Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak M Proiektua bultzatu du emakume ez-aktiboei espazio seguru eta konfiantzako batean kirola egiteko aukera eskaintzeko. Proiektu fase pilotuan dago eta Irun izango da Gipuzkoan proiektua estreinatuko duen lehen udalerria. Gaur goizean Emalumeen Etxean egin den proiektuaren aurkezpenean parte hartu dute Cristina Laborda Irungo alkateak eta Goizane Álvarez Kultura, Kirol, Gazteria eta Lankidetza diputatuak.
M Proiektua programa pilotu bat da, gaur egun jarduera fisikorik egiten ez duten eta, hainbat arrazoi direla medio, kirol-zentroetara joaten ez diren emakumeei zuzenduta. Helburua pixkanaka kirolean sartzea da, espazio seguru, inklusibo eta konfiantzazko batean, motibazioa berreskuratzeko, beldurrak edo lotsak gainditzeko eta ongizate fisikoa eta emozionala indartzeko. Goizane Álvarez diputatuak aipatu duenez, “proiektua beste urrats bat da kirola guztiontzako eskubide bihurtzeko konpromisoan, adina, jatorria edo egoera edozein dela ere”.
Programak hiru oinarri nagusi ditu. Batetik, atzematea, emakume ez-aktiboak aurkitzeko eta laguntzeko. Bestetik, orientazioa eta esku-hartzea eskaintzea ingurune seguru batean eta genero-ikuspegian prestatutako begiraleekin kirola egitea sustatzeko. Azkenik, bideratzea klub eta kirol-zentroetarako trantsizioa erraztea, parte-hartzaileek beren jarduera fisikoarekin modu autonomoan jarraitu ahal dezaten. Cristina Labordak azaldu duenez, “kirola egitea pertsona guztien eskubidea da, eta Irungo Emakumeen Etxea gune egokia izango da ikastaroak ingurune seguru eta inklusibo batean emateko”.
Irungo Emakumeen Etxea abiapuntu
Ekimena Irungo Emakumeen Etxean garatuko da, hain zuzen ere bere izaera ireki eta abegikorragatik aukeratutako gune batean, eta Emakumeen Etxea Elkartearen, SOAF (Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua) orientazio zerbitzuaren eta herriko hainbat elkarteren laguntza izango du. Administrazioen eta gizarte-ehunaren arteko elkarlan horri esker, emakume parte-hartzaileen beharretara egokitutako esku-hartze eredu bat eratu ahal izan da.
Gaur egun, ‘M Proiektua’ kaptazioaren azken fasean dago. Amaitu ondoren, SOAF orientazio zerbitzuak kirol jarduera batean parte hartzera animatuko ditu emakume horiek, kasu honetan, indarrezko entrenamendu batean. Bestalde, diputatuak azaldu duenez, “M Proiektuarekin gaur egun ere emakume askori jarduera fisikoa egitea eragozten dieten oztopoak bota nahi ditugu.
Entrenamendu honen helburua da emakume sedentarioei kirol praktika hurbiltzea eta erraztea, haien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Goizane Álvarezek erantsi duenez, “Proiektu hau gure kirol-ereduaren funtsa da: lankidetzakoa, inklusiboa eta pertsonen bizitzan benetako eragina duena. Irunen urrats garrantzitsu bat emango dugu gaur, eta lurralde osora iritsiko den mugimendu baten hasiera baino ez izatea nahi dugu”.
Lehenengo saioa azaroaren 12an egingo da eta entrenamenduak maiatzera arte luzatuko dira. Emakumeek saio bakar batean eman ahal izango dute izena, eta saio bakoitzak gehienez 15 emakume izango ditu talde bakoitzeko. Saioak data hauetan egingo dira: asteazkenetan 12:30etik 13:30era eta ostiraletan 16:30etik 17:30era. Cristina Laborda alkateak nabarmendu duenez, “Udal gisa, pribilegio bat da Berdintasunaren ikuspegitik tamaina honen ekimena bultzatzen duen lehen udalerria izatea”.
Parte hartu nahi duten emakumeek hitzordua hartu beharko dute SOAF zerbitzuarekin, 600 394 736 telefonoan edo KOZ.irun@equiponeo.com helbide elektronikoan. Aurrez aurreko arreta Emakumeen Etxean egingo da, hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara.
Irungo Alkateak ziur agertu da adierazterakoan, “ekimen honek oinarriak jarriko dituela hirian emakume askok kirola egiteko ohitura osasungarri eta errespetuzkoa sor dezaten”.
Emakumeak Mugimenduan
M Proiektuaren izena “Emakumeok Mugimenduan” (“Mujeres en movimiento”) ekimenetik dator, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta mugimenduaren eta osasunaren inguruan laguntza eta ahalduntze sare bat sortzeko duen estrategiaren parte da.



