Pierre Loti pasabidea, Bidasoa ibaiaren gaineko lotune berria

  • Oinezko eta bizikletentzat
  • 1,2 kilometrotako luzera
  • Bidasoa ibaiaren gainetik

Irunek lotura berria du otsailaren 3tik. Egun horretatik eskualdeko bizilagunek Plaiaundi kalea eta Iparralde hiribidea lotzen dituen Pierre Loti pasagune berriaz gozatzen dute. Bidasoa ibaiaren uren gainean altxatzen den 1,2 kilometrotako egurrezko pasabide berriak orain arte lotura zuzenik ez zuten hiriko bi auzo gerturatzen ditu. Hiritar askok luzaroan esperotako egitura honen irekiera txalotu dute, beste batzuek, berriz, mugikortasunari dagokionez oraindik hobetu beharreko alderdiak daudela gogorarazten duten bitartean.

Pasagune berria otsailaren 3aren goizeko lehen orduan inauguratu zen. Inaugurazio ekitaldian izan ziren Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko foru diputatua eta Cristina Laborda Irungo alkatea. Haiekin batera, halaber, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuorde eta Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendaria ere bertan izan ziren.

Mikel Jauregi sailburuak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua zeinen garrantzitsua den azpimarratu du klima aldaketari aurre egin ahal izateko: “emisio gutxiago dituen proiektu baten alde ari gara”. Bide beretik, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azaldu duenez, “horrelako azpiegiturak funtsezkoak dira automobilaren erabilera mugatzeko, emisioak murrizteko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriak biziberrituz eta komunitateen arteko loturak indartuz. Irungo alkate Crisitna Labordak berriz, bidegorriak mugaz gaindiko izaera sendotzen lagunduko duela aurreratu du: “oinezko eta bizikletentzako konexio berri honek hainbat onura ekarriko dizkie hiritarrei, ez bakarrik irundarrei, baizik eta Bidasoako eskualdeari, gure Hendaiako auzokideak barne, noski”.

Proiektua guztiz osatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bidegorria argiztatzeko konpromisoa hartu du, 310.000 euroko inbertsioarekin. Jose Ignacio Asensio diputatuak azaldu duenez “gune horiek osasungarriak, jasangarriak eta seguruak izango direla bermatzeko, batez ere emakumeentzat eta adinekoentzat”. Beraz, bidegorriaren lagapena formalizatu ostean, lanak udaberrian bertan hastea espero dela azaldu du.

Pasagune bat baino gehiago

Pasabide berriak Euskal Herrian bizi izan zen marinel eta idazle frantziar Pierre Lotiren izena darama. Eusko Jaurlaritzak egikaritutako proiektuak 3,4 milioi euroko aurrekontua izan du. Uraren gainetik eta eskualdearen bi aldeak lotzen dituzten zubien azpitik doa oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berriak 1,2 kilometroko luzera eta 3,5 metroko zabalera du, % 6 eta % 3 arteko aldapa leunekin.

Gainera, Plaiaundi instituturainoko errepidetik doan bidegorriari, Ekoetxeari eta Plaiaundi Institutuari zerbitzua emango dien aparkaleku batekin osatu da obra. Ekoetxea ingurumen zentroaren sarreran berritutako aparkalekuak 32 plaza eta espaloi perimetralak dituen lorategigune bat ditu, baita GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarreraren ondoan kokatutako bizikletentzako aparkaleku bat ere. Aparkalekuetan eta oinezkoentzako guneetan zoladura iragazkor eta begetalak erabili dira.

Obra hau “Txingudiko badiaren inguruko naturguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko plan gidariaren” barruan kokatzen da.  2015eko maiatzean Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako plana da, estuarioaren ingurua zainduz, Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko hiri eta bizikleta konektibitatea sustatzeko sortua.

Luze esperotako proiektua izan da, izan ere, hainbat zailtasun izan ditu bidean. Lehen eraikuntza-proiektua idatzi ondoren, hainbat zailtasun tekniko aurkitu ziren planteatutako obrak egiteko: bertan zeuden zerbitzuek ez zuten kokapen zehatzik, tinkatze piloteak jartzeko zailtasuna eta tren zirkulazioa eten beharra. Horregatik guztiagatik, proiektu alternatibo bat idaztea erabaki zen, nazioarteko zubien azpitik pantalan bidez igarotzeko soluzio batean oinarritua. 2022an proiektuaren eguneratzea kontratatu zen, 2023ko amaieran hasi ziren lanak eta, urtebeteko obren ondoren, 2025eko hasieran jarri dira martxan.

Lotura berrien esperoan

Pasagune berri honek loturak hobetu dituen arren, eskualdeko biztanleek oinezko eta, bereziki, bizikletentzako bidegorrietan hobetu beharrekoak ikusten dituzte oraindik. Esaterako, Balazta elkarteak argazki protesta hasi du. Horretarako, Irunen eta Hondarribian “Bidegorria noizko?” kartela duten bi bizikleta gorri kokatu dituzte. Horien kokalekua ez da ausazkoa izan, txirrindularientzako “puntu beltz” izaten jarraitzen duten tokietan ipini baitituzte: Plaiaundiko bidegorriaren amaieran, hau da, GI-636 errepidearen azpian eta Mendelun GI-2134 errepidean. Egitasmoaren helburua da protestarekin bat egin nahi dutenek puntu horietakoren batean argazkia atera eta balazta@balazta.org helbidera bidaltzea, ahal den eskaera gehien biltzeko helburuarekin.

Pierre Loti pasabidearen inaugurazioan Hondarribiarekiko loturarengatik galdetu ostean, Mikel Jauregi sailburuak instituzioen arteko elkarlanean egin beharreko zerbait dela adierazi du: “Ministerioak esango duenaren esperoan gaude oraindik”. Inaugurazioa egitetik bi astera haiekin biltzekoa zela adierazi zuen sailburuak, Hondarribiko loturaren gaia berriro ere mahai gainean jarriko zuela aurreratuz, “merezi duen gaia baita”.

Irungo eremuari dagokionez, Cristina Laborda alkateak azaldu du 2024ko uztailean onartutako Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planak Colón pasealekua eta Nafarroa etorbidea zeharkatzen dituen bidegorri bat proiektatuta daukala. Hala ere, alkateak adierazi duenez, “egia da Hondarribiarekiko lotura zailagoa dela, behintzat San Lorenzo urmaela berreskuratu arte, trafiko handiko puntu batean baitago, hau da, Hondarribiarekin Mendeluren bidez lotzen duen Zumibuxuko biribilgunearen alboan”.

Gauzak horrela, ibilaldi luzeagoak egiteko gogoa dutenek oraindik zain egon beharko dute. Bitartean, Pierre Loti pasabideak eskaintzen duen perspektiba berria ezagutu nahi dutenek badute aukera polita. Izan ere, askok jada gozatu duten esperientzia da, inaugurazio ekitaldia amaitu bezain laster eta baita hurrengo egunetan zehar, asko izan ziren pasagunea ezagutzera hurbildu zirenak, oinez zein bizikletaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude