Apirilaren 11n Oiassoko terma erromatarrentzat aro berri bat hasi zen, musealizatutako termen inaugurazioarekin. Izan ere, Gipuzkoako iragan erromatarraren arrastorik garrantzitsuenetako bat bisitatzeko aukera dago berriro. Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendaria eta Juanjo Jiménez laguntzaileak pozarren azaldu dira termekin, museoaren eskaintza osatzeaz gainera, aurkikuntzak duen garrantziarengatik. Zohartze Galan Zumeta Arkeolan fundazioko arkeologoak termen berreskurapenean lan egitea nolakoa izan den azaldu du.
Albiste garrantzitsua da museoarentzat termen inaugurazioa, ezta?
Juanjo: Zalantzarik gabe, momentu oso berezia eta garrantzitsua da guretzat eta museoarentzat. Termak orain dela urte asko deskubritu ziren. Arkeologoek indusketak egin zituzten, azkenekoa, 2005ean eta azkenean publiko guztiarentzat ikusgai dauzkagu. Next funtsen laguntzarekin eraman da aurrera musealizazio egitasmo hau. Horrela, hiritarrei erromatar aztarnategi bat eskaini ahal diegu, Irungo hiriaren erdigunean kokaturik dagoena, Euskadin ia bakarra den zerbait. Egia da 2006an ni museoan lanean hasi nintzenetik, aztarnategia beti estalita ezagutu dudala, eta beraz, hunkigarria da orain ikusgai ikustea.
“Zalantzarik gabe, momentu oso berezia eta garrantzitsua da guretzat eta museoarentzat”
Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko laguntzailea
Aizpea: Bai, egia da. Gogoratzen dut 2019an alkatea etorri zela eta esan genion honek ezin zuela estalita jarraitu. Izan ere, museoan dauden pieza askok dimentsio handiagoa hartzen dute aztarnategiari esker. Gauza bat da museoan leiho baten atzean dauden piezak ikustea eta, beste bat da, aztarnategia. Museoa hemen egotearen arrazoietako bat termak bertan aurkitu zirela da. Zuzenean ikusi daiteke lur zoragarri hori eta baita egitura guztia, lehenago soilik marrazkietan ikusi zitekeena. Gainera, 3Dko pantailak ipini dira, irudikatu dezagun eraikin hau nolakoa zen, ez hainbeste estetikoki, baina bai dimentsio aldetik, nondik sartzen zen, etab. Zu museoan beti bezala sartzen zara eta museoko pieza guztiak ikusi ostean, termetara sartzen zarenean gauza asko ulertarazten laguntzen dizu. Beraz, uste dut oso eskertzekoa dela alkateek proiektu hau aurrera eramateko egin duten ahalegina.
Prozesua luzea izan al da gaur egun termak ikusgai egon daitezen?
Aizpea: Zohartze arkeologoak indusketa lanetan parte hartu du. Berak kontatzen zuenez, orain ikusgai dagoenaz gain, gehiago ere bada. Guk bisitari askoren iritziak jaso ditugu eta kontatu izan digute hemen inguruan bizi zirenek, lurrean jolasten, txanponak agertzen zitzaizkiela, txanpon erromatarrak, eta beraientzat oso arrunta zela. Beraz, hortik aurrera gehiago dago, baina hori nola induskatu daitekeen da kontua. Baina nik uste oso polita dela dagoena ikusi ahal izatea, irudikatzea eta gainera informazio asko ematen du. Oso gauza garrantzitsua ere bada hau Irunen egotea. Irun Euskadiko eta, bereziki, Gipuzkoako arkeologia museo bat bihurtzen duelako, non bertan piezak edukitzeaz gainera, induskatutako kokalekua duen. Jende askok brometan esaten digu ea termak irekiko ditugun eta bainujantzia ekarri behar ote den. Ez! Terma hauek ikusteko dira.
