Bidasoa Asanblada Feministak Nagore Laffage oroitzeko ekitaldia antolatu du uztailaren 7rako, ostiralerako. Arratsaldeko 20:00etan Nagore Laffageren izena duen Palmera Monteroko parkean elkartuko dira. Antolatzaileek bertaratzeko asmoa dutenei lore bat eramateko eskatu diete omenaldian parte hartzeko.
Bidasoko Asanblada Feministatik azaldu dutenez, borrokan jarraituko dute, bai Nagore Laffagerengatik eta emakume guztiongatik, “bai guk eta bai Irunek ahazten ez zaitugulako”. Horrela, gaineratu dute “ 15 urte dira bihozgabe batek Nagore modu anker, bihozgabe eta era aztoragarrienean kendu zigunetik. Egoera gutxi aldatu da 15 urte hauetan, behin eta berriz etengabe kolpatzen gaituen terrorismo matxistaren ondorioz, ehunka izen batzen zaizkio Nagoreri urtero, umezurtz eta familia suntsituak utziz.”
Asanblada Feministatik adierazi dutenez, “gizarteak zor handia du ordaintzeke emakume horiekin , hau dela eta, neurri eraginkorrak eskatu behar ditugu gure gizartean ezarritako sistema patriarkalak behin eta betiko emakumeok jasaten ditugun indarkerien jazarpen mota guztiak etengabe salatzeko, haien ahotsa eta oihua garelako”