Cristina Laborda Irungo alkateak agerraldia egin du udaletxeko areto nagusian, asteazken honetan, urriak 9, egin den tokiko gobernu-batzarreko gairik garrantzitsuenak jorratzeko. Izan ere, Doman eraikina eraisteko lizentzia onartu da. Bestetik, Alkatearen ebazpen bidez Aduana kaleko 18.aren ondoko higiezinaren berehalako aurri-deklarazioa lortu da. Azkenik, Tokiko gobernu-batzarrak Arbeseko egoitza eraikitzeko obra-lizentzia ere onetsi du.
Labordak Bizikidetza eta Segurtasunaren aldeko Itunean kokatu ditu bileran onartutako zenbait erabaki: «Udalak denbora luzea darama Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunean sortutako zenbait neurri lantzen. Lizentzia hauek horren erakusgarri dira, bizikidetzarako funtsezko jarduketak baitira, eta espazio publiko eta pribatuen erabilera egokian jartzen dutelako arreta. Gainera, ekimen hauek baterako lana eskatzen dute, eta hiria hobetzeko balio dute, beharrezkoa dela ikusten den guneetan».
Doman eraikina
Aurrena, alkateak Kostorbe Alde kaleko 1.eko partzelan dagoen eraikin industriala (Doman) zero kotaraino eraisteko lizentziaz hitz egin du: «hiriko puntu gatazkatsua izan da azkenaldian. Prozesu luzea izan da, nahi genuena baino luzeagoa, baina azkenean hemen dugu eraisteko lizentzia, eta horri esker egoera amaituko da. Esku-hartze honekin, irisgarritasuna hobetzeko beste jarduketa txikiago batzuekin batera, Iparralde Gal eremuaren eraldaketa globala gauzatzen jarraitzen dugu».
Esku-hartzeak 37.375, 23 euroko aurrekontua du guztira, BEZa barne, eta hiru hileko epea ezarri zaio. Proiektuan zehaztutakoaren arabera, garbitu eta material arriskutsuak erretiratu ondoren, eraikina eraitsiko da bitarteko mekanikoak eta eskuzkoak erabilita, eraikitzeko ordenaren kontrakoan.Eraisketa-lanak sestra gaineko elementuetan egingo dira, eta ezingo da jardun eraikinaren zolarrietan, zapatetan edo zoruan, ez eta partzelan egiten zen erregaia hornitzeko jarduerarekin lotutako instalazioetan ere.
Aduana kaleko eraikina
Alkatearen ebazpen bidez onetsitako Aduana kaleko 18.aren ondoko higiezinaren hur-hurreko aurri-deklarazioaz ere mintzatu da alkatea: «deklarazio horrekin, eraikina eraisteko dei egiten diogu Adifi, hura baita eraikinaren jabea. Jarduketa hau beste urrats bat da segurtasunaren alde eta hiriko espazioa hobetzearen alde».
Alkateak, gainera, prozedura hauen konplexutasuna azaldu nahi izan du: «Udala eraikinen jabea ez denean, eraisteko prozesua luzea eta konplexua da, eraikinen jabetza errespetatu behar delako. Horrenbestez, Udalaren jarduketak, gehienetan, subsidiarioak izaten dira. Edonola ere, badakigu egoera horretan dauden eraikinek zer arazo eragiten dituzten hirian, batik bat gertueneko auzotarrei, eta horregatik eskura ditugun legezko baliabide guztiak erabiltzen ditugu konponbide eraginkorrak emateko».
Arbesko egoitza, gero eta gertuago
Tokiko gobernu-batzarrak Arbesen egoitza bat eraikitzeko obra-lizentzia ere onetsi du: «urrats ugari egin behar dira Arbesko egoitza errealitate bat izan arte. Gaur onartu dugun lizentzia funtsezko puntua da proiektuaren garapenean». Alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: «gure adinekoak beti daude gure politiken ardatzean eta, proiektu honi esker, erantzun bat ematen diegu kolektibo horren eskariei».