Osasun Bidasoa herri plataformaren helburu nagusia Bidasoako eta Bortzirietako eskualdeetan osasun publikoa hobetzeko lan egiten jarraitzea da. Gauzak horrela, Osasun sailari Bidasoko instalazio sanitarioak hobetzeko hartutako konpromisoak betetzea eskatu dio. Hain zuzen ere, agintari ezberdinekin egindako azken bileretan bilakaera bat ikusi duten arren, oraindik ez dira emaitzak ikusten hasi.
Izan ere, Osasun Sailak Oinaurreko osasun-zentroa eta Irun-Zentrorako eraikin berri bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen. Bestetik, Osasun Bidasoak Bidasoa Ospitalea eraikin erantsi baten bidez handitzeari uko egitea deitoratu du. Gainera, Osasun Bidasoak Irun-Zentroko barrakoiak kentzeko eskatzen du, baita horretarako beharrezkoa den Irungo Udalak utzitako lokala gaitzeko ere. Azkenik, Kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron-zerrenda luzeegi direla salatzen da. Traumatologiari dagokionez, itxaron-zerrenda bikoiztu egin da, eta, batzuetan, 200 egunetik gorakoa izan da; asteko hitzorduen eskaintza, berriz, murriztu egin da (% 43 gutxiago).
Joan den udaz geroztik, Osasun Bidasoa Osasuneko sailburuarekin, Irun eta Hondarribiko alkateekin, Eusko Legebiltzarren Osasun Batzordearekin, Osakidetzaren zuzendari nagusiarekin, Bidasoako ESI gerentearekin eta Osakidetzaren Azpiegituretako zuzendariordearekin bildu da. Bilera horietan aldaketa esanguratsuak ikusi dituzte, eskualdeetarako etorkizuneko osasun-azpiegituren proiektuetan. Plataformatik gaur egungo egoeraren balorazioa egin dute, beren proposamenen arabera.
Bidasoa Ospitalea handitzea
Osasun Sailak gaur egun ospitalearen bigarren solairuan dagoen kirurgia-bloke berria eraikitzea erabaki du. Horretarako, 21 oheko ospitalizazio-unitatea itxi da. Osakidetzaren zuzendaritza eta eskualdeko administrazioa, dagoeneko eraikitzen ari diren ospitaleko aparkalekuaren ondoko eraikin modular batera joango dira.
Osasun Bidasoak, behin baino gehiagotan esan duen bezala, uste du hori ez dela irtenbiderik onena, hainbat arrazoi direla medio. Batetik Martxan dagoen ospitalearen barruan, 3 urte baino gehiago iraungo duten obrek eragozpen handiak eragingo dituzte, bai ospitaleratutako pazienteentzat, bai haien laguntzaileentzat, bai langileentzat. Bestetik, ospitaleko zatirik berriena eraitsiko da, 2011n eraikia eta funtzionamendu-egoera ezin hobean dagoena. Era berean, 1500 metro koadro baino ez dira irabaziko gaur egungo ebakuntza-geletan; ez dira nahikoak ospitaleak behar dituen eta Bidasoarako Osakidetzaren Plan Zuzentzaileak berak onartzen dituen asistentzia-espazioak handitzeko. Azkenik, ez da bermatzen kendutako 21 oheak berreskuratuko direnik. Ohe horiek beharrezkoak dira izurrite edo salbuespenezko egoeretarako erreserba gisa.
Zalantzarik gabe, ebakuntza-gela berriak egungoak baino hobeak izango dira, eta herritarrei arreta kirurgiko hobea ematea ahalbidetuko dute. Osasun Bidasoa plataformaren ustez, ebakuntza-gela gehiago egiteko ahalmen kirurgikoa handitzeak, baina ohe kopurua murriztuta, etorkizunean arazoak ekar ditzake. 1989an inauguratutako ospitaleak sakoneko handiagotzea eta birmoldaketa behar ditu. “Gure ustez, arazoak epe luzera konpontzeko aukera galdu da, erantsitako eraikin bat eraikitzeari uko eginez”, adierazi dute plataformatik. Horrekin batera, gogoratu dute Osakidetzak Zumarragako eta Arrasateko ospitaleak handitzeko eraikin erantsi bana egitea aukeratu duela.
Hobekuntzak Irungo anbulatorioetan
Osasun Sailak Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraikiko duela iragarri du. Obrak 2026an hastea eta 2028an amaitzea aurreikusten da. Osasun Bidasoa pozik dago lorpenagatik, ia 20 urtez luzatu diren bizilagunen eskaeren ondoren, eta Udalak eraikitzeko orubea Osakidetzaren esku utzi zuenetik 10 urte igaro direlarik.
