Musikaren ibilbideak askotarikoak izan daitezke. June Coboren kasua hasiera data zehatzik gabeko bidaia bat bezala deskribatu daiteke. Etxean musikarekiko zaletasuna barneratu eta urteetan zehar, hainbat modutara prestatu da, horrekin lotutako ezagutzak eskuratzen joateko. Hasiera zehaztugabea duen bidaia izan arren, June Cobok argi du zein den bere helburua: musikaren bidez gozatzea.
Gogoan al duzu noiz hasi zinen musikaren munduan murgiltzen?
Ez dut uste badenik une jakin bat musikan hasi nintzela esateko. Txikitatik gustatu izan zait abestea eta musika entzutea, eta nire familian ere gauza bera gertatzen da. Pixkanaka jendearen aurrean abesteko ohitura hartu dut eta, gustatu zaidanez, aurrera egin dut horrekin.
Zein izan da orain arte musikarekin loturik jaso duzun prestakuntza?
Musikari loturik nire prestakuntza ez da batere lineala izan. Txikitan hainbat abesbatzetan abestu nuen. Zenbait urtez kontserbatorioan ere ikasi dut eta pare bat urtez pianoa jotzen ikasi nuen, nahiz eta orain gehiegi ez gogoratu. Egun Irungo IGA abesbatzako kidea naiz. Gainera, duela bi urte gutxi gorabehera nire kabuz gitarra jotzen ikasten hasi nintzen, baina araututako ikastarorik egin gabe, nire kontura, apurka-apurka ondo etortzen zaizkidan gauzak probatuz.
Zaila izan da jende aurrean abesten hastea edo modu naturalean gertatu zen zerbait da?
Gaur egun oso urduri jartzen naiz jendearen aurrean abestu behar dudanean, baina egia da hasierako garaiekin alderatuta desberdintasuna nabaria dela. Jende aurrean abestu nuen lehenengo aldia Batxilergoko emanaldi batean izan zen. Publiko gutxi izan arren, oso urduri nengoela gogoratzen dut eta hori musukoa jantzita egin nuela. Hala ere, urduritasunak kentzeko pentsatu nuen abesteko erabaki hori June lasai batek hartu zuela eta zerbaitengatik izango zela, beraz, aurrera egin nuen.
Orain arte eskainitako kontzertuetan bakarka aritu zara edo beste musikariekin?
Egia esan, beti nabil abesteko aukeren bila. Batzuetan Gazteartean eszenatokian aritzeko deitzen didate, baina jatetxeetan eta kalean ere aritu izan naiz. Normalean ni bakarrik aritzen naiz kontzertuetan, baina nire lagun musikariren bat nirekin aritzera animatzen bada, jende gehiagorekin ere jotzen dut.
“Abesterakoan gitarra bezalako instrumentu bat jotzea lagungarria izan daiteke eskuak okupatuak izateko”
Uztailean GarzteARTEanek antolatutako udako kontzertuetan parte hartu duzu. Bertako musikarientzat zuen talentua erakusteko aukera aparta izango da, ezta?
Bai, izan ere, abesten hasten zarenean zaila da zure musika erakusteko tokiak aurkitzea. Horregatik, GazteARTEan zerbitzutik asko laguntzen digute horretan, gugan sinesten dutelako eta hori ez da gutxi. Pasa den urtean jada beraiekin abesteko aukera eman zidaten eta oso eskertua nago horregatik.
Gaur egun sare sozialetan eta musika plataformetan presente egotea ezinbestekoa da musikarientzat?
Bai, baina egia esan ni nahiko txarra naiz horretan. Dena den, maiztasun bat mantenduz gauzak igotzen ahalegintzen naiz. Azken boladan ez dut gauza askorik igo eta Youtubeko kanala ere nahiko ahaztua daukat, nahiz eta gauzak igotzeko ahalegindu.
Erreferenteak izatea garrantzitsua da musikarientzat?
Bai, nik adibidez erreferente asko dauzkat. Esan bezala, txikitatik etxean musika asko entzun dut, beraz, nire erreferenteen artean badira klasikoagoak direnak, esaterako, The Beatles, Michael Jackson edo Queen, beti hor egon direnak eta oraindik atsegin ditudanak. Urteak pasa ere Lenny Kravitz edo El Kanka ere gustatu izan zaizkit. Batez ere musika berria entzutea gustatzen zait, hasiberriek esperantza eta gauza berriak ikasteko aukera transmititzen didatelako. Horrek musikan jarraitzeko gogoa ematen digu.
Nola animatu zara gitarra zure kabuz ikastera?
Zure kabuz ikasteak bere alde on eta txarrak dauzka. Ni adibidez, gitarra ahal dudan bezala jotzen saiatzen naiz eta, batez ere, abesterako orduan niri laguntzeko erabiltzen dut. Alde batetik, gitarra ondo jotzen duen jendearekin abestea nahiago dut, esaterako, Izaro izeneko nire lagunarekin duela hilabete batzuk egin nuen bezala. Bestetik, abesterakoan gitarra bezalako instrumentu bat jotzea lagungarria izan daiteke eskuak okupatuak izateko. Beraz, nire erritmoan ari naiz ikasten.
“Batzuetan GazteARTEan eszenatokian aritzeko deitzen didate, baina jatetxeetan eta kalean ere aritu izan naiz”
Kontzertuetan zer nahiago duzu, zure musika propioa erakustea edo abestien bertsioak egitea?
Egoeraren arabera. Nik egindako abesti bakarra publikatu dut momentuz, etxean nik konposatutako beste abestiak ditudan arren. Asko gustatu izan zait beti besteen abestiak abestea, bertsio ezberdinak sortzeko. Dena den, nire abestiak abesterakoan lasaiago nagoela sentitzen dut, beste batek egindako lana hondatzen ari ez naizela sentitzen dudalako. Era berean, zailagoa egiten zait hori defendatzea, azkenean zure hitzak direlako. Hortaz, egoeraren arabera erabakiko nuke zer abestu.
Etorkizunera begira musikari loturiko asmoei dagokienez, musikaz bizi nahiko zenuke?
Askotan egiten diot galdera hori nire buruari, baina argi dudan gauza bakarra da ez dudala argi zer izan nahi dudan hemendik urte batzuetara. Beraz, ez dakit musikatik biziko naizen edo ez. Horretan pentsatuta, konturatzen naiz asko gustatzen zaidala musika egitea eta asko gustatuko litzaidake gozamen hori besteei transmititu ahal izatea. Ikusteko dago nire helburua lortuko dudan edo ez.
Zer aholku emango zenioke musikaren munduan hasi nahi duen horri?
Nik aurrera egitea gomendatuko nioke. Ni adibidez jende aurrean hitz egiteko ez naiz oso lotsatia, baina bai ordea abesterakoan. Beraz, nahiz eta batzuetan oso urduri jarri, abestien letrak aldatu edo despistatu, egia da behin amaitzerakoan egindakoari begiratu eta oso harro sentitzen naizela. Sentsazio hori da onena, beraz, aurrera egin behar da hori sentitzera iritsi ahal izateko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.



