Katea auzoaren eraldaketa jasangarriko proiektua fase berri batean sartuko da aste honetan. Hain zuzen ere, Elizatxo hiribideko trenbide gaineko pasabidea kentzeko azken lanei ekingo baitzaie. Horrela, Andrearriaga kalearen aldean geratzen den horma zatia eraitsiko da.
Esku-hartze honen bidez, aurrera doaz Irungo Udalaren Hirigintza arloak Adifekin elkarlanean abian jarritako Katea auzoa berrurbanizatzeko lanak. Hirugarren hariaren lanen barruko esku-hartze bat da, hau da, hirira abiadura handiko trena (AHT) sartu ahal izateko beharrezko azpiegitura eraikitzeko proiektuaren baitako obra batzuk dira.
Irungo Udalak aldaketa horrek dakarren aukera baliatu nahi du aipatutako bide ardatza eraldatzeko, Katetik Plaiaundira joango den espazio berde eta jasangarri berri baten abiapuntua izan dadin.
Jon Ugarte Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariaren hitzetan, «erritmo bizian jarraitzen dute lanek Katea auzoan, aurrera baitoaz eremua inguru atsegin eta jasangarriagoa bihurtzeko lanak. Horrela, bestelako hiri-planteamenduko bat indartuko da, non oinezkoak eta txirrindulariak izango diren protagonistak, egungo hormak guztiz eraitsi ondoren trenbide gainean altxatuko den pasarela berriari esker».
Jarduketa hau Elizatxo hiribidea Letxunborro hiribidearen eta Porcelanaseko biribilgunearen artean berrurbanizatzeko proiektuaren parte da. Helburua trenbidearen eragina murriztea da, bai eta Katea auzoko biaduktuaren inpaktua txikitzea ere, auzo barruko oinezkoentzako konexio gutxi egotea eta narriatuta egotea sortzen baitu.
ADIFek aurreikusitako pasarela berria oso arina izango da, eta egungo hormek eragiten duten trintxera efektua saihestuko du. Izan ere, oinezkoek eta txirrindulariek erabili ahalko dute, baina azpitik pasatzeko aukera ere eskainiko du.
Behin-behineko sarbidea
Eraisketa-lanen fase berri honetan, Irungo Udalak jakinarazten du geltokira sartzeko Andrearriaga kalean hainbat aldaketa egingo direla. Asteazkenean, azaroaren 6an, ohiko azpiko pasabidea itxi egingo da, eta behin-behineko beste sarbide bat ireki. Geltokiaren ondoan egongo da, eta behar bezala seinaleztatua eta hesitua egongo da.
Azaroaren 11tik 22ra bitartean, kaleko trafikoa moztuko da 7:30etatik 18:00etara arte. Ordutegi horretatik kanpo, zirkulazioa ohi bezala baimenduta egongo da. Trafikoa Molino errepidetik desbideratuko da, baina sartzen utziko zaie saltokietarako zamalanetarako ibilgailuei eta garajeetara doazenei.
Autobus zerbitzua
Eskolako autobusek ohiko ibilbideari eutsiko diote, baina Irunbuseko zerbitzuko 2. Lineak zenbait geltoki aldatuko ditu.
Hiriko zentrorako ibilbidean egun osoan zehar, Elatzetako geltokia aldatuko du Tesako biribilgunera. Andrearriaga 23ko eta Ugaldeko geltokiak Molino errepidera mugituko dira.
Beste aldetik, Lurraldebuseko E22 Lineak egun osoan zehar Elatzeta eta Ugaldeko geltokiak mugituko ditu Letxunborro hiribidea 59ra (Aranibar) eta Molino errepideko geltokira.



