Kontenporanea 2022 motorrak berotzen hasi da

San Juan plazak maiatzean arte garaikideari lekua egingo dio beste behin. Zehazki, maiatzaren 20, 21 eta 22an Kontenporanea jaialdia hartuko du hiri erdialdeko plazak. Irungo Udalak sustatutako egitasmoa bada ere, artearen, kulturaren eta diseinuaren esparruko gazte profesionalak arduratzen dira jaialdiaren antolaketaz.

Juncal Eizaguirre kultura ordezkariak adierazi duenez, arte garaikidearen esparruan lanean diharduten bertako profesionalen eskutik, arte mota honen sustapenean azken urteotan hirian gehien garatu den lan ildoetako bat da Kontenporanea. Kultura ordezkariaren hitzetan, “duela ez asko, artistentzako laguntzak iragarri genituen, eta hau hurrengo mugarria da: Kontenporanea”. Juncal Eizaguirrek gehitu duenez, Kontenporanearen bitartez kultura kalera aterako da berriro ere, pandemiaren ondorioz behar gehien duen sektoreetako bati laguntzen jarraitu nahian.

2022ko Kontenporaneako gai ildo orokorra ekosistema enpatikoak dira. Horrela, plaza leku atsegin bat izatea da helburua, topo egiteko leku bat, harrera egiteko, elkar zaintzeko, non afektuek, keinu emozionalek, oroitzapenek eta oroipen partekatuek duten garrantzia; kontakizunak sortzeko eta partekatzeko leku abegikorra izango da plaza.

Gazteak arduradun
Kontenporanearen bereizgarrietako bat da bertako gazteek antolatzen dituztela jarduerak. Elkarlanean oinarritutako formatu kolektibo baten barruan, lurraldeko proiektu artistikoak ezagutarazteko eta tokiko, Espainiako eta nazioarteko sortzaileekiko esperientzia bat partekatzeko engranaje baten parte dira.

Aurtengo topaketa antolatuko duen batzordea eskualdeko hiru gaztek osatzen dute: Ane Borreguero ekitaldiaren irudi grafikoarekin eta dokumentazioarekin zuzeneko lotura duten gaiez arduratuko da; Iratxe Airesek edukien programazioari eta bitartekaritza gaiei helduko die; eta Jone Pujanak sareetako komunikazioan eta espazioaren diseinuan jarriko du arreta. Aipatutako arloetako prestakuntza espezifikoa du bakoitzak, baina zeharka lan egingo dute batzordearen baitan, eta, horrela, denek parte hartuko dute edukiak asmatu eta sortzeko prozesuan. Programa osatzeko lanak martxan daude jadanik, eta, behin burututa, jendaurrean jakinaraziko da emaitza.

Nazioarteko deialdia
Kontenporanearen edukietako bat topaketa egiten den egunetan nork bere obra erakusteko nazioarteko deialdia da. Adin eta diziplina guztietako artista indibidual eta kolektiboek parte har dezakete, eta interesdunek jpg edo pdf formatuan bidali behar dituzte irudiak. Gaia dagokion edizioko bera da; aurten, ekosistema enpatikoak.

Aukeratzen diren obrak formatu handian inprimatuko dira, eta topaketaren egunetan kalean jarriko diren euskarri batzuetan instalatuko dira.

Proposamenak bidaltzeko epea 2022ko apirilaren 24an bukatuko da, 00:00etan, eta kontenporanea@irun.org helbide elektronikora irudiak eta egile(ar)en datu pertsonalak bidali beharko dira, edo webguneko formularioa bete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude