Asteburuko garaipenak borrokatu dituzte Txingudi errugbi klubeko taldeek

Argazkia: Gaztedi B eta Zaisa Txingudiren arteko partida (Egilea: Thalia Cuéllar).

Ez-ohiko baldintza dezente zituen Biok Txingudik aurrean Logroñon jokatu behar zuen partidak eta jokalariengan eragina handia izan zezakeen. Hala ere, aurten zerbait erakutsi badu emakumezkoen errugbi taldeak baldintza ezberdinetara moldatzeko ahalmena izan da eta Logroñon larunbatean egin zuen hotzak, belar artifizialeko zelaiak eta hamabi jokalariko modalitatean jokatu behar izanak ez ziren nahikoa izan porrota eragiteko.

Hala ere, Envases Riojak hartu zuen aurrea lehenengo hamar minutuetan bi entsegu eta eraldaketa bat eginez (12-0). Hasiera traketsak aulkia mugiaraztea eragin zuen eta, aldaketa hauetako baten ondoren hain zuzen ere, 15. minutuan, bisitarien lehenengo marka eta eraldaketa iritsi ziren, Naroa de la Fuente eta Leire Muñozen eskutik (12-7).

Pixkanaka, Txingudi erritmoa hartzen joan zen eta puntuak iristen joan ziren. Naroa de la Fuentek (27′), bigarren aldiz, Leire Muñozek (32′), Paola Vegak (35′) eta Enara Arrutik (39′) lortutako entseguekin eta azken honen eraldaketa batekin, atsedenaldira alderik handienarekin iristea lortu zuten mugakoek (12-29).

Bigarren zatian, lehenengoan bezala, etxekoek hartu zuten iniziatiba eta Txingudiko defentsaren gabeziak aurkitu zituzten, aldea murrizten joateko. 75. minutuan, errioxarrak norgehiagoka berdintzera iritsi ziren, mugakoek egindako lan guztia kolokan jarriz (29-29). Azkeneko minutuetan, indar guztiekin joan zen Biok Txingudi garaipena bereganatzera eta, fase eta joan-etorri ugari izan zituen jokaldi baten ondoren, Lea Etxebarrietak azkeneko marka lortu zuen, Enara Arrutiren eraldaketarekin batera, amaierako 29 eta 36koa ipini zuena markagailuan.

Hasierako lerrokatzean Lucia Duran, Yaiza Garcia, Saioa Gartzia, Lohitzun Aia, Zumendi Caro, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Paola Vega, Gaia Morris, Laida Rodriguez eta Leixuri Pinaga, bere debuta egin zuena, izan ziren. Aulkian Gaxi Famoso, Maren Santa Cruz, Irati Lazkano, Lupe Pescador, Naroa de la Fuente, Onintza Burgera eta Ainara Varela hasi ziren.

Garaipen honekin, Biok Txingudi zortzigarren kokatzen da sailkapenean, Arrasate/Eibar B zazpigarrenarekin berdinduta.

Mutilek garaipen oso garrantzitsua lortu zuten, baita ere

Oso berdindua izan zen Zaisa Txingudik Gasteizen jokatutako partida. Defentsan denbora luze eta gogor aritu behar izan zuten partida osoan zehar eta, ondo antolatzeko arazoak izan bazituzten ere, Gaztedi Bren erasoak gelditu ahal izan zituzten. Erasoan, bestalde, oso eraginkor aritu ziren bidasoarrak, gasteiztarren zelaira iritsi ziren aldietan puntuak eskuratzea lortu baizuten. Honela, 5. minutuan Aitor Asurmendik lehenengo entsegua lortu zuen, Alejandro Lasak eraldatu zuena markagailuan aurrea hartzeko (0-7). 3 minutu geroago, Lasak berak beste hiru puntu lortu zituen makilen artean sartutako zigor kolpe batekin (0-10).

Denboraldi honetan diziplina mantentzeko arazoak dituzte Iñigo Camareroren mutilek eta partida hau ez zen ezberdina izan. Zigor kolpe gehiegi egin zituzten jokalariek eta defentsan gogorrago aritzea eragin zien, hogei minutuz jokalari bat gutxiago izan baitzuten Julen Iglesias eta Alejandro Lasak jasotako aldi baterako kaleratzeengatik (31 eta 70. minutuetan, hurrenez hurren). Etxekoek defentsa hori haustea lortu zuten 25. minutuan, norgehiagoka osoan lortuko zuten entsegua eta eraldaketa eginez (7-10). Hurrengo jokaldian, Ekain Hiribarrenek aldea handitu zuen berriz, entsegu baten bidez (7-15).

Defentsek egin zuten gainerako lana, atsedenaldiaren ideiak antolatzeko eta indarrak neurtzeko balio izan zien bi taldeei eta, bigarren zatian, jokoak ordena handiagoa izan zuen, baina emaitza ez zen berriz mugitu.

Zaisa Txingudiren hamabostekoan Aritz Rodriguez, Aitor Asurmendi, Jon Sanchez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Javi Paredes, Hector Pescador, Asier Gonzalez, Ekain Hiribarren, Carlos Lora (kapitaina), Ioritz Franco, Roman Solis, Teo Arruti, Alberto Robleda eta Alejandro Lasa aritu ziren. Aulkian Javier Perez, Julen Iglesias, David Miguel, Iban Lantxo eta Mikel Genuak hasi zuten partida .

Argazkia (Thalia Cuéllar): Gaztedi B eta Zaisa Txingudiren arteko partida.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude