“Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)” irabazi du 16. J.A. Loidi beka

Irungo Udalak Euskara Arloaren bitartez deitzen duen J.A. Loidi ikerketa bekaren hamaseigarren edizioa eskuratu du Adrian Hugo Aginagalde Llorente mediku donostiarrak aurkeztutako “Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)”  lanak.

Ikerlanaren aurkezpenean Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria den Miren Echevestek aipatu zuen “Jose Antonio Loidi Ikerketa bekak omenaldi bat izan nahi duela adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat eta, beste alde batetik, euskarazko ikerketa suspertu eta bultzatu nahi ditu hainbat esparrutan: antropologian, filologian, toponimian literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan, hain zuzen”.

Ordezkariak azaldu zuen, 2023ko beka-deialdiari erantzunez, hiru proiektu aurkeztu zirela: “Sakanako baselizak XXI. mendean” Jose Luis Erdozia Mauleonek aurkeztutakoa, “Irunen euskara sustatzeko herri-ekimenen azterketa: ezinak identifikatzen” Maider Ugarte Garbizuk aurkeztutakoa eta “Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)”, Adrian Hugo Aginagalde Llorentek aurkeztutakoa, lan irabazlea. Esleitutako ikerketa-lanak 12 hilabete iraungo du eta 9.000 euroko zuzkidura izango du.

Adrian Aginagaldek azaldu zuenez “Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)”  izeneko ikerketa proiektuaren helburua da XVII., XVIII eta XIX. mendeetako gerra eta epidemien ondoriozko hilkortasun-krisiek Irun eta Bidasoaldeko biztanlerian izan zuten inpaktu demografiko eta soziala aztertzea.

Lan honek Irun bezalako mugako herri batean nazioarteko gerra-fenomenoek izan duten eragina aztertu nahi du, hala nola Ondorengotzaren Gerra (1701-1713), Aliantza Laukoitza (1717-1720), Konbentzioa (18793-1795), Independentzia (1808-1814), San Luisen Ehun Mila Semeen Espedizioa (1823) eta Karlistadak (1833-1840 eta 1872-1876), eta tifus (1793-1795 eta 1808-1809 eta 1812-1814), gripe (1709-1711, 1847-1848 eta 1889) eta kolera (1833-1834, 1854-1855 eta 1885) izurriteek; halaber, jatorrizko heriotza-krisiei erantzun berriak bilatu nahi izan gabe ere.

Horretarako, ikertzaileak ikerlan demografiko eta epidemiologiko bat egingo du eta, besteak beste, honako iturriak erabiliko ditu: sakramentu-erregistroak, populazio-zentsuak, instituzioetako dokumentazio historikoa, gerrako memoriak, bibliografia…

Ikertzailea

Adrian Hugo AGINAGALDE LLORENTE Donostian jaio zen 1989n. Medikuntzan lizentziatua da, Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan sendagile espezialista, bi master ere dituelarik, bata Osasun Publikoan eta bestea, Zientziaren eta Komunikazio Zientifikoaren Historian.

Unibertsitatean irakasle da eta Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko ikertzailea (EHU). Konbentzio (1793-1795) eta Independentzia Gerran zehar Gipuzkoan izandako tifus epidemiak izan dira bere ikerketa lerro nagusiak, eta 1709-1711, 1847-1848 eta 1889 gripe epidemiak eta 1855eko kolera izurriteei buruzko lanak zuzendu ditu. Epidemien historiari buruzko hemezortzi azterlanetan parte hartu du eta, halaber hainbat argitalpen ditu: liburuak, artikulu teknikoak, dokumentu zientifikoak eta abar. Hitzaldi eta kongresuetan ere ibili da.

2020an, “Irun, San Martzialeko guduak eta epidemiak” izeneko kapitulua argitaratu zuen San Martzialeko Batailaren V. Mendeurrena Fundazioak 2019an Irunen antolatutako Osasun Historiari buruzko Jardunaldiei buruzko liburuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude