Irungo Udaleko Obra arloak hiriko hainbat tokitan argiteria publikoa hobetzeko egingo diren lanen berri eman du. Argi-kutsadura eta energia-kontsumoa murriztea da helburua, baita jardungo den eremuetan argiztapen gehiago izatea ere. Proiektu hau Partaidetzazko Aurrekontuetatik sortu da, eta, guztira, 536.190,33 euro erabiliko dira gauzatzeko.
Jon Ugarte Obretako ordezkariak adierazi duenez, “hobekuntza hauek hiri berdeago eta seguruago bat sortzen laguntzen digute. Kutsadura murriztea lortuko dugu, eta, aldi berean, hiriko argiteria hobetzea. Nahiz eta proiektu handia ez izan, nire ustez horrelako jarduketak oso garrantzitsuak dira Irun hiria hobetzeko. Hain zuzen ere, jarduketa hau Partaidetzazko Aurrekontuetan jasota dago”.
Guztira, 7 dira jarduketa hauek egingo diren tokiak: Elizatxo hiribidea, Jose Maria Franco kalea, Auzolan kalea, Auzin Zuloa ibilbidea, Dunboa, Erlaitz eta Enkantia, Artiaga ibilbidea, Juan Thalamas Labandibar kalea eta Santa Margarita ospitalea kalea.
Gaur egungo luminaria aldatu eta LED motako luminaria jarriko da. Era berean, hala behar duten tokietan, argi-puntu berriak jarriko dira, edo egungoak ordezkatu, argiztapen-mailak hobetzeko. Kableatu elektrikoaren zati bat berritzea ere aurreikusten da. Lanak egiteko epea 6 hilabetekoa da.
Argi gehiago kostu txikiagorekin
Proiektu horren bidez, egungo egoerarekin alderatuta, energia-kontsumoa % 52,97 murriztea lortuko da. Gainera, eremuak hobeto argiztatzen dira, eta, hala, gauez segurtasun handiagoa izango da. Horrela, energia-kontsumo txikiagoarekin argi-puntu gehiago eta argiztapen hobea lortzen dira.