Aduana Zaharraren eraikin nagusian eraldaketa hasi da, Via Iruneko etorkizuneko Hiri Barruti Berritzailean bihurtzeko. Aduana zaharra lehen mailako ekipamendu publiko bihurtuko da, ekintzailetzara eta enpresara bideratua, hori guztia berrikuntza eta ezagutza gune baten barruan. Horretarako, Kontratuaren esleipenduna Obras de Construcción e Instalaciones SA (OCISA) enpresa da, eta lan horien kostua, guztira, 2.189.515,11 milioi eurokoa (BEZ barne), eta egikaritzeko epea 12 hilabetekoa da.
Era berean, gogoan izan behar da orain abian jarri diren lanen aurretik lehen fase bat egin zela, 2024ko bigarren erdian, eremua garbitzeko eta hondakinak erretiratzeko, 192.319,41 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Horrela, egiturazko elementuetara iristeko modua zabaldu da, eraikinaren karakterizazioa egiteko.
Via Irun ingurua, hiriaren historian berroneratze urbanoan izan den proiekturik anbiziosoena da, etorkizunean gauzatzen joateko beste urrats bat da honako hau, eta Cristina Laborda Irungo alkatea, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako kontseilariordea, Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri-bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkaria, eta Gorka Álvarez Obra, Mantentze-lan eta Azpiegituretako ordezkaria bertaratu dira gaur, lanen aurrerapena bertatik bertara ikusteko.
Alkatearen hitzetan, “erabiltzen ez zen eta hondatuta zegoen eraikin historiko hau berreskuratzea, zalantzarik gabe, funtsezko urratsa da etorkizuneko Via Iruneko Hiri Barruti Berritzailea lortzeko. Hiria berroneratzeko proiektu honekin, orain arte hiriak izan duen anbiziosoena, Irunek mugarri bat ezarriko du gaur egun erabiltzen ez den eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratuko dugun trenbide-eremu horretan guztian “.
Bestalde, sailburuak, honela baloratu du Irunera egindako bisita: “obra horiek martxan jartzeak inflexio-puntu bat ezartzen du Irunerako. Aduana Zaharraren birgaitzeari esker, eraikin historiko bat berreskuratzeaz gain, hiriaren prestakuntza, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoa bultzatuko dituen hiri-barruti berritzaile berri baterako atea irekiko da. Gure konpromisoa argia da: gizarte-kohesioa sortzen duten, trantsizio digitala eta ekologikoa bultzatzen duten eta Irun hiri-garapen iraunkorraren abangoardian kokatzen duten proiektu eraldatzaileetan inbertitzea”.
Egingo diren lanak
Zehazki, Aduana zaharreko eraikin nagusiko egiturak, estalkiak eta fatxadak birgaitzea izango da ahaleginen ardatz nagusia, eta lehenengo lanen artean egongo da forjatuak, instalazioak eta zurezko elementuak eraistea, eta, ondoren, egiturazko hormak finkatuko dira. Gero, egoera txarrean dauden forjatuetan jardungo da, eta lehendik dauden estalkiak eraitsiko dira, beste berri batzuekin ordeztuz.
Obra-planak ateburuak zaharberritzea ere aurreikusten du, baita fatxadako hormak saneatu, garbitu eta zaharberritzea ere. Azkenik, egon daitezkeen baoen behin-behineko itxitura egingo da.
Aduana zaharra berritzeko prozesua
Aduana zaharra berritzeko lanak 2023ko maiatzean hasi ziren, tokiko gobernu-batzordeak eraikina 1.666.416,76 euroan Estatuaren administrazio orokorrari erostea onetsi zuenean, eta ordutik etenik gabe egin dute aurrera. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak emandako 4.980.125,10 euroko (BEZa barne) dirulaguntzari esker, eraikin enblematiko hori zaharberritzeko lanei ekin zitzaien.
Hain zuzen ere, lan horien bidez, Aduana zaharra eta haren eranskinak osatuko dira, etorkizunean eman nahi zaion erabilerarako, hots, iHub inklusibo eta adimendun bat osatzeko. Horrela, eraikina Via Iruneko hiri-barruti adimenduna osatzeko estrategiaren muina izango da, eta berrikuntza, kohesio ekonomikoa eta soziala eta eraldaketa digitala eta ekologikoa hartu dira premisatzat proiektua diseinatzeko.
Aduana Zaharra
Irungo Aduana zaharraren eraikina Aduana kaleko 18.ean dago, hiriak eta tren-geltokiko zabaltzak muga egiten duten tokian. Eraikina 1882an ireki zen, eta 1993an itxi zen arte erabili zen, nabeak hainbat modutan konfiguratuta, zerbitzuaren beharren arabera. Itxi ondoren, abandonatuta geratu zen, eta denboraren poderioz degradatzen joan da, egungo egoerara iritsi arte.
Gaur egun, Via Irun proiektuko trenbide ingurua berreskuratzeko lanen testuinguruan, Aduana zaharraren eraikina berritzea funtsezko urratsa da antolamendu berriaren barruan, trenbide-zabaltzan berreskuratutako lurretan hiri-barruti bat sortzeko bidean.



