Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Administrazio Digitaleko ordezkariak prentsaurreko bat eman du gaur Irungo Udaleko Batzorde Aretoan, 2023ko udal-webgunearen balantzea aurkezteko. Urteko zikloa 1.516.224 bisitarekin amaitu du. Zifra historiko horrek nabarmen gainditzen ditu 2022ko zifrak (1.234.224 bisita). Horrek esan nahi du azken urtean % 23ko hazkundea izan duela, eta kopuru horiek 2020an berritu zirenetik izandako zifra altuenetan kokatzen du.
Miguel Ángel Páez ordezkaria pozik agertu da albistearekin, eta zera azaldu du bisiten gorakada horretaz, “webgunean ostatatzen diren edukien arrakastaren isla da, kalitatezko edukiak direlako eta herritarrentzat garrantzitsuak direlako”. Edukiez gain, badira beste alderdi batzuk ere, hala nola webak eskaintzen duen erabilgarritasuna, erosotasuna edo nabigazio-abiadura, eta horiek ere azaltzen dute bisiten kopurua igo izana, ordezkariak adierazi duenez.
Udalaren webgunea
Udalaren webgunera egindako bisiten kopuruak gora egin du, eta, ondorioz, iaz bisitatutako orrialdeen kopuruak ere gora egin du. Guztira, 3.894.401 orrialde bisitatu dira, eta horrek esan nahi du udal-webgunean erregistratutako sarbide bakoitzean 2,6 orri bisitatu direla. Hala eta guztiz ere, egunean 4.154 bisita jaso dira, batez beste. Ostiraletan erregistratu da jarduera gehien, eta gehienak eguerdiko 12:00etatik 13:00etarako ordu-tartean. Ekainean izan da jarduera gehien udalaren webgunean, udalak irismen handiko hainbat kanpaina eta ekimen egin dituenean.
Gaika, 2023an, honako hauek izan dituzten bisit gehien: Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak eta egoitza elektronikoak (bistaratutako orrialde guztien % 28), Kirolak (% 18), Gazteriak (% 11), Gizarte Zerbitzuek (% 7) eta Kulturak (% 3).
Eduki, funtzionaltasun eta zerbitzu berriak
Gainera, 2023an, udalaren webguneak egiturazko eta funtzionaltasuneko berrikuntza garrantzitsu batzuk ere sartu ditu, esaterako, kultura- eta aisialdi-agenda hobetu ditu, gai-eremu eta espazio fisiko erabilgarri guztien ikuspegi integratua eskaintzeko. Halaber, Udaleko Osaera Politikoari buruzko atala berriz diseinu eta eguneratu egin du, dinamikoa izan dadin.
Gaikako bi atal berri ere sartu dira helbidean, Agenda 2030 ezagutarazteko eta Udalak GJHak nola aplikatu dituen jakinarazteko, eta baita Next Generation Funtsak eta funts horiekin batera finantzatuta hirian gauzatzen ari diren proiektuak ezagutarazteko ere.
Egoitza elektronikoa
Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako arloak azaldu duenez, azken urtean, guztira, 24.898 izapide egin dira Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez. Horrek adierazten du, % 11,5eko atzerakada izan duela, 2022. urtearekin alderatuta. Egoitza Elektronikoaren jardueraren beherakada horren arrazoi nagusia da desagertu egin direla udal-kiroldegietako abonamenduen eta jardueren kudeaketarekin lotutako izapideak. 2023an, maiatzetik aurrera, instalazio horiek kudeatzen dituen enpresa esleipendunaren webgunearen bidez egin dira.
Nolanahi ere, Egoitza Elektronikoaren bidez erregistratutako izapide nagusiak, instantzia/eskaera orokorrak eta dokumentazioa aurkezteko izapideez gain, honako hauek izan dira: banku-helbideratzeak, eskola-materiala erosteko laguntza-eskaerak, Eskola Kirolan eta Solas Jolasen izen-emateak eta Irun Market-eko deskontu-kodeen eskaerak.
“Zerbitzuen kalitatea modu elektronikoaren bidez igotzearen alde egiten jarraitzen dugu, baina funtsezkoa iruditzen zaigu aurrez aurreko formatuari ere eustea”, azaldu du ordezkariak.
IrunAPP, aplikazio berria gailu mugikorrentzat
Interneteko edukietara sartzeko gailu mugikorrak erabiltzea ohikoa da, eta gero eta maizago egiten dute horrela herritarrek. Zehazki, 2023an, udalaren webgunerako sarbideen % 69 smartphone motako telefono mugikorren bidez egin ziren.
Horretaz jabeturik, Udalaren Informatika Zerbitzuak 2023ko martxoaren amaieran IrunApp aurkeztu zuen. Gailu mugikorretarako udal-aplikazio berri bat da, hiriko albisteak eta agenda kulturala erraz eta azkar kontsultatzeko, eta, gainera, “Hobetu Irun” erabiltzailearen bidez, zenbait abisu eta jarduera-iradokizun ere bidali ahal dira hainbat udal-zerbitzutara, telefono mugikorraren kameratik argazkiak sartuz edo baita oharraren arrazoia geoerreferentziatuz ere.
2023an martxan jarri zenetik, IrunApp aplikazioak 2.161 deskarga erregistratu ditu; horietatik % 67 Android gailuetan izan dira, eta % 33, iOs-Apple gailuetan.
Udalaren aplikazioak badu “Abisuak” atala ere. Horri esker, zerbitzu horretara harpidetutako pertsonek udalaren azken nobedadeak jaso ditzakete beren smartphonean, push jakinarazpenen bidez, baita dirulaguntzei, kanpainei eta udal-programei, tasak ordaintzeko epeei eta abarri buruzko informazioa ere. Zehazki, 2023ko abenduaren 31n, 1.637 lagunek eman zuten izena Abisuen zerbitzuan push jakinarazpenen bidez.



