Irungo Udalak, Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomiko arloaren bitartez, tokiko merkataritza bultzatzen eta merkatariak trebatzeko 7 ikastaro antolatu ditu. Tailerrak Commerce Lab-en emango dira (Serapio Mugica kalea, 8), urrian eta azaroan, eguerdiko ordutegian. Interesatutako pertsonek promocioneconomica@irun.org helbidera idatzi ala 943 50 53 37 zenbakira deitu beharko dute.
Askotariko prestakuntzak emango dira, alor desberdinekoak, batzuetan alderdi teknologikoagoak ukituko dira, argazkigintza edo salmenta-puntuaren hobekuntza beste batzuetan, eta interiorismoa edo erakusleihoen apainketa edo gaitasun pertsonalen lanketa ere bai. Helburua tokiko merkataritzari tresna eta aholku berriak eskaintzea da, produktua hobetu eta bultzatzeko, kontsumo-ohituren aldaketetara egokitzen jarraitu ahal izateko eta, horrela, sektorean lehiakorrak izaten jarraitzeko.
Halaber, azpimarratzekoa da ikastaro horiek emateaz arduratuko diren guztiak irundarrak izango direla: Fernando Vergarak argazkilaritza tailerra emango du; Marina Zayasek merkataritzako lokalen diseinua eta hobekuntza estetikoa; Ibon Irastorzak merkataritzan dagoen giza faktorea aztertuko du; eta Mario Echevarriak erakusleiho-apainketa eta paketeria izango ditu ardatz.
Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariaren hitzetan, “Commerce Laben sorrera inflexio-puntua izan da tokiko merkataritzarentzat. Kontsumo-ohituren joera-aldaketaz jabetu gara beti, eta gure merkataritza-sareari lagundu nahi diogu garai berri horietara egokitu dadin, gure saltokiak indartu eta modernizatzeko tresnak eta ikastaroak eskainiz, Irun tokiko merkataritza-berrikuntzaren abangoardian jar dadin “.
Prestakuntza-sorta
Urriak 14an, asteartean, 13:30etik 15:00etara Irun market, lehen lerroan tailerra emango da, Badoa elkartearen eskutik. Irun market plataformari atxikita ez dauden saltokiei zuzenduta egongo da, zalantzak argitzera eta praktika onak aztertzera bideratuko da.
Urriaren 16an, asteazkenean, Commerce Lab-en Irun market plataformari atxikitako saltokientzako saio praktikoa, plataformaren funtzionamenduari buruzko ezagutzak indartzeko eta zalantzak argitzeko. Tailerra 13:30etik 15:00etara izango da, bigarren hau ere Badoa elkarteak gidaturik.
Urriaren 20an eta 21ean, eta azaroaren 4an eta 6an Fdefotoko Fernando Vergara argazkilariak argazki tailerra eskainiko du Commerce Labean 13:30etik 15:30era. Prestakuntza teoriko-praktikoa izango da, argazkigintzari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko eta Commerce Lab espazioan eskuragarri dauden ekipoak erabiltzeko.
Urriaren 22an, asteazkenean, Marina Zayasek 13:30etik 15:00etara diseinua eta estetika hobetzeko ideiak emango ditu, dendetako barne eta kanpoko diseinuaren garrantziaz lehen hurbilketa, eduki teorikoak eta praktikoak konbinatuz.
Urriaren 28an, asteartean, Mario Echeverriak erakusleihoen apainketa landuko du Gabonetako kanpainara begira. Gabonetako dekorazioan azken joerei buruzko hitzaldia, eta erakusleihoak urte sasoi honetara egokitzeko aholku praktikoak emango dira.
Urriak 29, eta azaroak 5, 12, 19 eta 26an Ibon Irastorzak 13:30etik 15:00etara Giza faktorea merkataritzan duen garrantziaz mintzatuko da. Merkatarien artean pertsonen arteko trebetasunak indartzeko, bezeroaren esperientzia hobetzeko eta tokiko saltokien arteko lankidetza sustatzeko ikastaroa izango da.
Urriaren 30ean, ostegunean, Mario Echeverriak paketeria espres gabonetan izeneko tailerra gidatuko du. Gabonetako kanpaina dela eta, bilgarriak eta paketeak aurkezteko modu berriak ezagutzeko tailer praktikoa proposatzen du.
0KMko prestakuntza
Ibon Irastorza publizitate eta marketin komertzialaren arloan 20 urte baino gehiagoko esperientziaren ondoren, gaur egun, Ibonek, Giza Faktorea proiektua garatzen du, ongizatearen psikologia bezalako alderdiak biltzen dituena. Kontsulta pertsonalaz gain, ikastaroak eta mintegiak egiten ditu enpresaren eta merkataritzaren eremuan giza faktoreari eta adimen emozionalari buruz.
Marina Zayas Ingeniaritza Elektrikoa ikasi zuen eta denborarekin bere benetako pasioa aurkitu zuen. Argiztapen Diseinua eta Dekorazioa. Arlo horretan espezializatu ondoren, ingeniari eta irakasle aritu zen Lanbide Heziketako hainbat eskolatan. Aldi berean, hala ere, bere alderik artistikoena bultzatu zuen, argiztapena diseinatzea eta espazio korporatibo desberdinak apaintzea. Gaur egun, estudioa eta denda ditu Irungo Santiago kalean. Bertan, bere proiektuetarako eta bezeroarekin harremanetan jartzeko lantokia izateaz gain, berak diseinatutako pieza batzuk aurki daitezke, baita bertako artisten salmenta-gune bat ere.
Fernando Vergara hainbat urtez argazkigintzan aritu ondoren, ekitaldietako irudiak islatuz, hala nola ezkontzak, jaunartzeak edo estudioko argazkiak eginez, gaur egun FdeFotoren bidez produktuaren argazkigintzari eskainitako lerro bat garatzen du, irudiaren bidez profesionalen eta enpresen negozioa bultzatzera bideratua, eta nabarmentzekoa da produktuetarako 360º argazkigintza, online salmentara zuzendua.
Mario Echevarria barne-diseinu komertzialean esperientzia handia duen profesionala, erakusleiho-apaintzaile gisa. Era berean, nabarmentzekoa da erakusleihoen eta interiorismoaren esparruan ikastaro ugari eman dituela, eta Irungo saltokientzat hainbat gairi buruzko erakusleiho-apainketako ikastaroak ere bai, adibidez, Dies Oiassonis Erromatar Jaialdia egiten denean antzinako erroman oinarritutako erakusleihoak, edo, berriena, joan den maiatzean hiriak hartu zuen eskubaloiko Errege Kopako finalari lotutakoa.



