
Irun’go Atsegiña Elkarteak zaharberritzeko eta berritzeko prozesu historiko bat burutu du, zortzi buruhandi berri sortuz. Horrela, elkarteak Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren funtsa eta distira berreskuratzeko proiektuari jarraipena eman dio. Buruhandi berriak Irungo jaiak baino lehen aurkeztea aurreikusten da, jai-ondare baliotsu horren berreskurapenaren zati gisa.
Ekimen honek 2017an erraldoien zaharberritzearekin hasitako asmo handiko proiektu baten amaiera dakar. Aurretik erraldoiekin egin bezala, Eskuartean tailer ospetsuan egin dira buruhandiak berreskuratzeko lanak, jaietako irudigintzaren zaharberritzean adituak baitira. Horretarako, dokumentazio eta ikerketa prozesu zorrotza jarraitu du. Buruhandi hauek 1897an sortu eta 1902an erraldoiekin batera Irunera iritsi ziren, Aquilino Rodriguezek erosita. Jatorrizko itxura itzultzeko asmoz, artisauak ahalik eta modu leialenean ari dira jatorrizko diseinuak kopiatzen, XX. mende hasierako irudietan oinarrituta.
Orain arte hamarkadetan zehar herritarrek ezagutu dituzten beste buruhandiak beren denboraren testigantza gisa gordeko dira, adituek iradoki baitzuten zaharberritzea ez zela bideragarria, eta zalantzak zeudela Konpartsaren jatorrizkoak ote ziren. Egoera horren aurrean, elkarteak bere esentzia berreskuratzeko erabakia hartu zuen figura berriak sortuz, bere estetika tradizionala errespetatuz eta Irungo kaleetan bere etorkizuna bermatuz.
Antzinako ondarea berreskuratuz
Proiektu honek, hiriko kulturan eta historian inbertitzeaz gain, Irun’go Atsegiñak jai ondarearen zaintzarekin duen konpromisoa indartzen du. Elkartetik adierazi dutenez, “Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Irungo kultura-nortasunaren funtsezko zati bat da, eta presentzia nabarmena du bere jai eta ospakizunetan, eta urrats hori mugarri bat da etorkizuneko belaunaldientzat”.

Buruhandi berrien aurkezpen ofiziala ekitaldi berezia izango da, eta egiteko modua isilpean gordeko da; horrela, herritarrentzat ezusteko handia izango da. Gainera, berrikuntza honekin, buruhandiek, askotan erraldoien aurrean bigarren mailan geratu direnak, konpartsaren barruan dagokien protagonismoa berreskuratzen dute, tokiko folklorearen funtsezko zati bat direla gogoraraziz. Irun’go Atsegiña Elkartetik gogoratu dutenez, “irudi horiek, adierazkortasunarekin eta publikoarekiko hurbiltasunarekin, funtsezkoak izan dira beti haurrekiko eta adinekoekiko elkarreraginean, herritarrek jaiekin duten lotura emozionala indartuz”.
Proiektu honen amaierarekin, Irun’go Atsegiña Elkarteak erraldoien zaharberritzearen hasieran ezarritako helburua betetzen du: konpartsa bere osotasunean berreskuratzea, bere distira eta etorkizunerako babesa bermatuz. Irun’go Atsegiña Elkartetik azaldu dutenez, “ahalegin horrek, tradizioa biziberritzeaz gain, Irungo kultura-nortasuna indartzen du, ondare baliotsu horrek kaleetan eta hiriaren bihotzean bizirik jarraituko duela ziurtatuz”.



