hemezortzi urte dira jada eskailera horiek martxan jarri zirenetik eta, igarotako denbora dela eta, mekanismoak osatzen dituzten elementuetako batzuen bizitza baliagarria amaitzen ari da. Horrela, igotzeko eskailera horren maila-katea ordezkatzeko unea iritsi da. Bestalde, maila-katearen egoera txarra dela eta, itzulerako gidaria higatzen ari da, eta beraz baliteke errodamenduak aldatu behar izatea. Aldaketa horiek ezinbestekoak dira herritarrek eskailerak segurtasunez erabiliko badituzte, eta aurki dira egitekoak.

Kontratistak 12 asteko epea izango du obrak egiteko, kontratua sinatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Aurrekontua, bestalde, 61.404,24 eurokoa da, BEZa barne. Lanak egin bitartean, Dario de Regoyos (10 eta 12 atarien artean) eta Pio Baroja kalea lotzen dituen igogailu erabili daiteke, hain zuzen, eskaileran ordezko aukera gisa.

18 urtez martxan

2007an jarri ziren martxan Artiako eskailera mekanikoak. Bi ataletan zatituta daude: Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos arteko atala, motzagoa, igotzeko eta jaisteko eskailera banarekin; eta Dario de Regoyos eta Berrueta Pintorearen kaleen artekoa, luzeagoa, hori ere igotzeko eta jaisteko eskailera banarekin. Bestalde, 2020tik auzoak igogailu bat ere badauka, Dario de Regoyos (10 eta 12 atarien artean) eta Pio Baroja kaleak lotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude