Elektroplaza musika jaialdia Urdanibia plaza hartuko du apirilaren 5ean, larunbatean. Musika elektronikoko zaletuentzako jaialdiaren bigarren edizioa izango da. Ekitaldiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta gaueko 22:30ak arte luzatuko dira. Gainera, jaialdiaren harira, Martindozenea Gaztelekuan egingo den DJ ikastaro bat antolatu da.
Gaur goizean jaialdiaren aurkezpena egin da. Bertan izan dira Irungo Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballero, N97-ko Irune Muguruza eta Iñigo Jiménez antolatzaileak eta GazteARTEan Konekta zerbitzuko kide Iker Hernández.
Elektroplaza jaialdia
Apirilaren 5ean izango da jaialdia, eta oso jardunaldi berezia izango da. Almuedo eta Jota irundarrek emango diote hasiera arratsaldeko 17:00etan: biak ala biak musika elektronikoaren munduko artista emergenteak dira, eta 1980ko eta 1990eko house estiloak eta house, tech house, minimal eta UK garage ukituen fusioa ekarriko dituzte, hurrenez hurren. Ondoren, 18:00etan, Sweely frantses-estatubatuarrak bere estilo aniztasuna eskainiko du: rock, hip-hop eta jazz nahasketa bat, haren musikaren berezkoa. Azkenik, 20:00etan, Munichek emandakoen artean onenetako bat arituko da, tINI: oinarrizkoa house eta techno underground musikaren munduan, festibaletan zein klub txikietan, urteetako esperientzia eta musika ezaupideak jartzen ditu set bakoitzean, askotariko estilo elektronikoak fusionatuta.
Jaialdiaren antolatzailea N97 da: Iñigo Jiménez eta Irune Muguruza sustatzaileak. Gainera, Jon Sáenz diseinatzaile irundarrak ere parte hartu du antolakuntzan.
Sandra Caballero ordezkariak adierazi duenez, “iaz, festibalak oso harrera ona izan zuen, eta bueltan da”. Caballerok azpimarratu duenez, gazteek partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan zuzenean egindako eskaera bati erantzuten dio ekimenak.Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariaren hitzetan, “aurkezten ari garen kartela Udalak maila handiko jaialdi bat antolatzeko egindako apustu irmoaren adierazgarri da, nazioarteko artista entzutetsuak eta industrian sartzen ari diren izar gazte emergenteak konbinatzen baititu”.
DJ ikastaroak
Aurten, festibalaz beraz gain, berotzen joateko, lau DJ tailer egingo dira, gazteek musika elektronikoaren oinarri teoriko eta praktikoak ikasteko: Telmo Trenor DJ eta ekoizle donostiarrak emango ditu. Tailerrak martxoaren 15ean, 22an, 29an eta apirilaren 5ean, larunbatetan, egingo dira, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Martindozenea Gaztelekuan egingo dira eta 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduak daude. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Gazteartean webgunean eman beharko dute izena, martxoaren 12a baino lehen edo toki guztiak bete baino lehen.



