Bizi-ohitura osasungarriek minbiziaren prebentzioan duten garrantzia landu dute Plaiaundi LHIIn

Plaiaundi LHIIk atzo goizean minbiziaren prebentzioari buruzko jardunaldia hartu zuen. “Prebentzioan ON egon” proiektuaren baitan. Jardunaldia 9:00etatik 11:00etara bitartean egin da, eta 30 ikaslek hartu dute parte.Saioa Nerea Loro, Contra el Cáncer Gipuzkoako biopsikologoak, gidatu du, eta minbiziaren prebentzioan bizi-ohitura osasungarriek duten eragina izan du ardatz.

Hitzaldian, Nerea Lorok elikadura, jarduera fisikoa, osasun mentala eta loaren garrantzia jorratu ditu, ikuspegi zientifiko eta egunerokotasunera hurbilduz. Nerea Lorok azaldu duenez, elikadura desegokiak, sedentarismoak, estres kronikoak eta atseden faltak eragin zuzena dute hainbat minbizi motaren garapenean, eta prebentzioa eguneroko erabakietan hasten dela nabarmendu du. “Prebentzioa ez da etorkizuneko zerbait; gaur egun egiten dugunarekin hasten da”, adierazi du.

Jardunaldian zehar, dieta mediterraneoaren oinarriak, elikadura kontzientea, jarduera fisikoaren eta ariketa fisikoaren arteko desberdintasuna, baita osasun mentalak eta loak ongizate orokorrean duten eragina ere azaldu dira. Saioa dinamikoa izan da, ikasleen parte-hartzea sustatzeko galderen eta jarduera praktikoen bidez.

“Prebentzioan ON egon”

Jardunaldi hau “Prebentzioan ON egon” proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektua CIFP Irudika LHIIk eta CIFP Plaiaundi LHIIk elkarrekin garatu dute, eta Asgicer, Katxalin, Iñurri, Aspanogi, Agadelprise eta Contra el Cáncer Gipuzkoa elkarteekin lankidetzan gauzatzen ari da. Ekimenaren helburua minbiziaren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra ikuspegi hezitzaile, sozial eta komunitariotik lantzea da.

Jardunaldien zikloak bihar izango du amaiera, urtarrilaren 23an, Plaiaundi LHIIn egingo den azken saioarekin. Saio horretan, minbiziaren detekzio goiztiarra Osakidetzan nola lantzen den aztertuko da, Osakidetzako erizain komunitario baten eskutik, prebentzioaren ikuspegia osatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude