Irun eremu gorrian sartu da 14 eguneko 100.000 biztanleko tasan 599,59ko kopurura iritsi ostean. Urtarrilaren 25ean, astelehenean Osasun Sailak Koronabirusaren egoera epidemiologikoaren datuak gaurkotu ditu urtarrilaren 23 eta 25eko datuekin. Zehazki, 88 kasu positibo berri antzeman dira hirian azken 3 egunetan.
Zerrenda hori astelehenero eta ostegunero berritzen da. Koloretako semaforoaren arabera eremu gorrian dauden hiri eta herrietan lana arrisku handieneko zonaldeak dira. Eremu horietan lana, ikasketak eta osasuna dira udalerritik ateratzeko arrazoiak. Ondorioz, bihartik aurrera taberna, jatetxeak eta apustu etxeak itxi beharko dira Irun eremu gorritik atera arte eta etxerako banaketa zerbitzua eskaintzea izango da ostalaritza establezimenduentzako aukera bakarra.
Hala ere, eremu gorrian egon ez arren, gaurtik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiak itxita daude eta bilerak 4 pertsonara mugatu dituzte eremu publiko zein pribatuetan. Indarrean dauden beste neurrien arabera etxeratze agindua gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara indarrean egongo da. Bestetik, denda eta kultur jarduerek 21:00etarako itxi edo amaitu beharko dira . 150 metro karratutik gorako saltokietan edukiera % 40koa izango da eta saltoki txikiagoetan, aldidz, % 60koa. Ekitaldi kultural eta sozialetan edukierak ere murriztuta daude, kultu zentroetan edukiera % 35ekoa delarik. Musika edo ahots emanaldiak zein entseguak bertan behera geratuko dira.
Irungo Udalaren adierazpena
Argitaratu berri da Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariaren Ebazpena, 44/2020 Dekretuan eta haren ondorengo aldaketetan aurreikusitako neurriak aplikatzeak eragingo dien udalerrien zerrenda zehazten duena.
Horren arabera, Irun azken 14 egunetan kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino handiagoa duten udalerrien artean dago. Zehazki, eta argitaratutako azken datuen arabera (urtarrilak 25-urtarrilak), Irungo Covid-19 kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 599 kasukoa izan da 100.000 biztanleko. Testuinguru horretan, udalerrian ondorengo prebentzio neurri osagarri hauek aplikatu behar dira:
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak ixtea
- Joko eta apustu establezimenduak ixtea
- Taldeko edozein kirol-jarduera mota etetea, bai entrenamenduan, bai lehiaketan.
Salbuespenak: lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan antolatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egitea, aire zabalean eta gehienez 6 pertsonako taldeetan.
Onartutako ebazpena bihartik, urtarrilak 26, asteartea, 00:00etan sartuko da indarrean, eta indarrean jarraituko du harik eta beste ebazpen batek ordezten duen arte, baldin eta Irungo emaitzak berriz ere 100.000 biztanleko 500 kasutik beherakoak badira.
Berriro ere, ezarritako neurriak betetzen jarraitzera deitu du Irungo Udalak, eta, murrizketa berriez gain, funtsezko gakoak gogorarazi ditu, hala nola une oro maskara erabili behar izatea, eskuak behar bezala garbitzea, pertsonen arteko distantzia kontrolatzea eta jende pilaketa handirik sor ez dadin finkatutako edukierak errespetatzea.