Drag Kill bideoklip eta film laburra ekoitzi dute Julene Zaballak eta Alicia Kissek elkarlanean. Indarkeria ahalduntze eta trans sororitate bihurtzeko proiektua da. Film laburrak drag estetika, narratiba zinematografikoa eta salaketa soziala uztartzen ditu. Julenek eta Aliciak, istorioko protagonistak direnak, proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte.
Nola bururatu zitzaizuen film labur hau egitea?
Julene: Ba Aliciak eta biok irailean emanaldi bat egin genuen, La Kaxitan, Jaionen. Elkarren artean ondo konektatu genuen eta nik plana proposatu nion, oso gustura sentitzen bainintzen berarekin. Banekien berarekin lan egitea oso erosoa izango zela eta berak baiezkoa eman zidan.
“Istorio honekin zabaldu nahi izan dugun mezua ahalduntzea da, adiskidetasuna indartuz”
Julene Zaballa, Drag Kill bideokliparen egilea
Zein da film labur honetan islatzen den istorioa?
Alicia: Beno, istorio honetan gu bi lagun gara eta mutil bat berarekin, Julenerekin, ligatzen saiatzen dela kontatzen da, bera akabatzen saiatzen delarik. Beraz, bideoklip honetan mendekua da egiten duguna, lagunen artean elkartzen gara, drogatu egiten dugu, eta auto batean sartuz leherrarazi egiten dugu.
Julene: Istorio honekin zabaldu nahi izan dugun mezua ahalduntzea da, adiskidetasuna indartuz.
Hori da. Izan ere, Drag Kill-ek mezu sakonagoa du barruan.
Julene: Zehazki, trans emakumeek askotan jasaten duten indarkeria islatu nahi izan dugu, askotan ikusten ez den edo ezagutzen ez den zerbait baita. Hau da, hitzordu batean bezala antzeztu dugu, halako ustekabeko topaketa batean, ni mutilarekin ligatzen banengo bezala eta horrela balitz bezala, baina eszena horren atzean mezu hori ezkutatzen da.
Alicia: Nire kasuan, nik desamodio txiki bat izan nuen eta mezu ezkutua bidali diot ere, istorioan keinu txikiren bat eginez. Gure artean ondo konektatu dugu eta horrek emaitzan lagundu du. Berak dioen bezala, bideoa Nafarroako herri txiki batean grabatu genuen, eta uste dut herri horretan agertu diren lehen showgirlak izan garela. Egia esan, ikuskizun bat izan zen.
Bideoaren estetika ere asko zaindu duzue, ezta?
Julene: Nik “bimbo girl” estetika islatu nahi izan dut. Bistan da, ez garela horrela jantzita ateratzen kalera, ondo legokeen arren. Orduan, oso garbi neukan kromak tonu horietan izan behar zuela, abestiaren melodiak irudi iluna ematen baitizu. Orduan, drama bat den zerbait kontatzen ari nintzen, baina, aldi berean, oso punkya da, eta egin dudana “pink” eta “punkya” izatea izan da.
Proiektu hau aurrera eramateko laguntza behar izan duzue?
Julene: Bai, hori da. Nik produktore lana egin nuen, eta argietarako teknikaria den lagun bat lortu nuen, eta lehengusinari kamerarekin grabatzeko eskatu nion. Beraz, denok nahiko hasiberriak izateko lan ona egin dugu. Gero lagunek aktore gisa parte hartu dute, figuranteak saihesteko. Asko eskertzen dugu jendearen borondatea.
Zuen kasuan, elkarrekin lan egiten zenuten lehen aldia izan da.
Julene: Egia da elkarrekin show-ak egin izan ditugula, baina filmaketa mailan, bai, elkarrekin lan egin dugun lehen aldia izan da. Baldintza berdinetan lan egin dugu eta azkenean, lagunekin lan egiten duzunean, zure erosotasun-eremuan zaudela nabari da.
Alicia: Nik uste dut talde on baten edo adiskidetasunaren oinarria komunikazioa dela. Gure artean komunikazio ona egon da eta, gainera, konfiantza handia dugu. Horrek eragiten du elkarri errieta egin behar badiogu edo elkarri zerbait esan behar badiogu esaten diogula; gainera, nagusi baten presioa izan gabe.
“Niri honetaz bizitzea gustatuko litzaidake, baina gaur gaurkoz, ezinezkoa da oraindik”
Alicia Kiss, Drag Kill bideoklipeko partaidea
Zer harrera izan du proiektuak aurkeztu ondoren?
Julene: Egia esan, harrerak asko hunkitu nau. Estreinalditik egun gutxira, bi emanaldi antolatu nituen eta asko harritu nintzen jendeak jada kanta ezagutzen eta abesten zuelako.
Alicia: Oraingoz elkarlan bakarra dugu, Drag Kill, baina elkarrekin aritzen garenean bakoitzak bere errepertorioa ateratzen du, gure emanaldiak osatzeko. Espero dut hau zerbait handiagoaren hasiera izatea. Berak bere abestiak abesten ditu eta nik berriz, drag estiloko emanaldia.

Bideoklipa sare sozialetan partekatzerakoan, jendeak errespetuz jokatu du?
Julene: Beno, YouTubek pixka bat zentsuratzen gaituela uste dut, egia esan, bideoklip berria erakutsi ordez, nire abesti zaharragoak erakusten dituelako. Bideoa ez erakusteko arrazoiak zirikatzaile gisa jantzita goazelako edo irainak esatea izan daitezkeela uste dut. Takoak esaten ditugun letrengatik edo sexuaz hitz egiteagatik gaitzesten gaituztela sentitzen dut. Beraz, TikTok edo Instagram plataformen mailan ere gauza asko aurreratu behar dira benetako aniztasuna erakusteko.
Etorkizunari begira, elkarlanean jarraitu nahi duzue?
Julene: Bai, noski. Nik festaren batean emanaldia egiteko aukera topatzen dudanean berari ere abisatzen diot. Beraz, emanaldiak eskaintzen jarraitu nahi dugu, nahiz eta Irunen espazio alternatibo gutxi egon. La Kaxita gaztetxea da hemen inguruan horrelako eremu bakarra, eta beraz, emanaldiak eskaintzeko aukerak oso murritzak dira, bai hemen, zein Euskadi mailan.
Alicia: Niri gustatuko litzaidake egiten dugun lanarengatik dirua irabazi ahal izatea, behintzat, gastuak estali ahal izateko. Adibidez, makillajea, takoiak eta horrelakoak, oso garestiak dira eta ikuskizunekin ez da diru hori guztia berreskuratzen. Niri honetaz bizitzea gustatuko litzaidake, baina gaur gaurkoz, ezinezkoa da oraindik.



