Garaipenarekin ekin dio Bidasoa Irunek denboraldiaurreari

Bidasoa Irunek garaipena lortu zuen Helvetia Anaitasunaren aurka jokatutako partidan (26-31). Talde irundarrak Javi Campo bigarren entrenatzaile bidasotarraren gidaritzapean jokatu zuen, Álex Mozas lehen entrenatzailea berriki aita izan delako. Irundarrek talde nafarra gainditu zuten denboraldiaurre honetako lehen partidan Lekunberriko Udal Kiroldegian 200 ikusle ingururen aurrean.

Bidasotarrek, Asier Iribar, Gey-Emparan eta Pachecoren bajekin, aurkariarekiko aldea ireki zuten partidaren lehen minutuetan. Talde tekniko berriarekin taldeak erritmoa eta forma hartu behar du eta emaitza ez zen hain garrantzitsua. Hala ere, irundarrak aldeak handitzen joan ziren partida osoan zehar, sei tantoko aldea lortuz lehen zatian eta zazpikoa bigarren 30 minutuetan. Azkenik, markagailua 26-31rekin itxi zen.

Bidasoa Irunen hurrengo hitzordua abuztuaren 16an, ostiralean, eta 17an, larunbatean, izango da, Donostian jokatuko den Egiako Nazioarteko XXIX. Txapelketan. Finalerdietan Helvetia Anaitasuna izango da berriro (20:00etan). Bigarren jardunaldia BM Logroño La Rioja edo Limoges Handball taldeen aurka izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude