Iaz zinema zikloak izan zuen arrakastaren ondoren, aurten familiek 10 filmez osatutako programaz gozatzeko aukera izango dute urritik abendura bitartean. Jon Ugarte, Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuko ordezkariak, “Zinema haur eta gazteentzat” zinema zikloa aurkeztu du gaur Ocine Mendibil zinemetan.
Ugartek ekimen honen helburua “Irungo familien artean euskarazko kultur kontsumoa sustatzea” dela gogorarazi du eta era berean, familiak zinemaren magiaz gozatzera gonbidatu ditu. Tartean, Alan Giza Antena, Museoaren Zaindariak edo Elkano Lehen Mundu Bira filmez gozatzeko aukera izango dute. Saio guztiak doakoak izango dira eta Ocine Mendibil zinemetan izango dira.
Doako sarrerak, baina arduraz
Interesa duten pertsona guztiek, asteburu horretako emanaldiei dagozkien sarrerak asteleheneko 14.00etatik ostiraleko 14.00ak arte eskuratu ahal izango dituzte Irungo Udaleko atarian. Ostiralean banatu ez diren sarrerak leihatilan egongo dira eskuragarri asteburuan, proiekzioa hasi baino ordu erdi lehenago, 15.30etan alegia.
Antolatzaileek gogorarazi dute pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera hartu ahal izango dituela, eta “arduraz jokatzeko” deia egin dute, sarrerak hartzerakoan: “Familiei eskatzen zaie soilik erabiliko dituzten sarrerak hartzeko, eta azkenean ezin badira bertaratu, zinema-aretoetako leihatilan abisatzeko edo euskara@irun.org helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko eskatzen diegu”, azaldu dute.
Jarraian, programa osorik. Saio guztiak 16:00etan hasiko dira.
- Urriak 26: Alan Giza Antena
- Urriak 27: Central Parkeko Heroiak
- Azaroak 9:Lagunak erreskatera
- Azaroak 10: Museoaren zaindariak
- Azaroak 16: Boo Kwai eta museoaren lapurreta
- Azaroak 17: Deep Sea. Sakontasunera bidaia
- Azaroak 23: Robotia
- Azaroak 24: Elkano. Lehen mundu bira
- Azaroak 30: Liztor kapitaina
- Abenduak 1: Barraskiloa eta balea