“Museoa hemen egotearen arrazoietako bat termak bertan aurkitu zirela da”
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko zuzendaria
Orain dela 2000 urte bizirik zegoen egoitza hau eta horrek erakusten dizu nolakoa zen hiria eta zer aktibitate zegoen. Garai hartan meategiak zeuden eta Irugurutzetako lanak amaitzen direnean ikusi ahal izango dugu erromatar meategi hura historian zehar, XX. mendera arte irekita egon zena, nolakoa zen. Museoan portua nolakoa zen ere ikusi dezakegu, nola funtzionatzen zuen. Piezek berriz eguneroko bizitza nolakoa zen erakusten digute. Santa Elenako nekropolian ere pieza zoragarriak ikusi ditzakegu. Guzti horrek laguntzen digu irudikatzen Oiassok zer garrantzi zeukan.
Horrela beraz, termak nola eta zertarako erabiltzen ziren ulertzea errazagoa izango da.
Aizpea: Oiasso ez zen herri txiki bat, eta beraz, mugimendu handia zegoen bertan; bestela, ez lirateke termak egongo hemen. Termak nahiko ohikoak ziren erromatar munduan baina, hemengo termak bereziak dira.
Juanjo: Orain jada museora etortzen denak badu aztarnategi bat bertan zuzenean ikusgai. Eta gainera oso ondo erakusten du erromatar kulturaren oso elementu garrantzitsu bat, hau da, bainuak. Garrantzia ematen ziotelako erromatarrek bainuari eta ez zen bakarrik higiene kontu bat. Harreman sozialak garatzeko gune bat ere bazen. Aisialdira loturiko testuinguru batean ulertu behar dira. Erromatar bizimoduaren ezaugarriak hobeto azaltzeko aukera ematen digu eta baita inperio osoan nola zabaldu ziren. Lurralde honetan Oiasso leku estrategikoa zen eta oso esanguratsua da orain dela 2000 urte bertako agintariek pentsatu zutela beharrezkoa zela terma batzuk eraikitzea. Hasiera batean txikiagoak ziren eta gero zabaldu egin ziren. Orain ikusi ditzakegunak bigarren fase horren aztarnak dira. Oiassori hiri kutsu bat eman nahi ziotela erakusten digute, eta portuaren eraikuntzarekin batera, momentu oparoa izan zela ondorioztatu daiteke.
“Horri esker ikusi ahal izan dugu termek iparralderantz jarraitzen dutela”
Zohartze Galan Zumeta, arkeologoa
Aizpea: Kuriosoa da. Duela 2000 urte terma horiek irekitzea sekulako iraultza izango zen Oiassoko jendearentzat. Seguruenik gauza oso handia izango zen, hemen, herri txiki batean polikiroldegia eraikitzearen antzekoa izango zuen. Jendea ez zegoen ohituta horretara. Esate baterako, herriko jendea bainujantzian ikustera. Nik uste dut, terma horiek irekitzeak sekulako iraultza suposatuko zuela garai hartan Oiasson.
Zehazki, zein izan da indusketetan egin den lana?
Zohartze: Nik behintzat hala ikusten dut. Ia 30 urteko prozesu baten bukaera izan dela uste dut, orduan topatutako aztarnena. Bertan egon zen Arkeolan Mertxe Urteagaren lantaldearekin. Lehenengo zundaketa egin zuten eta konturatu ziren hemen zeozer zegoela. Labe baten aztarnak topatu zituzten. Hortik aurrera zundaketa gehiago egin ziren eta ikusi zuten zoru berezi bat zegoela. Pixkanaka, ikerketa lanak egiten, 2005ean indusketa handi bat egin zen eta orduan terma guztiak topatu zituzten, orain ikusgai dagoena. Guk azkeneko urte hauetan egin duguna obraren jarraipena izan da.
“Lehenengo zundaketa egin zuten eta konturatu ziren hemen zeozer zegoela”
Zohartze Galan Zumeta, arkeologoa
Horri esker ikusi ahal izan dugu termek iparralderantz jarraitzen dutela. Ez dakigu oraindik zenbateko dimentsioa izango duten. Termek iparralderantz jarraitzen zutela badakigu eta orain museoa dagoen tokirantz ere termen jarraipena egongo zela. Hori baieztatzeko induskatu egin beharko litzateke, baina, kasu honetan ezinezkoa da. Agian, hemendik urte batzuetara, iparralderantz induskatzen jarraitu ahal izango dugu.
Orain arte topatutakoa behintzat, oso garrantzitsua da.
Zohartze: Bai, oso garrantzitsua da. Araban izan ezik, pentsatu behar dugu Euskadin Gipuzkoan bakarrik topatu direla horrelako aztarnak. Orduan oso garrantzitsua da eta ez gara jabetzen hemen daukagunaz. Ikusten ez den lan handia dago atzetik. Gainera, ordu asko sartu behar dira. Egia da arkeologia ez dela lan eroso bat. Eguraldi txarra, euria eta bero handiko baldintzetan lan egin behar delako. Baina azkenean, horri esker, horrelako gauzak hemen topatzeko aukera dugu.
Zer garrantzi du Irunentzat termak bertan topatzeak?
Zohartze: Handia. Ikusi dezakegu nola bizi ziren hemen Oiassoko biztanleak orain dela 2000 urte. Terma, nekropoli eta museoarekin uler dezakegu hori guztia. Honi esker argazkia konpletoagoa da. Kasu honetan topatu duguna da termek iparralderantz jarraitzen dutela, baita ura nondik etortzen zen, gutxi gorabehera, eta nondik joaten zen, logikoa denez, estuariorantz. Gero ere hainbat material topatu ditugu, hau da, marmolezko zatitxo batzuk, baita alabastrozkoak ere. Hau da, termetan egon zitezkeen elementuak. Baita luzerna batzuk ere, bertan ibiltzeko argia behar baitzuten eta horrelako elementuak. Oso pozik gaude.
“Oiassori hiri kutsu bat eman nahi ziotela erakusten digute, eta portuaren eraikuntzarekin batera, momentu oparoa izan zela ondorioztatu daiteke”
Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko laguntzailea
Juanjo: Guk bisita gidatuak eta tailerrak sortu ditugu termen inguruan. Aste Santuan eta Pazko astean egingo ditugu eta udan zehar ere jarduera bereziak eskaintzen jarraituko dugu. 3Dko elementu horiek ere baditugu, museora etortzen den edonork bisita egiteko aukera izan dezan.
Oiassoko terma erromatarrak
Irunen aurkitutako terma erromatarren lehen aztarnak 1994an aurkitu ziren. Bi urte geroago, 1996an, zundaketa batzuk egin ziren, eta absidea aurkitu zen, bai eta opus spicatum izeneko zoladuraren parte bat. Datu horietan oinarrituta, terma edo bainuetxe erromatar baten aztarnak izan zitezkeela pentsatu zen. Aurkikuntza hori dela eta, Oiasso Museoa inguru horretan kokatzea erabaki zen.
“Beraz, hortik aurrera gehiago dago, baina hori nola induskatu daitekeen da kontua”
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko zuzendaria
2002an, Museoa egokitzeko zenbait lan egin ziren, eta beste esku-hartze arkeologiko bat egin behar izan zen. Indusketak egin ziren 52 m2-ko eremu batean, eta zenbait gelaren arrastoak agertu ziren. Gainera, hipokaustoen ezaugarri diren pilae-ak agertu ziren. Horrela, lehendik aurkitutako egiturak termekin lotuta zeudela berretsi zen.
Azkenik, 2005ean eremu guztia induskatu zen. Orduantxe aurkitu zituzten gaur musealizatu eta bisitan txertatu diren elementu guztiak. Ordutik hona, termak estalki batekin babestuta egon dira. Azken esku-hartze arkeologikoa 2023an egin zen, gaur inauguratu den eraikina altxatzeko. Tamalez, ezin jakin dezakegu zer tamaina zuten Oiassoko bainuetxe publikoek, hegoaldeko zein ekialdeko aurri termalak suntsituak izan baitziren. Termen konplexua iparralderantz luzatzen da, 2023ko indusketetan berretsi zen moduan, baina ezin izan zen zehaztu noraino iristen ziren.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.



