Erakusketariek ekainean egingo den Bioterra azokaren espazioaren %75 erreserbatu dute jada

Gaur goizean, Bioterrako arduradunek eta azokan parte hartuko duten zenbait sektoreren ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Ficoban, Bioterraren 21. edizio honetan landuko diren edukietako batzuk aurkezteko. Horrela, 2024ko ekainaren 7tik 9ra egingo da azoka.

Eman duten lehen  datua 2024ko Bioterra merkaturatzeko erritmo biziari buruzkoa izan da. Azoka egiteko bi hilabete eta erdi falta direnean, enpresa erakusketariek eskainitako espazioaren % 75 erreserbatu dute dagoeneko. Beraz, ekoizpen ekologikoarekin, bioeraikuntzarekin, energia berriztagarriekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako sektoreek Bioterraren aldeko apustua egiten dute, punta-puntako erakustokia eta topagunea baita.

Ohi bezala, Bioterra aurkezteko lehen prentsaurreko honetan Ekolurrak parte hartu du (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), 2023ko ekitaldiko ekoizpen ekologikoaren datuak aurkezteko. Hazkundea egon da berriz ere, baina datuek erakusten dute Euskadi urrun dagoela oraindik 2030erako Europan ezarritako helburutik.

Nekazaritza ekologikoaren bilakaera Euskadin 2023an

Euskadiko nekazaritza-lurren % 5ek du ziurtagiri ekologikoa, «Baserritik mahaira» Europako Itun Berdeak ezartzen duen helburutik urrun oraindik, dokumentu horretan aurreikusten baita 2030erako Europako lurren % 25 lantzea irizpide ekologikoen arabera. 2023an, Euskadin beste 1.668 hektareak sartu ziren ekoizpen-sistema ekologikoaren barruan. Beraz, ziurtagiri ekologikoa dute 10.772 hektareak, eta % 18ko hazkundea egon da.

Azalerari dagokionez, Bizkaian erregistratu da igoerarik handiena, % 29koa, abeltzaintza-jardueren inskripzioari esker. Gainerako lurraldeetan, hazkuntza apalagoa izan da. Gipuzkoan % 20ko igoera erregistratu da eta Araban, % 13koa. Kontuan izan behar da, edonola ere, ziurtagiri ekologikoko lurren erdiak baino gehiago Araban daudela (% 55), atzetik Gipuzkoa (% 24,5) eta Bizkaia (% 20,5) dituela.

Ekoizle kopuruari dagokionez, Kontseiluaren erroldan % 3ko igoera jaso da 2023an (beste 51 profesionalek eman zuten izena ekoizpen ekologikoan). Lurraldearen arabera, Araban izan zen hazkunderik handiena (% 7). Alabaina, Gipuzkoak du profesional gehien. Bizkaian, aldiz, % 2ko jaitsiera egon zen 2022ko datuekiko. Gaur egun, 740 profesionalek dute ziurtagiria.

Nabarmentzeko datu bat: izena eman dutenen % 80 nekazaritza konbentzionalean aritzen zen aurretik, eta eredu ekologikoaren aldeko apustua egin dute. Bestalde, alten % 35 titular gazteak dira (45 urtetik beherakoak), eta horien % 80k beren jarduera osoa ekoizpen ekologikora bideratzeko erabakia hartu dute.

Mahats eta haragi ekoizpen ekologikoaren hazkundea

Animalien ekoizpenean goranzko joera mantendu da %9,7koa. Batez ere behien hazkuntzan izan da igoera nabarmenena eta ondoren, zaldien-hazkuntzan. Guztira 226 profesional daude abeltzaintza ekologikoan ziurtatuta; 54 Araban, 77 Bizkaian eta 95 Gipuzkoan.

Mahastizaintzari dagokionez, %14ko igoera izan du. Guztira 109 profesional daude eredu ekologikoan ziurtatuta.(87 Araban, 10 Bizkaian eta 12 Gipuzkoan).

Baserritik mahairako erronka

Egungo egoerari erreparatuta, Euskadiko nekazaritzak ekoizpen ekologikorako jauzi handia egin beharko du datozen sei urteetan, 2030erako nekazaritza-lurren % 25ek lortuko badu ziurtagiri ekologikoa.Alabaina, azalera ekoizpen motaren arabera aztertuta, ikusten da produkzio jakin batzuk Europak ezarritako langatik gertu daudela, hala nola barazkiena (% 18), frutena (% 23) eta olibena (% 17).

Europako Itun Berdearen erronkari heltzeko, alde batetik, babesa ematen jarraitu behar zaio ekoizpenaren ezaugarriei egokitutako nekazaritzari, agroekologia sustatuta. Eta, bestetik, ekoizleentzako duinagoak diren merkaturatze-bideak indartu behar dira, eta kontsumitzaileen esku jarri.Azkenik, gizartearen zati esanguratsu bat oso kontzientziatuta dago ekologiari, ingurumenari, osasunari, bizimoduari eta elikadurari dagokienez, baina ekintzarako dei bat egin behar da: bertako elikagai ekologikoak bilatu eta erosi.

Fashion Revolution erakusketa

Giza jarduera eta ingurumena bateragarri egiteko erronkak asko dira. Duela 21 urtetik, Bioterran loratzen dira sektore askotako ekimenak. Moda da arreta berezia eskatzen duten eremuetako bat. Izan ere, sektore horrek asko kutsatzen duenez, kutsadura hori murrizteko erronka ezagutarazi behar da, eta horren inguruan kontzientziatu.

Horretarako, Bioterrak Fashion Revolutionen erakusketa bat programatu du. Irabazi-asmorik gabeko mundu mailako mugimendu bat da, eta modaren industria sistematikoki eraldatzeko kanpainak egiten ditu, begirada hornidura-kate gardenagoen beharrean jarrita.

Modaren industrian ingurumenaren arloko kontzientzia bat pizteak duen garrantziaren erakusgarri dira Fashion Revolutioneko datu batzuk. Segundoro, kamioi bete arropa hondakin botatzen da munduko zabortegietara. Gainera, ehun sintetikoz eginiko jantzi batek 200 urte ere behar ditu biodegradatzeko. Jantzigintzako hondakinak gizateriaren erronka handietako bat dira, eta gobernuak, enpresak eta herritarrak hasiak dira mobilizatzen, kudeaketa zail horri aurre egiteko.

Horren aurrean, erakusketak herritarrei erakutsiko dizkie jantzigintzako hondakinen kudeaketak dakartzan arazoak eta ekoizpen-katearen fase horrek ingurumenean eta gizartean daukan inpaktua.

«Zigarrotoi» bat, Surfriderren eskutik

Surfrider España Bioterrarekin kolaboratzen jarraituko du aurten. Alde batetik, Gipuzkoan filmatutako ikus-entzunezko pieza batzuen inguruko eztabaida-saioa antolatuko dute: «Aldaketa olatuak». Gainera, mahaia jarriko dute azokan, bertaratzen direnek erakundeari eta ingurumenarekin lotutako boluntariotzari buruz gehiago jakin dezaten.

Baina aurten lurraldea egingo den ekitaldi handietako bat Zigarrotoia izango da: estatu mailan antolatutako ekimen horretan, zigarrokinak jasoko dituzte zenbait hiri eta herritan. Gipuzkoan ekainaren 1ean izango da, Donostian eta Deban.

Amaitzeko, urteetan elkarlanean aritu ondoren, Surfrider Españak eta Ficoba fundazioak hitzarmen bat sinatu dute, partner izateko. Horrela, erakunde bien arteko harreman ona sendotzen dute, baita elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude