Eskolako itzuleraren errealitate kolpe gogorra

2020/2021 ikasturtearen hasiera ohi baino korapilatsuagoa izaten ari da hezkuntzaren arloan lan egiten duten profesionalentzat. Sei hilabeteko etenaldiaren ostean, ikasgeletara itzultzeko momentua heldu da. Aitziber Gomez Irungo Eguzkitza BHI ikastetxeko zuzendariak zentroan eskolako itzulerara baliabide eskasia eta ziurgabetasunen artean nola egokitzen ari diren azaldu du.

Aurtengo kurtso hasiera ohi baino ezohikoagoa izaten ari da?
Bai, ezohiko bezain tristea. 1. eta 2. DBH ikasleei patioan arrera egin genien neurri berrien inguruan hitz egiteko. Gertutasun fisiko zein emozionala adierazten ahalegintzen garen arren, ez da erraza musuko tartean dagoen bitartean.

Denbora nahikoa izan duzue ikasgeletara ikasleen itzulera prestatzeko?
Azken jarraibideak oso berandu iritsi ziren, nahiz eta ekainetik zerbait aurreratzen ahalegindu garen. Ez gara segurtasun adituak eta gauzak ondo egiteko denbora gehiago behar dugu. Tokian tokiko beharrak kontutan hartu izan balira errazagoa litzateke eskolako itzulera prestatzea, irizpide orokorrak jarraitzea konplikatuagoa baita.

Ikasleekin egun gutxi batzuk ematea nahikoak izan da hobetu beharreko neurriez ohartzeko?
Bai, adibidez, marra gehiago non behar diren, kartel gehiago non jarri edo guztiei informazioa heltzeko nola helarazi behar dugun… Egunero berriztatzen goaz nola hobetu dezakegun ikusteko.

“Tokian tokiko beharrak kontutan hartu izan balira errazagoa litzateke eskolako itzulera prestatzea”

Nola egokitzen ari dira nerabeak egoera berri honetara?
Eskolara itzultzeko gogoak zeuzkaten, baina, badira urduri, kezkatuta eta beldurrez itzuli direnak. Lehen egun hauetan antsietate krisiak eta arnasa hartzeko zailtasunak izan dituzte zenbait ikaslek. Hori guztia oso gogorra da eta zaila da ikasleak lasaitzea.

Ikastetxeko sarrerak era mailakatuan egiten dira?
Bai, lau ate dauzkagu eraikinean sartzeko eta ate bakoitzetik kurtso bat sartuko da ordu desberdinetan, ikasleak pilatzea saihesteko.

Ikasgeletan ikasle kopurua murrizteko aukerarik izan duzue?
Ez, hiru talde eman dizkigute eta dauzkagun giza baliabideekin ezin izan ditugu gehiagotan banatu. Ratioa eta legedia inoiz baino zorroztasun gehiagorekin aplikatu dute. Hortaz, inoiz baino ikasle gehiago dauzkagu geletan.

Irakasle falta nabaritu duzue?
Aurreko ikasturtearekin alderatuta 5 irakasle gutxiago ditugu eta irakasleen jardunaldi mota kontutan hartuta galera askoz handiagoa izan da. Hezitzaileak dauzkagu ikastetxean eta hezitzaileen jardunaldi erdia galdu dugu. Ikasleen aldetik 3-4 ikasle gutxiago dauzkagu, kontutan izanda gure ikastetxean kurtsoan zehar ikasle berri asko sartzen direla.

Nola antolatzen duzue patioa?
Zorionez patio handia dugu eta 5 esparrutan banatu dugu ikastetxean DBH izateaz gainera, ZIP gela daukagulako. Hala ere, aterpean ez dago 300 ikasleentzako tokirik, beraz, euria egiten duenean ikasleak gelan geratu beharko dira patioan kurtsoka aterpea txandakatzen den bitartean.

Gurasoak egoera honen aurrean lasai daude?
Ez, denetarik dugu. Zaila da guraso guztiei informazioa helarazteko modurik egokiena topatzea eta oso kezkatuta daude. Hedabideetan topatzen duten informazioa ez dator bat zentroaren errealitatearekin, adibidez, aurten 1.000 irakasle gehiago izango direla esaten denean. Murrizketak izan dira eta informazioa berandu iritsi zaigu. Ez dugu maskararik eta irakasle bakoitzak bere maskarak erosi behar ditu, horretarako aparteko dirurik eman ez delako. Ordenagailu kopurua bere horretan mantendu da eta kurtso oso bat ordenagailu gabe dugu, lehen bezala partekatzea ezinezkoa delako.

Berriro ikastetxeak itxiko balira, etxetik lanean jarraitzeko “B plana” prest duzue?
Berriro ikastetxeen itxialdi bat ez gertatzea espero dugu eta, gertatuko balitz, aurrekoan egin genuen bezala lehenengo egunetik lan egiteko dena prest dugu. Hau da, ikastetxean aurrez aurre, formazio mistoa eman edo itxialdi bati aurre egiteko prest gaude. Egoera guzti horien aurrean nola lan egingo genukeen azalduko diegu familiei datorren astean zehar.

“Murrizketak izan dira eta informazioa berandu iritsi zaigu”

Haurrak baino helduagoak direnez, errazagoa da gazteentzat hartu beharreko neurriak barneratzea?
Ulertzen duten eta egoera zein den badakite. Dena dela, haientzat ere gogorra da eta oso garrantzitsuak diren osasun irizpideak kontutan hartu diren arren, irizpide emozionalak eta hezkuntza irizpideak ez dira babestu. Ikasleak ondo daude, baina, ez daude beraien onenean. Patio garaian gauza asko debekaturik daude eta errealitate berri hau normaltasunetik oso urrun dago. Kasu askotan emozioek garrantzi gehiago dute, gaizki pasatzen ari den norbaitengana gerturatzea garrantzitsuagoa izan daitekeelako haientzat, nahiz eta guk kontrakoa adierazi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude