Jardueraz beteriko asteburua dator Sanmartzial jaiei hasiera ofiziala eman aurretik

2025eko San Pedro eta San Martzialak ate joka ditugun honetan, hiria prest dago dagoeneko ekainaren 23an ofizialki hasiko diren jaien aurreko asteburuko jarduera ugariez gozatzeko.

Ekainaren 20an, ostiralean

Ostiralean bertan hasiko da asteburua, musikaren nazioarteko egunaren harira Udal Kontserbatorioak eskainiko duen emanaldiarekin. Zabaltza plazan izango da, 17:30etan. Ondoren, Musika Eguna by Lotura izango dugu, hiria erritmoz betetzeko. Peña kaletik abiatuko da Reparation Sound System eta Lagunak 18:00etan; 20:00etan Ultralágrima iritsiko da Urdanibia plazara, eta bertan joko dute ondoren  Dame Areak 21:15etan, Mailine Magic Orchestrak 23:00etan eta Toccororo B2Bk 00:15etan.

Gainera, 18:30etatik aurrera Zirkus Kalejira Larreaundi eta Lapitze auzoetako kaleetan barrena ibiliko da. Udalak hiriko auzoak dinamizatzeko apustu arrakastatsua egin du, eta, berritasun gisa, jai-aurreko bi asteburuetako egunak jai-edukiarekin osatzea ahalbidetu du.

Ekainaren 21ean, larunbatean

Larunbatean, hilak 21, ur lasterretako promesa gazteen Espainiako kopa jokatuko da Bidasoa auzoan, eta 10:00etan dagoeneko klasiko bilakatu den goitibehera lehiaketa egingo da San Juan plazatik Urdanibia plazara.

Bazkalorduan, Ficobako herri bazkariaren ordua izango da, Burrunba Elektrotxarangak eta DJ Balberrek girotuta. Parte-hartzaileak kalejiran joango dira Urdanibia plazatik bazkarira, eta era berean itzuliko dira ondoren.

17:00tan, Orquesta Remember-en eskutik iritsiko den San Juan Festaren txanda izango da. Honek lekualdaketa bat izango du aurreikusita dauden temperatura altuak direla eta, Palmera Monteron Espazioaren kanpoaldetik Eguzkitza ikastetxera mugituz.

18:30etan, erraldoiak eta buruhandiak izango dira, eta 19:00etan haur danborrada, biak ere hiriko erdialdeko kaleetan barrena, eta gauean kontzertu batzuk izango ditugu Urdanibia plazan. 22:30etan, Onevibe talde irundarrak joko du, motorrak berotzeko, eta gauerdian Süneren txanda izango da. 01:30etan, Zirkinik Bez taldearen kontzertua hasiko da.

Ekainaren 22an, igandean

Azkenik, igandean, ekainak 22, askotariko ekitaldiak izango ditugu. Goizeko 8:30etan, diana ibiliko da Erdialdeko, Alde Zaharreko eta Dunboako kaleetan barrena, 9:00etan San Martzialeko mendi martxa eta bakailaoa pil-pilean egiteko lehiaketa gastronomikoa izango dira Urdanibia plazan, eta 9:30etan, ur lasterretako promesa gazteen Espainiako koparen finalerdiak eta finala.

Etxeko txikienentzako lekua ere egongo da: 10:00etan haurrentzako marrazketa eta pintura lehiaketa egingo da Junkal plazatxoan, eta 11:00etan binakako puzzle txapelketa izango da Uranzuko frontoi txikian. Arratsaldean, 16:30etan, segida izango du azken horrek, 17 urtetik gorakoentzat.

Erraldoiak eta  buruhandiak Arbeseko kaleetan barrena ibiliko dira giroa alaitzen, 18:30etatik aurrera. Eta, asteburua ixteko, magia-poteoa egingo da San Juan plazan Asier Kidam magoarekin, helduentzat bakarrik eta euskaraz, 19:00etan hasita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude