Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako AECC elkartearen delegazioak 10 urte beteko ditu Irunen. Foru kaleko egoitza gaixotasunaren kontrako borrokarekin konprometitutako boluntarioen lanari esker jarri zen martxan. Hamarkada honetan zehar egindako lanaren ostean, gaixotasunaren inguruan sorturiko tabua pixkanaka ezabatzeaz gain, elkarteak eskualdeko delegazio honetatik eskaintzen dituen zerbitzuak geroz eta ezagunagoak dira.
Francisco Javier Eguimendia AECC elkartearekin elkarlanean hasi zen eskualdeko lehen boluntarioetako bat da. Francisco Javierren hitzetan, “Lehenengo urteetan boluntarioak izan ginen elkartearen jarduera aurrera atera genuenak, bestelako laguntzarik gabe”. Foru kaleko egoitza lortu arren, pazienteak eta senideak Donostiara bidaltzen ziren, Irunen zerbitzua eskaintzeko gaitasun ezaren aurrean. 2015 urtetik aurrera, ordea, egoitzan gizarte-langile baten laguntza dute elkartearen kudeaketaz arduratzeko.
10 urte hauetan zehar Bidasoako AECC delegazioak eskaintzen duen zerbitzua asko aldatu da. Izan ere, soilik errekurtsoen lorpena eta prebentzioa egitetik, zuzeneko arreta egitera pasa dira bai paziente zein horien senideekin. Orain gizarte arreta zerbitzua astelehenetik ostiralera egiten da eta zerbitzu psikologikoa astean hirutan eskaintzen da. Oihana Palacin Bidasoako egoitzako gizarte-langileak azaldu duenez, “pazienteentzako lagungarriak izan daitezkeen objektuen mailegu zerbitzua daukagu”. Zerbitzu horren barnean material protesikoa, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, taka-takak eta zarakarrak saihesteko kuxin bereziak bezalakoak mailegatzen dituzte denbora mugagabez. Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak doakoak direla ahazterik ez dago.
“Lehenengo urteetan boluntarioak izan ginen elkartearen jarduera aurrera atera genuenak, bestelako laguntzarik gabe”
Francisco Javier Eguimendia, Bidasoako AECC delegazioko boluntarioa
Hamarkada honetan Irungo egoitzan eskaintzen diren zerbitzuetan aldaketak egon diren bezala, gaixotasunari aurre egiteko jarreran aldaketa nabaria izan da. Izan ere, orain dela gutxira arte minbizia gizarteko gai ezkutuetako bat zen. Orain, ordea, errazagoa da edonoren inguruan gaixotasuna pairatu duen senide edo lagunen bat aurkitzea; ez kasuak ugaritu direlako, gaixotasunaren inguruan sorturiko tabua ezabatzen ari delako. Honen ondorioz, Bidasoako egoitzan geroz eta paziente gehiago jasotzen dituzte. “Jendeak laguntzak eskatzeko konplexu gutxiago dauzka orain eta geroz eta kasu gehiago jasotzen ditugu”.
Lehen hamarkada hau behar bezala ospatzeko hainbat ekintza antolatzea aurreikusten du Bidasoako AECC elkartearen delegazioak. Ekintza horien data eta zehaztasunak lotzea falta denez, urtean zehar ezagutzera emango dute antolatuko diren ekintzen berri. Momentura arte, martxoaren 31ean irungo kaleetan zehar Bidasoa Atletiko Taldearekin elkarlanean antolatutako Milia Solidarioa izan da aurten antolaturiko lehen ekintza. 2019 Milia Solidarioan 700 pertsona inguruk parte hartu zuten eta joan den urtean bildutako 1.200 euroak bikoiztetik gertu ibili dira. Gema Landache boluntarioak azaldu duenez “dortsalak eta zapiak agortu zitzaizkigun eta, hala ere, jendeak dirua ematen jarraitu zuen”.
“Jendeak laguntzak eskatzeko konplexu gutxiago dauzka orain eta geroz eta kasu gehiago jasotzen ditugu”
Oihana Palacin, Irungo AECC egoitzako gizarte-langilea
Milia solidarioan bildutako dirua 2019ko AECC Gipuzkoako Erronkara bideratuko dira ikerkuntza proiektu baten finantziazioan laguntzeko. Hain zuzen ere, erronka horren helburua Nafarroako Unibertsitate Klinikan Ignacio Valero doktorea bularreko minbiziari aplikatutako immunoterapiazko tratamendu baten ikerketan lanean ari da. Helburua urtea amaitu baino lehen diru-kopuru nahikoa lortzea da, proiektua aurrera atera eta Donostiako Onkologikoan paziente gizpukoarrekin entsegu-klinikoak gauzatu ahal izateko.
Kirolaren inguruko ekintzekin jarraituz, maiatzaren 12an Gipuzkoako AECC elkarteak Minbiziaren Kontrako martxa bat antolatuko du Donostian. Bosgarren urtez Kontxako pasealekutik Ondarretarainoko joan itzulia osatzen duten 3km-tako bidea oinez egingo dute. Kirol ekintza solidario honetan bilduko den diru-kopurua 2019ko AECC Gipuzkoako Erronkan laguntzeko erabiliko dira ere.
Boluntarioen ezinbesteko lana
Elkartearen egituran boluntarioak ezinbestekoak dira. Haiek dira kalera irten eta gaixotasuna ikusgai egin edo ikerketentzako dirua biltzeko arduradunak. Gema Landache boluntarioak adierazi duenez, “askotan elkarteko boluntarioak itsulapikoarekin lotzen gaituzte segituan, baina, bestelako informazio zerbitzuak eskaintze ditugu ere”.
AECC elkartean boluntario bezala aritzeko bi modu daude. Batetik, gaixoekin harreman zuzena duen boluntario-lana dago, formazio programa baten bitartez prestatzen dena eta, bestetik, inolako formaziorik behar ez duen gaixoekin aritzen ez den boluntarioa. Boluntario lanetan hasi nahiko lukeen edonork Irungo egoitzako 943630115 telefono zenbakira deitu edo egoitzara zuzenean informazio bila hurbiltzeko aukera du.
Prebentzio kanpainak
Aipatutako laguntza eta zerbitzu guztiez gain, AECC elkarteko boluntarioek prebentzio kanpainak antolatzen dituzte ere. Bidasoako eskualdeko auzo ezberdinetara informazioa zabaltzeko asmoarekin, boluntarioak “mahaiak” deituriko taldeetan banatuz. Informazioa zabaltzen jarraitzeko asmoari eusteko, boluntario gehiagoren beharra aurreikusten dute elkartetik, azken urteetan sorturiko auzo berrietara ere heldu ahal izateko.
Prebentziozko kanpainen barnean, urtean zehar hainbatetan irteten dira informazio-postuekin kalera. Otsailaren 4ean Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen dute eta martxoan Koloneko Minbiziaren Kontrako kanpainan zentratzen dira. Maiatzean tabakoaren kontsumoaren kontzientziazioari eusten diote. Udaran, uztailean eta abuztuan, Azaleko Minbizia lantzen dute, azkenik, urrian Bularreko Minbiziari arreta eskaintzeko.
“Askotan elkarteko boluntarioak itsulapikoarekin lotzen gaituzte segituan, baina, bestelako informazio zerbitzuak eskaintze ditugu ere”.
Gema Landache, Irungo AECC egoitzako boluntarioa
Bidasoaldeko biztanleen harrera ona eta solidaritatearekin hemendik aurrera elkarteak ezartzen dituen helburu guztiak lortzeko asmoa du. Zentzu horretan, Oihana Palacin gizarte-langileak azaldu du Bidasoako delegazioaren helburua hazten jarraitzea dela, pazienteei zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko. Honela, duela 10 urteko lehen boluntarioen lanean generazio berriek errelebora gauzatu eta, egunero, minbizia pairatzen duten gaixoen sufrimendua arintzeko lanean jarraituko dute Foru kaleko egoitzatik, orain arte eskualdean egindako lanak merezi duen harrotasuna erakutsiz.