
Martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan elkarteak, ‘Gorputzak astindu!’ jardunaldia antolatu dute martxoaren 7rako. Jardunaldi honetan prestakuntza, erritmo elektronikoak eta zuzeneko musikaren indarra uztartuko dira. Bestetik, Martindozenea eta Artia gaztelekuetan tailer bereziak egingo dira egun horretan bertan.
Martxoak 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan elkarteak, ‘Gorputzak astindu!’ izenburupean, ekitaldiz beteriko jardunaldia antolatu du datorren martxoaren 7rako, larunbata, prestakuntza, erritmo elektronikoak eta zuzeneko musikaren indarra uztartuko dituena.
Ospakizuna hiriko bi eszenatokitan zabalduko da, irundar gazteentzat lehen mailako hiru proposamenekin, dancehall masterclass batekin, Aixiba Coroma tokiko koreografoarekin, Celia Carrera DJarekin eta Ketekalles talde kataluniarrarekin. Gainera, nerabeek sormen tailerretan parte hartu ahal izango dute Gaztelekuetan.
Aixiba Coromaren masterclass-a
Aixiba Koroma koreografo eta interprete irundarrak, Jamaikan eta Sierra Leonan sustraiak dituen nazioarteko erreferenteak, dancehall masterclass batekin emango dio hasiera arratsaldeari, 18:00etan, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko IrekiART aretoan, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Shaggy edo Koffee bezalako kondairekin agertokia partekatu ondoren, Koromak dancehall-a eta erritmo afroak adierazpide eta energia gisa erabiliko dituen saio paregabea eskainiko du. Masterclass honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da irun.org/gazteartean webgunean.
Musika Urdanibia Plazan
Aldi berean, 18:00etan, Urdanibia Plaza (Ospitale Zaharra) dardarka hasiko da Celia Carreraren musika hautaketarekin. Iruñean bizi den Kantabriako DJak proposamen eklektiko bat ekarriko du bass, techno eta house estiloen artean, eragin britainiarrekin, BIME edo Dantz bezalako jaialdietatik igaro ondoren sortzen ari den figura sendoenetako bat zergatik den erakutsiz.
Gaueko 19:30etan Ketekalles emanaldia izango da. Rumba, rap, rock eta hip-hop doinuak uztartzen dituen talde bartzelonarrak bere proposamen lehergarria aurkeztuko du. Laugarren diskoko singleak kaleratzeko prozesuan, Ketekallesek “askatasun eta kolektibitate” gune bihurtuko du plaza, eta feminismoa eta identitatea bezalako gaiak jorratuko ditu bere hitzetatik.
Martxoak 8ko jardunaldi hau, Irunen, ez da soilik musika-ekitaldien segida bat; historikoki maskulinizatuta egon diren diziplinetako (hala nola ekoizpen elektronikoa edo hiriko soinuak) emakumezko talentu gaztea eta askotarikoa ikusaraztearen aldeko apustua da. Koromaren erraietako dantzatik hasi eta Ketekallesen oihu sozialeraino, ekitaldiak komunitate osoarentzako aterpea eta ospakizuna izatea bilatzen du. Egun horretan, Martxoak 8rako bereziki diseinatutako pegatinak ere banatuko dituzte Sarah Grandes, Maialen Arocena eta Miriam Loidik sortuak.
Martxoaren 8a Gaztelekuetan
Bestalde, Martindozenea Gaztelekuak ilustrazio lehiaketa antolatu du 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat martxoaren 7an, 17:30ean. Egun eta ordu berean, Artia Gaztelekuan, nerabeek Martxoak 8ko giltzatakoen tailerra izango dute.



