Udalak triziklo elektriko berria erosi du “Nagusikleta” proiektua laguntzeko. Gaur goizean San Juan plazan prentsaurrekoa egin dute, Irungo alkate Cristina Labordak eta Gizarte Ongizateko ordezkari Josu Iguiñizek Udalak erosi duen triziklo elektriko berria aurkeztu dute. Bertan izan dira ere Balazta elkarteko kide Alicia Pinorekin eta Nagusilan Bidasoaldea elkarteko kide Juan Carlos de Benito, Fermín Díaz, Lourdes Tobar eta Juana Mari Errorekin batera. Hain zuzen ere, Udalak elkarte horiei lagako die trizikloa, ‘Nagusikleta’ proiektuaren sustatzaileak diren aldetik
Nagusikleta proiektuak Bidasoa aldean mugikortasun arazoak dituzten hiriko adinekoen paseoak sustatzeko helburua du. Horrela, nahi gabeko bakardadeari aurre egiten lagundu. Bi elkarteen proiektu berezi horrek ‘Cycling Without Age’ nazioarteko mugimendua du inspirazio iturri. Horrela, Irun ‘En bici sin edad / Bizikletaz adinik ez’ mugimendura batu da, adinekoen bizitasuna areagotzeko.
Proiektuaren esparruan, bi elkarteek elkarlanean jardungo dute beren helburuak lortzeko lanean: Nagusilan Bidasoaldeak, nahi gabeko bakardade egoeran dauden adinekoei lagun egiten, eta Balaztak, bizikleta sustatzen, hiri barruan erabiltzeko garraiobide jasangarria den aldetik.
Alkateak azaldu duenez, ekimen honek adineko pertsonak jartzen ditu beren politiken erdigunean: “zehazki, mugikortasun urriko pertsonei aukera ematen die gure inguruko aire zabaleko ibilbideez gozatzeko”. Cristina Labordak azaldu du aisialdi komunitarioko uneetan parte hartzeko aukera bat da, hala nola festetan, argiak piztean eta abarretan. “Beste alderdi positibo bat da belaunaldien arteko harreman oso hurbila ezartzen dela trizikloak gidatzen dituzten boluntarioen eta adineko edota mendeko pertsonen artean”, gaineratu du Labordak.
Iguiñizek azpimarratu duenez, jarduera honek Irungo Udaleko Adinekoen Zerbitzuaren hainbat helbururi erantzuten die. Iguiñizen hitzetan, “izan ere, Nagusikleta proiektuaren bidez, Irungo adinekoen sustapen eta arreta bultzatzen dugu, gizartean aktiboki parte hartzeko jardueren bidez, eta arreta berezia ematen diegu oso egoera zaurgarrian dauden adinekoei, hala nola mendetasun egoeran daudenei eta nahi gabeko bakardade egoeran daudenei”.
Berariaz trebatutako pertsonek gidatuko dute triziklo elektrikoa, eta berau lagatzeko akordioa lau urte egongo da indarrean. Hala nola, Nagusilanetik boluntario izateko deialdia luzatzen dute “Nagusikleta” bezalako ekimenetan parte hartzeko.
Nagusilanen inguruan
Nagusilan irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, boluntarioek eratua, eta 1995ean sortu zen, nahi gabeko bakardade egoeran daudenei lagun egiteko. Gainera, zahartze aktiboa sustatzen du, konpromiso solidarioaren bidez, eta laguntza sozial eta afektiboa ematen die behar dutenei.
Balaztaren inguruan
Balazta bizikleta erabiltzearen aldeko Bidasoko elkartea 2016an jaio zen, bizikleta sustatzeko, hiri barruan erabiltzeko garraiobide jasangarria den aldetik, eta, Irungo Udalak lagatako triziklo elektrikoaz gain, baditu Bidasoa aldeko adinekoei zerbitzu egiteko beste hiru triziklo.