Badia Txapelketak Irun errugbi giroz zipriztinduko du larunbatean

Argazkia: Pasa den urteko partiden argazkiak (Iturria: Txingudi Errugbi Kluba).

Txingudi Errugbi Klubak dena prest dauka “Biok Experiential Shopping Txingudi Badia nazioarteko errugbi eskolen topaketa” izenarekin ospatuko den ekitaldirako. 10:00etan hasiko dira etxeko taldearen, Baztan Menditarrak (Nafarroa), Arrasate, Soragazteak (Gipuzkoa), Sarako Izarra, Emak Hor Arrangoitze-Basusarri (Lapurdi), RC Rioja (Errioxa), RGC Covadonga (Asturias) eta Rugby Unión Norte (Kantabria) taldeen arteko partidak.

Txingudiko eskolako arduradunek, Iñigo Aizpuruak eta Xabi Sánchezek, azpimarratu dutenez “txapelketa hau berriz ospatzea gure eskolaren osasun onaren adierazgarria da. Pasa den urteko topaketak ekarpen handiak izan zituen guretzako eta ildo beretik jarraitu nahi dugu, ekitaldi hau gero eta handiagoa eginez pixkanaka”.

Partidek 9 minutuko iraupena izango dute, talde guztiek besteen aurka behin jokatuko dute eta sariak jasoko dituzte partaide guztiek, txapelketa ez baita lehiakorra izango. Aizpuruaren hitzetan “jokalariek, entrenatzaile, epaile edo gurasoek errugbiaren beste errealitateen inguruan ikasteko balio digute horrelako topaketek, partidak irabazi ala galdu ez da garrantzitsua”.

Guztira, 400 lagun inguru biltzea aurreikusten dute antolakuntzatik, horregatik, goiz osoan zehar Oiasso txarangak ekitaldia girotuko du, haurtxoko bat egongo da txikienentzako eta taberna eta merchandising puntuak irekita egongo dira.

Aurten, Biok markak izena ematen dio txapelketari, baina ez da babesle bakarra izango, Artiach, Lacturale eta Pasquier Recondok ere parte hartzen baitute ekitaldian.

Errugbi Eguna amaitzeko

Bazkalostean, Plaiaundi hutsik geratuko da eta jaia erdigunera mugituko dute. Marrubi goxoki-dendaren aurrean, Luis Marianon, hasiko dute Kale Nagusirantz abiatuko den kalejira 17:00etan. Elkartetik gonbidapena zabaldu nahi dute edonork baloi obalaren kirolaren inguruan antolatutako ekimen honetaz gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude