Hiriko autobusen flota osorik elektrifikatzen duen Euskadiko lehen udalerria da Irun. Hala jakinarazi dute Cristina Laborda Irungo alkateak eta Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak Ficobako kargagune elektrikoan. Biek ala biek aipatu dute Irun berriz ere aitzindari dela hiriko mugikortasun jasangarrian, 2019an bezalaxe, orduan ere autobus elektrikoen linea bat zeukan Euskadiko lehen hiria izan baikinen.
Orain autobus elektrikoak sartu dira L3 eta L4 lineetan eta, lehen aldiz, emisiorik gabeko ibilgailu elektrikoekin funtzionatzen dute Irunbuseko linea guztiek. Ondorioz, guztiz jasangarria den garraio- eta mugikortasun-eredu bat lortu da, eta flota guztia elektrifikatzeko prozesua amaitu.
2018an hasitako prozesua
Aipagarria da elektrifikazio prozesua 2018an hasi zenetik, Irungo Udalak 9.500.000 euro inguru inbertitu dituela. Zehazki, % 100 elektrikoak diren hiru autobus elektriko berri jarri dira martxan, bederatzi metrokoak. Prezioa 1.760.550 euro izan da, eta kargatzeko sistemarena, 174.240 euro. Bederatzi metroko ibilgailu berriek 15-20 aulki izango dituzte, modeloaren arabera, eta gurpil-aulkiak kabitzeko lekua izango dute.
Alkatearen hitzetan, «beti esan dugun moduan, ezinbestekoa da hirian garraio publikoa sustatzea. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatuta, hiriko autobusen flota % 100 elektrifikatu duen Euskadiko lehen udalerria gara. Aitzindari gara, baina ez dugu horretan gelditu nahi. Izan ere, lorpen hau erreferentzia bat izango da aurrera egiten jarraitzeko, beti hiriko mugikortasun jasangarriaren alde».
Gainera, hasieratik guztiz elektrikoa izango da 5. linea, etorkizunean Ficoban, Mendibilen, erdigunean eta Lapitzeko goiko aldean zerbitzua emango duena. Bestalde, uda baino lehen Udalak Irizarren beste autobus bat jasoko du, 1. eta 2. lineen erreserba-lanetarako. Horrez gain, maiatzeko osoko bilkuran beste ibilgailu elektriko bat erosteko kreditu-aldaketa onestea aurreikusten da.
Karga-sistemei dagokienez, bi metodo erabiltzen dira hirian: autobusak azkar/noiznahi kargatzekoa eta autobusak poliki/gauean kargatzekoa. Gaur egun, autobusak azkar/noiznahi kargatzeko bi puntu eta autobusak poliki/gauean kargatzeko bat daude Irunen (Zaisan, ospitalean eta suhiltzaileen parkean), Azken kontratu honen bidez, Ficoban instalatzeko laugarren karga-sistema bat erosi da. Bertan, hiru autobus kargatu daitezke aldi berean.
Ekipamendu ontziratua digitalizatzea eta modernizatzea
Irunbuseko zerbitzuko autobusen ekipamendu ontziratuak, 450.000 euro inguruko prezioarekin, erabiltzaileen esperientzia hobetuko du, garraio publikoa irisgarriago egingo duelako eta efizientzia hobetuko duelako. Horretarako abiarazi den modernizazio-proiektuaren bidez, ticketing sistema berritzaile bat instalatuko eta mantenduko da hiriko autobusetan, baita informazio dinamikoa emateko panel batzuk ere.
Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak azaldu duenez, «autobus berriek irudiak hainbat angelutatik har ditzaketen bideozaintzarako kamerak dituzte, erabiltzaileak seguruago daudela bermatzeko. Gainera, beldur-egoeretarako edo larrialdietarako botoi bat ere badaukate».
Proiektuan sartzen da ibilgailu guztietan punta-puntako ekipamendu teknologikoa sartzea, erabiltzaileentzako erosotasuna eta efizientzia areagotuta. Hobekuntza hauek txertatu dira, besteak beste: Bideozaintza-kamerak, autobusen segurtasuna handitzeko, beldur-egoeretarako eta larrialdietarako botoia, ticketing sistema ontziratua, itsuentzako megafonia sistema eta interneteko konexioa (wifi), informazio-panelak geltoki estrategikoetan, erabiltzaileei zerbitzuaren inguruko datuak emateko denbora errealean eta azpiegitura teknologikoa kotxeretan: ekipamendua konfiguratzea, datuak kargatzea eta ekipamendua zabaltzea autobusen instalazioetan, biltegiratze-zerbitzariak, PCak eta wifi sarea barne hartuta.
Proiektu honek aurrerabide nabarmena dakar garraio publikoaren modernizazioan, eta ekarpen handia egingo du herritar guztientzako mugikortasun efiziente, konektatu eta irisgarriago bat lortzeko. Gainera, ekipamendu berri hauei esker, aurki MUGI birtuala erabiltzeko aukera izango dugu.
Irunbus, marka guztiak hausten
Datuei dagokienez, Irunbusek 2.067.164 erabiltzaile izan zituen 2024an linea guztiak batuta. Horrela, historian lehen aldiz, bi milioi bidaiarien langa gainditu du. Gainera, nabarmentzekoa da 2023rekiko igoera, % 6,77 erabiltzaile gehiago, 161.000 bidaiari gehituta urte hartan erregistratutako 1.905.434ri.
NextGenerationEU funtsak
Autobusen guztizko elektrifikazioa eta ekipamendu ontziratuaren hornidura Europar Batasuneko Next Generation EU funtsek finantzatu dute, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Hain zuzen ere, funts horiei esker, Udalak autobus flota osorik elektrifikatzeko jarri zuen epea hiru urte laburtu da, Udalak 2028rako aurreikusi baitzuen prozesu hori burutzea.