Irun erdialdean anbulatorio berri bat eraikiko dela iragarri da (Bidasoa Institutuko aparkalekuan). Aurreikusten da obrak, Oinaurreko obrak hasi eta 6 hilabetera hasi ahal izango direla, eta, eraikin berria, 2028ko amaieran edo 2029ko hasieran inauguratu ahal izango dela. Irungo Udalak Irun-Zentro anbulategiko gertu dauden lokal batzuk aldi baterako uztea eskaini du, egungo barrakoiak kendu ahal izateko. Osasun Bidasoaren ustez, ezinbestekoa da Osakidetzak utzitako espazioak prestatzea, ezin baita egungo egoera 2029ra arte mantendu.
Osasun Bidasoak proposatu zuen Oinaurreko anbulatorioa eraikitzea Irun-Zentro anbulatorioaren lan-karga arintzeko; behin-behineko espazioak prestatzea; eta anbulatorioaren atzeko patioan 1500 metro karratu eraikitzea. Ondoren, 1954an eraikitako egungo instalazioak birgaitzea proposatu zen. Hala ere, Osasun Sailaren iritziz aukera hobea da eraikuntza berria egitea egungo anbulatorioa birgaitu eta handitu baino.
Lehen Mailako Arretako azpiegiturak hobetzea eta handiagotzea. Osasun Bidasoak proposatu du Lehen Mailako Arretako instalazio berriak diseinatzeko egungo eredua hobetzea, eskuragarriagoa eta lagunkoiagoa izan dadin. Horretarako, ekintza hauek proposatzen dira:
- Kontsulta kopurua eta horien antolamendua dimentsionatzea, miniekipoetan arreta-eredua ezartzeko. Eredu horren arabera, herritar bakoitzak erizain bat eta erreferentziako administrari bat izango ditu, elkarrekin lan egin, eta erabiltzaileak leku egoki batean artatzeko.
- Ospitaleko zenbait espezialista eskualdeko 4 anbulatorioetara arreta ematea.
Oinaurre eta Irun erdialdeko anbulatorio berriez gain, Osasun Bidasoak Dunboako anbulatorioa berritzea proposatu du, hirugarren solairuko zerbitzuak handituz (gaur egun, Osasun Publikoko profesionalak daude bertan). Hondarribian kontsultak zabaltzea proposatzen da (ospitaleko espezialistak kokatu ahal izateko), gaur egun gutxiegi erabiltzen diren Itsasoko Gizarte Institutuaren alboko instalazioen zati bat erabiliz.
Itxaron-zerrenden gorakada
2022az geroztik, Osasun Bidasoak gure eskualdeetako herritarrek pairatzen dituzten itxaron-zerrenda luzeak salatu ditu. Espezialitate batzuetan egoera ez da batere hobetu, eta, beste batzuetan, okerrera egin du nabarmen. Ia ezinezkoa da urologia edo minaren klinikarako hitzordua lortzea. Itxaron-zerrendak ezin dira aurreikusi, eta, batzuetan, urtebetetik gorakoak dira.
Egoera antzekoa da ekografien kasuan, aldi batzuetan izan ezik, zentro pribatuetara bidaltzen direnean.
Traumatologiako itxaron-zerrenda 60-90 egunekoa zen pandemiaren aurretik, eta, gaur egun, 180 eta 200 egun artekoa da. Paradoxikoki, itxaron-zerrendak etengabe gora egin duen arren, hitzorduen eskaintza murriztu egin da. Pandemiaren aurretik, Irun-Zentroko agendan (lehenengo bisitak anbulatorio honetan egiten dira) 160 hitzordu eskaintzen ziren astean. Gaur egun 106 hitzordu baino ez dira eskaintzen. Azalpenik gabe, eskaintza, astean, 54 hitzordutan murriztu da, itxaron-zerrendak gora egin duen bitartean.
Hauek dira Osakidetzak Bidasoa ESIko Lehen Mailako Arretako medikuei aldian-aldian ematen dizkien itxaron-zerrendak. Zehazki, 60 egunetik gorakoak itxaronaldia duten espezialitateak biltzen dira, 2025eko urtarrilaren 24ko datuetan oinarrituz, itxaron-denbora handienetik txikienera ordenatuta
- Traumatologia: 199
- Dermatologia: 115
- Errehabilitazioa: 103
- Otorrinolaringologia: 66
- Kolonoskopia: 68
- Gastroskopia: 66
- OTA: 63