Datozen asteburuetan Irungo erdialdea ekintzez beteko da Igandero egitasmoari esker (Bertan behera)

Igandeetan Irungo erdialdea jardunez betetzeko ekimena da Igandero, eta, asteburu honetan, plan biribila proposatzen du. Batetik, kirol egokituaren jaia maiatzaren 7an eta bigarren eskuko azoka maiatzaren 14ean. Dena dela, Euri iragarpena dela eta, bertan behera geratzen da Igandero ekimeneko kirol egokituko jarduera, erabili behar diren materialak hondatzeko arriskua dela eta.

Kirol egokitua

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean, 10:30etik 13:30era bitartean, lurraldeko zenbait klubek, hala nola Txingudi Eskubaloiak eta CD San Marcialek, askotariko jarduerak antolatuko dituzte, nahi duen ororentzat, kirol modalitateek desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonei ematen dizkieten aukerak ezagutarazteko. Adibidez, 11:30etik 12:30era bitartean, zumba saio egokitu bat egingo da, nahi duen orok bat egin eta parte hartzeko.

Oraingoan, Igandero ekimenaren saioa arratsaldera arte luzatuko da, oinezkoek eta txirrindulariek egun osoan gozatzeko Colón ibilbidearen erdialdeaz, haientzat erreserbatuko baita. Izan ere, neguan, Colón ibilbideko zirkulazioa goizez bakarrik eteten zen, 10:00etatik 15:00etara bitartean, baina, udaberrian eta udan, egun argiak luzaroago irauten duela aprobetxatuz, 10:00etatik 19:00etara bitartean etengo da, betiko tokian, Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen artean. Igandero ekimena martxan dagoen bitartean, Irunbusen 1., 2. eta 4. lineetako Erdialdeko geralekuak itxita egongo dira.

Bigarren eskuko azoka eta artisautza azoka

Normalean, azoka betiko lekuan egingo da, Colón ibilbidearen erdialdean, baina, igande honetan, maiatzak 7, Zabaltza plazan egingo da, Colón ibilbidearen erdialdea beste jarduera baterako erreserbatzeko: kirol egokiturako. Horregatik, herriko artisautza azoka, hilabete honetan bakarrik, hurrengo igandean izango da, hau da, maiatzaren 14an.

Datorren igandean,  10:30etik 14:30era bitartean, berriro egingo da bigarren eskuko azoka, Igandero udal programaren esparruan hilabete bakoitzeko lehenengo igandean egin ohi zen bezala, Eskuz-Lan bertako artisautzaren azokarekin batera. Lehengo formatuari eustea da asmoa, baina bigarren eskuko azokan parte hartzeko modua desberdina izango da: orain arte, azokako hamabost postuetako bat nahi zutenek mercadosegundamano@irun.org edo bigarreneskukomerkatua@irun.org helbide elektronikora idatzi behar zuten, baina, hemendik aurrera, udal webguneko formulario baten bidez egin beharko dute eskaera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude