Txingudi Errugbi Klubak prestatzaile berriak izango ditu hurrengo denboraldiko erronkei aurre egiteko

Txingudi Errugbi Klubak prestatzaile berriak izango ditu hurrengo denboraldiko erronkei aurre egiteko. Aldaketarik nabarmenena emakumezkoen senior kategorian dator, pasa den urtean martxan jarri zen taldea Euskal ligan hasiko baita leihan. Maider Aizpuruak eta Asun Gamindezek, taldea osatzen eta lehenengo pausuak emateko ardura hartu zutenek, taldearen ordezkari rola hartuko dute aurten eta prestatzaile lanak Asier Gonzalezi utziko diote. Laguntzaile lanetan Alejandro Lasa eta Joao Costa izango ditu Gonzalezek. Euskadiko Federakuntzak datozen asteetan zehaztuko du nola izango den aurtengo emakumezkoen euskal liga, ordura arte, Txingudiren taldeak ilusioz eta gogor ari da lanean.

Aldaketak ere sub 16 eta sub 18 taldeentzat, zeinak Keoma Pacheco eta Peio Castellano izango dituzte entrenatzaile bezala, Koldo Alonsoren laguntzarekin. Bolada oparoa bizitzen ari da eskualdeko errugbia gazte mailetan, bi taldeen artean berrogei jokalari inguru bilduko baitituzte. Aurten Baztan Menditarrakeko jokalariekin osatuko da 16 urtez azpikoen taldea eta Donostiako Bera Berakoekin 18 urtez azpikoa.

Bestalde, eskolak eta sub 14 eta gizonezkoen senior taldeek ez dituzte aldaketarik izango, Iñigo Aizpurua eta Iñigo Camarero izanik hauen arduradunak. Camareroren mutilak abuztuaren lehenengoan hasi ziren denboraldi berria prestatzen eta, dagoeneko, bi lagunarteko jokatuko dituzte irailean; 16an, Plaiaundin, Atletico San Sebastianen aurka eta astebete geroago, 23an Baztan Menditarraken aurka Lekarozen. Klubeko zuzendaritzak ere aldaketak izango ditu, Xabi Sánchezek “Pachi” Garciaren lekukoa hartuko baitu koordinatzaile lanetan.

Sub 16 taldeko jokalari Euskadiko lehen hautaketan

8 ordezkari izango ditu Txingudi Errugbi Taldeak Euskadiko gazte selekzioaren lehenengo deialdian, larunbat honetan Zarautzko Asti zelaian egingo den entrenamendurako. Hodei Aizpurua, Aimar Echeveste, Oier Oliveira, Aimar Iturre, Aritz Arrieta, Ewan Little, Jakobe de la Serna eta Aiert Mendizabal izan dira deituak.

Munduko txapelketa, Txingudi Rugby Tabernan ikusgai

Klubetik jakitera eman dutenez, datorren astean hasiko den Munduko txapelketako partidak tabernan ikusi ahal izango dituzte zaleek. Lehen norgehiagoka, Frantzia eta Zelanda berriaren artekoa, irailaren 8an jokatuko bada ere, Irungo Kale nagusiko kaleko tabernan ikusgai izango den lehenengoa Japoniak eta Txilek jokatuko dutena izango da, igandean, hilak 10, 13:00etatik aurrera. Irailaren 8an eta 9an taberna itxita egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude