Azaroaren 10ean Bidasoa Bizirikek antolatutako XXVI. Enpleguaren Astea hartuko du Ficobak

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Enpleguaren XXVI. Astea antolatu dute datorren azaroaren 10erako Ficoban. 2021 honetan egiten den bigarren Azoka da, izan ere maiatzean egin zen XXV. edizioa. Honen helburua eskualdeko enpresei beren giza baliabideen beharretara egokitutako profilak eskaintzea da eta, lana bilatzen ari diren pertsonei, berriz, enpresekin harreman zuzena izateko eta lanpostu bat aurkitzeko aukera eskaintzea.

Oraingoan, 30 enpresa inguruk parte hartuko dute eta 90 bat lan eskaintza egingo dira 170 lanpostu betetzeko.

Bidasoa bizirik-eko presidente Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, “Bidasoa bizirik-eko Enpleguaren Astea Euskal Autonomia Erkidego osoko azokarik beteranoena da. XXVI. edizio honetan, enpresen parte-hartzea zertxobait igo da maiatzean izan zen azken edizioarekin alderatuta. Horrek erakusten du erakundeek ekitaldi honen alde egiten duten apustu argia. Izan ere, askok errepikatu egiten dute urtez urte, eta enpresa askori lagundu die langileak aurkitzen”.

Bestalde, María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak gaineratu duenez, “eskualdean enplegua sustatzeko ezinbesteko ekitaldia da, beti emaitza onak ematen dituena. Kasu honetan, gehien eskatzen diren profilak hauek dira: jasomakinako gidariak, biltegia eta banaketa, harakinak, arrain-saltzaileak eta bestelako saltzaileak. Eraikuntza-sektorean ere eskaera handia dago, batez ere Frantziako zerbitzu-enpresen aldetik, baita industriaren eta ostalaritzaren sektoreetan ere”.

Elkarrizketak hitzorduarekin

Azoka egunean, parte hartzen duten enpresa guztiek aldez aurreko hitzorduaren bidez egingo dituzte hautapen prozesuak. Horretarako, 45 minutuko sei ordu-tarte planifikatu dira, 9:00etatik 13:30era.
Ficobarako sarrera 60 laguneko taldeetan egingo da ordu tarte bakoitzeko, eta lehentasuna izango dute azoka eguna baino lehen lan eskaintzetan izena eman dutenek. Eskaerak jaso ondoren, ordu tarte bakoitzeko sarbideak antolatuko dira eta interesatuei telefonoz deituko zaie. Lan-eskaintzak Bidasoa bizirik-eko web orriko ‘Agenda/Lan-eskaintzak’ atalean egongo dira argitaratuta azaroaren 4ra arte.
Elkarrizketetarako hitzorduak ematerakoan, Irun eta Hondarribiko udalerrietan erroldatutakoek izango dute lehentasuna; beraz, jasotako datu guztiak egiaztatuko dira. Halaber, izena eman dutenek eskabidean adierazten dituzten lehentasunak betetzen saiatuko da Bidasoa bizirik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude