Oiasso Museoak urteko lehen jarduerak proposatu ditu 2025aren hasierarekin

Urte berri bat hasi den honetan, Oiasso Museoak proposamen eta eduki berriak iragarri ditu. Lehena, ostiral honetan, hilak 10, Juan Manuel Melchor Garcíak, zeina antzinateko Erromako tresneria mediko eta kosmetikoa birsortzen aditua den, “Emakumea eta amatasuna antzinako Erroman” izenburuko hitzaldi bat emango du, 19:00etan. Interesdunak aretoa bete arte sartu ahalko dira hitzaldira, doan.

Jaio aurreko zaintza, metodo antisorgailuak, jaiotza, edoskitzaroa… Hizlariak Erromako emakumeen amatasunaren inguruko askotariko gaiak landuko ditu, esperientzia handia baitu erromatarren garaian gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen ziren tresna eta erremedioak aztertzen; izan ere, Europa osoko museoekin harremanetan, bilduma esanguratsu bat osatu du, aurkitutako aztarna arkeologikoen oso erreprodukzio zehatzez eratutakoa.

Melchor Garcíak II. Historia eta Zientzia Zikloaren barruan emango du hitzaldia. Museoak Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuarekin elkarlanean antolatzen du zikloa, osasun gaien inguruko ikerketak eta jakintza zientifikoak gizartearen aurrerabidean izan duten eta oraindik ere baduten inpaktua ezagutarazteko asmoz, eta, edizio honetan, besteak beste, “Emakumeak, sexua eta ugalketa: kontatu gabeko istorioa” erakusketa hartu du barnean, hizlariak batu dituen tresnen eta Antzinateko eta Erdi Aroko emakumeen osasuna zaintzeko beste pieza etnografiko batzuen lagin bat.

Oiassoko Foroa MMXXIV proiektua

Dagoeneko Oiasso Museoaren webgunean dago 2024an Oiassoko Foroa MMXXIV proiektuaren esparruan Kutxa Fundazioak ekimen sozial eta kulturaletarako ematen dituen laguntzei esker aurrera eramandako ekimenen emaitza.

Honako hauek dira Oiassoko Foroa MMXXIV proiektuaren helburu nagusiak: historia eta arkeologia jendarteratzea; jakintza modu erakargarrian zabaltzea; jakin-min historikoa sustatzea, ikuspuntu berrietatik; jarraitzaileen interesa elikatzea eta erabiltzaile berriak erakartzea, gazteen artean bereziki; historia generoaren ikuspegitik lantzea; emakumeen presentzia ezagutaraztea eta historian kokatzea; eta Museoa topagune bihurtzea, Erromako Foroa balitz bezala, hormetatik kanpo ere.

Ildo horretatik, ekimen hauek eraman dira aurrera 2024an:

  • Oiassoko ondare arkeologikoaren barruko hamabi pieza arkeologikoren (Higerreko brontze erromatar direlakoen) digitalizazioa
  • Indusketa guztien gainetik historia eta arkeologia podcastaren bigarren zikloa

Interesdunek historia eta arkeologia gaiei buruzko askotariko istorio kurioso eta interesgarriak dituzte eskura, Museoaren webguneko Museoa, Hezkuntza eta Oiasso Audio sailetan, doan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude