Sanmartzialetan ez dira gazteentzako ekintzak faltako Santiago frontoian ipiniko den karpari esker

San Pedro eta San Martzial jaietako programaren barruan, Gazteguneko karpak gazteenentzako ekintzak proposatzen ditu. GazteARTEan espazioa Irungo Udaleko Gazteria arloak antolatzen du, Euskara arloarekin elkarlanean eta berriro ere Santiagoko frontoian kokatuko da. Hiru egunez jarduera eta kontzertu ugari antolatuko dira bertan, gazteen gozamenerako, parte-hartzea ardatz hartuta eta hiriko gazteen gustu eta kezkei erantzuteko asmoz.

Santiago frontoia izango da publiko gazteenarentzako espazio propioa berriz ere, aurreko edizioetako helburu berberei eutsiko zaie eta aisialdia eta giro ona izango dira erreferentzia. Gaztegunea jai giroko eremua izango da, haurrek, gazteek eta familiek elkarrekin gozatzeko gunea eta, gainera, nerabeen parte-hartze handia nabarmendu behar da.

GazteARTEan zerbitzuak diseinatu duen programan erreferentziako musika proposamenak eta gazteak agertokiko protagonista izateko jarduerak uztartzen dira. Aurten, Gazteguneko programa ekainaren 25ean, 26an eta 27an garatuko da.

Euskaraldiaren Scape Room-a
Gaztegunearen barnean antolatuko diren ekintza gehienak arratsaldez egingo badira ere, ekainaren 26ko eta 27ko goizetan ere ekintza bereziak egingo dira. Izan ere, Euskara arloak Euskaraldia dela eta Scape Room bat antolatuko du eta 16 urtetik gorako gazteek parte hartu ahalko dute bertan. Ekintza goizeko 11:00etatik 14:00etara egingo da bi egunetan eta, guztira, hiru txanda egongo dira egun bakoitzean. Euskaraldiko Scape Roomean parte hartzeko izen ematea larunbatean, ekainaren 25eko arratsaldean zehar egin beharko da.

Ekainaren 25ean, larunbatean
Gazteguneko ekintzak ekainaren 25ean, larunbatean, hasiko dira. Gazteentzat prestatutako lehen ekintza Sanginkana ginkana izango da. Ekintza San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleek antolatu duten Haur eta Nerabeen I. Planaren barruan sortu diren taldeetako baten bitartez, haurrek eta nerabeek parte hartzeko sortutako taldearen bitartez, hain zuzen ere. Irati Redondo Gazteria arloko teknikariak azaldu duenez, “beraiek diseinatu dute jarduera hori, beraiek antolatuko dute eta beraiek ari dira jarduera zabaltzen, adin bereko jendeak parte har dezan”. Ekintza arratsaldeko 17:00etatik 18:30era egingo da eta 12 urtetik gorako gazteek parte hartu ahalko dute.

Jarraian, 18:30etik 20:00etara Karaokea egingo da 12 urtetik gorako gazteentzat. Lorea Intxaustik eta Nerea Elizaldek aurkeztutako ekintza izango da eta bertan parte hartzeko izen ematea egun bereko 18:00etatik 18:30era egin beharko da, Karaokea hasi baino ordu erdi lehenago. Arratsaldeko 20:00etatik 21:30ra Dupla taldeak kontzertua eskainiko du eta eguna amaitzeko 22:30etan DJ Javi Lazek eskainitako flash fm diskofesta egongo da.

Ekainaren 26an, igandean
Gaztegunearen bigarren egunean, ekainaren 26an, igandean, Gazteguneko arratsaldeko ekintzak 17:00etan hasiko dira, Irungo Gaztelekuak 12 urtetik gorako gazteentzat antolatuko duen eta 18:30ak arte iraungo duen jolas azokarekin. Ondoren, 18:30tik 20:00etara Oihan Vegak Gazteartean Eszenatokia ekintza zuzenduko du, irundarrek beren talentua erakusteko aukera izan dezaten. 20:30etatik 22:00etara Recycled J-k kontzertua emango du. Eguna amaitzeko 22:30etatik aurrera Gaztea irratiko Oihan Vegak diskofesta eskainiko du.

Ekainaren 27an, astelehenean
Gaztegunea ixteko, ekainaren 27an, astelehenean, arratsaldeko lehen ekintza 17:00etan hasiko da eta Irungo Gaztelekuak proposatutako Gaztetxef sukaldaritza lehiaketa dibertigarrian parte hartzeko aukera izango dute 12 urtetik aurrerako gazteek. Lehiaketa amaitutakoan, 18:30etatik 19:15era Eduk eta Crutzerok Freestyle erakustaldia aurkeztuko dute. 20:30etik 22:00etara Anier Bartzelonako neska rapera Gazteguneko eszenatokira igoko da. Amaitzeko, 22:30etatatik aurrera Gaztea irratiko DJ Txurruk diskofestarekin amaituko ditu 2022ko Gazteguneko ekintzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude