Nazioarteko Brass Band Jaialdia antolatu dute Denok Bat eta Bidashopek urriaren 24tik 26ra

Irunek Nazioarteko Brass Band Jaialdia hartuko du urriaren 24tik 26ra. Bidashop eta Denok Bat merkatari eta ostalari elkarteek antolatutako ekitaldia izango da, erritmoa, alaitasuna eta elkarbizitza ardatz izango dituena. Jaialdiak estatuko eta Portugaleko bandak bilduko ditu hirian. Bandek hiriko hainbat gune zeharkatuko dituzte euren energia eta zuzeneko musikarekin.

Duela urte batzuk, Bidashop elkarteak antolatutako antzeko jaialdi batek giro bikaina, ikusle ugari eta maila handiko emanaldiak ekarri zituen Irunera. Hura gogoan hartuta, Denok Bat Ostalarien Elkarteak eta Bidashopek erabaki dute jai-espiritu hori berreskuratzea, jaialdia urteroko hitzordu gisa finkatzeko asmoz. Ekitaldia Irungo Udalaren laguntzarekin eta Babes Zibileko boluntarioen laguntzarekin antolatu da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua argia da: “Brass Band Jaialdia Iruneko ostalari eta merkatarien oparia izatea nahi dugu irundarrentzat eta giroaz, musikaz eta gure hiriaz gozatzera datozen guztientzat”. Era berean, jaialdiaren xedea da hainbat gune dinamizatzea, bisitariak erakartzea eta komunitate-sentimendua indartzea, musikaren bidez.

Jaialdiaren egitaraua

Ekintzak, urriaren 24an, ostiralean, 21:30ean hasiko dira, Café Irunen (Letxumborro Etorbidea, 91) egingo den inaugurazio-ekitaldiarekin. Parte hartuko duten banda guztiek bina abesti eskainiko dituzte bertan. Jarraian, Café Irunek berak jam session irekia hartuko du, bandetako musikariak eta afizionatuak elkartuz.

Urriaren 25an, igandean, 12:00etatik 14:30era bandek Irungo auzo ugarietan zehar joko dute, besteak beste, erdigunean, San Migelen, Behobian, Anzaranen, Pio XII.ean, Santiagon, Dunboan eta Juan Wollmerren. Ekintza honen bitartez musika auzo askotara zabaldu nahi da. Arratsaldean, 19:00etatik 21:30era, berriro hiriko kaleetan eta terrazetan musikaz gozatzeko beste aukera bat egongo da, hainbat puntutan aldi bereko emanaldiekin.

Urriaren 26an, igandean, 12:00etan Zabaltza Plazako kioskotik banda bakoitzaknazken emanaldia eskainiko du, epaimahaiaren aurrean eta jaialdiari amaiera emanez.

Parte-hartzaileak

Honako bost talde hauek hartuko dute parte: Ni para ti ni para mí (Valentzia), Melomanía (Valentzia), Babosa (Portugal), La Asamblea de Majaras (Toledo) eta El Puntillo Canalla (Segovia). Talde horiek estilo askotarikoak eskainiko dituzte, besteak beste, funk-a eta jazza, edo haize eta perkusio instrumentuekin berrinterpretatutako musika herrikoia. Beraz, hiru eguneko ikuskizuna eta dibertsioa bermatuta daude.

Brass Band Jaialdiak musika-hitzordu soila baino gehiago izatea bilatzen du. Hiriaren eta bertako jendearen ospakizuna izan nahi du. Ostalaritzak bultzatu arren, publiko guztientzat pentsatutako hiriko ekitaldia dela azpimarratzen dute antolatzaileek. Denok Bat eta Bidashop elkarteek herritarrak eta bisitariak kalera irten, giroaz gozatu eta musikariak babestera gonbidatzen dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude