Abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartean, Ekoetxea sareko ingurumen zentroek, Koopera eta Elkargunearekin batera, Gabon jasangarriagoak izan daitezen gauzen trukaketa sustatzen duen Trukegune ekimenean parte hartuko dute. Horrela, ekimenak bilatzen du opari bakoitzak poza eman dezala eta, era berean, ingurumena zaintzen lagun dezala. Irunen, hain zuzen ere, Ekoetxea Txingudin egitasmoan parte hartzeko aukera egongo da.
Trukegune direlakoak gauzak partekatzeko, beren balioa berreskuratzeko, “erabili eta bota” kontzeptuaz hausnartzeko, dirua erabiltzearen alternatibak bilatzeko eta kontsumo arduratsua bultzatzeko toki gisa sortu dira. Gauza baten balioa edo erabilera gauza hori begiratzen eta trukatzen duenak erabakitzen du eta.
Pertsona batek kontsumitzen dituen produktuen kopuruak lotura zuzena du pertsona horrek sortzen dituen hondakin kopuruarekin eta ondoriozko ingurumen inpaktuarekin. Trukegunean parte hartuz gero, zerbait berezi oparitzeaz gain, mundu jasangarriago bat eraikitzen laguntzen da. Hondakin gutxiago eta gure lurrarekiko maitasun gehiago. Jada erabiltzen ez duzun flauta horrek edo erabilitako liburuak badute lekua Trukegunean.
Trukatutako opariak
Trukeguneetan gauzak, tartean dirurik erabili gabe, trukatzeko aukera egongo da. Horrela, dagoeneko erabiltzen ez diren, baina beste pertsona batzuentzat altxor txiki bihur daitezkeen gauzei bigarren bizitza ematen zaie. Gainera, trukatu ez diren gauzak erakunde laguntzaileei emango zaizkie dohaintzan.
Parte hartzea erraza da. Irakurri Ekoetxea Txingudiren webgunean zer motatako objektuak truka daitezkeen. Egoera onean egon behar dute, beste pertsona batzuek balora ditzaten. Trukegune esparruak abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartean egongo dira irekita, Ekoetxea Txingudiko ordutegian.
Gainera, gauza bat eramateko, ez da beharrezkoa beste bat uztea. Pertsona bakoitzak gehienez ere 5 gauza utzi eta beste 5 hartu ahal izango ditu, betiere berrerabiltzeko moduan eta egoera onean badaude. Debekatuta egongo da eskuratzeagatik ordain bat eskatzea, baita utzitako edo hartutako gauzak saltzea ere.
Gabonekiko ilusioaren itzulera
Berreskuratu ilusioa datozen Gabonetan eta egin bat aldaketarekin! Aurten, Gabon egunaren magia jada maite ez dituzun baina beste pertsona batzuei ilusioa egin ahal dieten objektuak berrerabiltzean eta trukatzean dago.
Ekoetxea Txingudi Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kide da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.