Gaur amaituko da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketan izena emateko epea

Azaroaren 22an, larunbatean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa egingo da Irunen. Lehiarako tokia Palmera-Montero guneko 2. aretoa izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez,  30 lagun baino gehiagok eman dute izena dagoeneko. Hain zuzen ere, gaur amaituko da bertan izena emateko epea, beraz, lehiatu nahi dutenek, galdetegi hau bete beharko dute.

Iaz martxan jarri zen berriro  Euskal Herri osoko denborapasazaleak biltzen dituen ekitaldia hau. Aurtengoa azaroaren 22ko goizean egingo da, 09:15ean hasi eta 13:00etan bukatuko da. Proba guztiak jokatu ondoren, Irungo EKT elkartean bazkaria egingo dute hala nahi dutenek. Txapelketaren egunean bertan bost euro ordaindu beharko dituzte lehiaketako parte-hartzaileek, eta bazkarirako 20 euro.

Aurtengo nobedadeak

Hitz Gurutzatuen Txapelketak ohiko esentzia mantenduko badu ere, berritasun ugarirekin heldu da aurtengoa. Batetik, luxuzko bi babesle izango ditu: Alberdania argitaletxea eta Eusko Label fundazioa. Horien eskutik sari bereziak egongo dira. Bestetik, iazko hiru finalisten ordez, aurten sei lagun lehiatuko dira azken proban. Joxan Elosegik dagoeneko prest ditu hiru probak, eta zenbait buruhauste sortuko dituzte parte-hartzaileen artean, zalantzarik gabe.

Egunean behin-eko lagunek emandako laguntza ere aipatzeko modukoa da. Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa aplikazioko babesle izan baita azaroan eta probatxo batzuk prestatu ditu egunero jolasari minutu bat eskaintzen dioten milaka lagun horientzat.

Era berean, Irungo Udalaren laguntza ezinbestekoa izan dela aipatu dute, aurten ere, txapelketa aurrera eraman ahal izateko.

Sariak jokoan

Txapelketaren egunean sei sari banatuko dira dirua eta Alberdaniako bonuak jasoz, eta guztira 1200 euro jokatuko dira: lehen postuak 400 € eta txapela eskuratuko ditu; bigarrenak 300 €; hirugarrenak 200 €; laugarrenak 150 €; bosgarrenak 100 €; eta seigarrenak 50 €. Sari guztiek, gainera, Alberdaniako bonua izango dute gehigarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude