Oñaurreko haur jolasen eremuak estalkia izango du

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onestu du Oñaurreko haur jolasen eremuan estalkia egikaritzeko lanak kontratatzea, 459.998,42 euroko gehienezko aurrekontuarekin, BEZa barne. Proiektu teknikoa eta klausula administratibo berezien plegua onestea. Lanak sei hilabetean egitea aurreikusi da.

Irungo Udalak abian jarri du proiektua, Oñaurre auzoak urte osoan zehar eguraldi txarretik babestutako jolasguneaz gozatzeko aukera izan dezan. Azken urteotan, herritarrek gehien eskatu duten jardueretako bat izan da haurren jolasgunea estaltzea.  Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan gehien bozkatutako eskaeretako bat izan ostean udal aurrekontuan sartu zen. Proiektua, gainera, Auzo Elkartearekin partekatu da.

Proiektuaren deskribapena

Esku hartzeko eremuak 1.100 m2 inguru hartzen ditu. Proiektuaren helburua da, erabiltzaileei eguralditik babesteko beharrezkoa duten babesa ematea ez ezik, espazioa egituratzea, leku atsegin batean jolastoki inklusibo bat izatea bermatuta, sormen handiz diseinatutakoa eta askotariko jolas esperientziak hartzen dituena barnean. Bada, horretarako, funtsezkoa da sortzen den espazio berriko jolas, erronka eta esperientziak adin, aurrekari kultural eta gaitasun fisiko, sentsitibo, kognitibo eta sozial guztietako haurrentzat izatea, modu aktiboan eta beren gisara parte hartu eta elkarrekin ahalik eta modu eroso, seguru eta autonomoenean gozatu ahal izan dezaten.

Erabiltzaile guztien (adingabe, zaintzaile eta adinekoen) beharrak hartu dira kontuan, haiek espazioaz jabetzea eta aire zabalean jarduera osasungarriak egitea bultzatzeko, eta, ildo horretatik, jasangarritasun eta irisgarritasun irizpideak, parke inklusiboak diseinatzeko irizpideak eta genero ikuspegia hartu dira oinarritzat. Diseinuaren bidez, berriz, geometria bereziko elementu arkitektoniko bat sortu da, erraz identifikatzeko modukoa, funtzionaltasuna alde batera utzi gabe, proposatutako egituraren bitartez balioa erantsi nahian.

Hiru eraikuntza elementu proposatu dira. Forma errektangularrak eta ertz biribilduak izango dituzte, eta bata bestearen gainean egongo dira, konposizio kateatu txiki bat eratuz. Bi elementurik handienak altuera desberdineko bi estalki izango dira, eta bestea, plataforma bat, jolaserako elementu gehigarriarena eta estalpean egoteko tokiarena egin dezakeena. Estalpeko eremuaren azalera 486 m2 inguru izango da. Bi estalkiak hormigoizko sei zutaberen gainean egongo dira, eta zutabeek zurezko egitura bati eutsiko diote; horrela, jolastoki diafano eta zabal bat eratuko da. Estaldura izpi ultramoreetatik babestutako polikarbonato gardenezkoa izango da, eta aluminiozko profilduna, eta bi mailatan banatuta egongo da, giro desberdinak sortzeko, aireztapen naturalari bide emateko eta haizearen bultzada negatiboa txikitzeko.

Egituraren konfigurazioaren ondorioz, egungo jolas batzuk dauden lekuan geratuko dira, eta beste batzuk, berriz, lekuz aldatuko dira, espazioa hobeto banatzeko, segurtasun tarteak errespetatuta betiere. Kautxuzko zolagaina ere berrituko da, diseinua elementuen antolamendu berrira egokitzeko, eta estalkia parkearen erdialdean kokatuko da, bide batek inguratuta, haur zein helduak parkeko gainontzeko ekipamenduari eta jarduera nagusiari traba egin gabe ibili eta paseatu ahal izateko. Handik, erraz asko joan ahalko da jolastokira eta kirola egiteko makinetara, zeinak egungo toki berean egongo diren. Irteera eta helmuga estalkitik kanpo egongo dira, bide tarte zabalagoetan, parkearen bi sarreren ondoan. Gainera, argiztapen instalazio berriak jarriko dira, estalpeko jolastokia behar bezala argiztatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude