Irungo Udalak Garapen Jasangarriko Arloaren bidez jakinarazi duenez, otsailaren 2tik 15era egin beharko da aurtengo gorosti banaketan parte hartzeko epea. Aurtengoa “Etorkizuna gara. Elkarrekin hazteko gorosti bat” egitasmoaren 10. edizioa izango da, kasu honetan, 2025ean zehar hirian jaio ziren haurrentzat eta haien familientzat. Gorostiarekin batera, ipuin bat oparituko zaie parte hartzaileei martxoaren 7an udaletxeko arkupeetan egingo den ekitaldian.
Izen emateak hastear
Gorostiak jasotzeko ekitaldian parte hartu nahi duten familiek otsailaren 2tik 15era arte eman behar dute izena, Udalaren webgunean horretarako prestatutako atal espezifikoan edo 010 telefonoan.
Ekitaldian parte hartu ahal izateko haurra Irunen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Izena emateko, datu hauek eman behar dituzte: haurraren izen-abizenak eta jaiotza data eta haiekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, mezu bat bidaltzeko.
Behin izena emateko epea bukatutakoan, gorostia jasotzeko txandak antolatuko dira. Mezu elektroniko bat bidaliz jakinaraziko zaie familiei zein egun eta ordutan eta zer lekutan jaso dezaketen oparia.



