Saioa Auzmendi, motorraren pasioa sare sozialetara eramaten duen gazte irundarra

Motorraren mundua pasioz eta perspektiba berri bat eskaintzeko gogoz bizitzen du Saioa Auzmendik. Irunen jaiotako gazte honek Bartzelonan du gaur egun bizilekua, eta bertatik sortzen ditu automobilismoaren inguruko edukiak sare sozialetan. Bere bideoen bidez, 1 Formulaz haratago dauden lasterketak eta kategoriak ematen ditu ezagutzera, ikusgarritasun urriagoa duten lehiaketei agerikotasuna emanez.

Nondik datorkizu autoekiko zaletasuna?

Jende askok bezala, txikitatik 1 Formula nire gurasoekin ikusten nuen. Etxean betidanik ikusi ditugu kotxe lasterketak, MotoGP edo Rallyak. Nire aita gainera, irrati kontroleko autoekin ibiltzen zen eta Ibarlako zirkuituan lasterketak egiten zituen. Lasterketa horiek telebistan ikusteko ordaintzen hasi behar izan zenean ikusteari utzi genion, baina gero nire kabuz berriro hasi nintzen.

Nolatan erabaki zenuen zaletasun hori zure sare sozialen bidez zabaltzea?

Bartzelonara bizitzera etorri nintzenean, hemen Montmeló zirkuitua dagoenez, bertara lasterketak ikustera joaten hasi nintzen, baina ez bakarrik 1 Formula; ehundaka lasterketa ezberdin egiten baitira bertan. Zirkuituan pistako komisarioek eta lasterketetan laguntzen duten boluntarioek egiten duten lana ikusi nuen eta zeregin horietan aritzeko izena ematea erabaki nuen. Horrela, astebururo sarrerak ordaindu beharrean, doan joateko aukera ere izango nuen. Horri esker, ezagutzen ez nituen ehundaka lasterketa eta kategoria daudela konturatu nintzen gainera, inork ez duelako haien inguruan hitz egiten.

“Zoritxarrez, oraindik askok uste dute emakumeek kotxeen inguruan ezer gutxi dakigula”

Autoen inguruko edukia sortzen hasi ostean, noiz nabaritu zenuen benetan jarraitzaileen gorakada?

Lotsa ematen zidanez, Tik Token hasi nintzen, pentsatuz inork ez zituela nire bideoak ikusiko. Lagunek eta familiakoek edukia Instagramen ere partekatzera animatu ninduten, jende gehiagok ikus zezan. Behin bideoak grabatzen hasita, lotsa galdu eta zer gertatzen zen ikustea erabaki nuen. Horrela ikusi nuen jendeak 1 Formulaz gain, egiten diren beste lasterketak ere gustuko dituela, orokorrean kotxeen inguruan hitz egiten hasi nintzelako eta badirudi arrakasta izan duela.

Nolako edukia partekatzen duzu orain zure sare sozialetan?

Orokorrean, GT lasterketez hitz egitea gustatzen zait, azken batean kaleko autoak direlako, esaterako, BMW, Ferrari edo Mercedesak, baina kotxearen potentzia handitzeko aldaketak eginda. 1 formula baino askoz dibertigarriagoak direla iruditzen zait, beraz, horien inguruan hitz egin ohi dut, jende gutxiagok ezagutzen baititu.

Edukia sortzeko eta sareetan zabaltzeko prestakuntza berezirik jaso duzu?

Cap Cuteko doako bertsioarekin hasi nintzen bideoak editatzen, ideia askorik izan gabe. Edukia mugikorrarekin grabatzen dut, aplikazioan mozketak egin, azpititulu automatikoak jarri eta, tarteka, PNG formatuan dagoen argazkiren bat txertatzen dut. Uste dut ez naizela trebeegia gai hauetan, beraz, bideo sinpleak egiten ditut. Egia da ere, ezin ditudala 3 orduko lana eskatzen duten bideoak egin, ez baitut hainbeste denbora.

Gaur egun, sare sozialetan hainbeste eduki sortzaile izanda, erraza da zerbait ezberdina eskaintzea jarraitzaileei?

Automobilismoaren mundua bereziki, uste dut oraindik Espainian ez dela gehiegi zabaldu, baina hala ere ez da erraza ikustaldiak edo jarraitzaileak lortzea. Honetan hasi nintzenean ez nuen inolako helburu zehatzik, soilik ondo pasatzea, nik nire lana baitut. Nire kasuan, neska naizenez eta kotxeen inguruan hitz egiten dudanez, ohi baino kritika gehiago jasotzen ditudala uste dut; zoritxarrez, oraindik askok uste dute emakumeek kotxeen inguruan ezer gutxi dakigula. Beraz, mundu honetan gizona izanda haztea errazagoa dela pentsatzen dut. Egia da, aurten 1 Formula oso aspergarri bihurtu dela indarrean ezarri diren erregulazio guztien ondorioz, kotxeak gehiegi elektrifikatuz, eta horrek mesede egin didala; jendea beste motako lasterketak ikusten hasi baita. Hain zuzen ere, justu ni jada lantzen ari nintzen lasterketak ikusten hasi dira.

Nola antolatzen duzu sareak elikatzeko atzetik dagoen lan logistiko guztia?

Nik 40 minutuko bidea egiten dut egunero metroz lanera joateko eta denbora hori hau guztia egiteko erabiltzen dut. Landu nahi ditudan gaiak pentsatu, gidoiak egiten ditut eta bideoak editatzen ditut. Astean zehar pilatutako ideia guztiak asteburuetan grabatzen ditut, bata bestearen atzetik; hurrengo astean zehar metroan editatzeko. Bestela, astegunetan ezinezkoa zait ezer gehiago egitea.

Sare sozialetan sortutako edukiari esker, ametsen bat betetzeko aukera izan duzu?

Bai, oraindik txundituta nago internetek duen boterearekin. Sareetan edukia sortzeko zaletasuna urte honetako hasieratik aurrera serioago hartu dudala esan dezakegu eta oso pozik nago orain arte lortutakoarekin. 1 Formularekin Ingalaterrara joateko aukera izan nuen Hot Wheels markari esker; txikitatik telebistan iragartzen ditudan jostailuzko autotxoei esker. Harrigarria da horrelako marka batek zurekin lan egin nahi duela ikustea. Beste egun batean, Bartzelonako zirkuituan buelta bat ematera eraman ninduten eta lanetik lehenago atera behar izan nintzen arren, bitan pentsatu gabe joan nintzen. Egun horretan primeran pasa nuen zirkuituan 300 kilometro orduko abiaduran super-kiroleko auto batean. Horrela izan ez balitz, inoiz ezingo nituzke esperientzia horiek gozatu.

“Asko gustatuko litzaidake Le Manseko 24 orduko lasterketa ikustera joan ahal izatea”

Automobilismora geroz eta emakume gehiago gerturatzen direla nabaritu duzu?

Bai, orokorrean, kirol guztietan gertatzen ari den zerbait dela esango nuke; gero eta emakume gehiago daudela edozein kiroletan. Hori primeran dago, behingoz, emakumeak edonon daudelako, nahiz eta oraindik gizon askok bilakaera hori ez ulertu. Egia da, oraindik gehiago aurreratzen jarraitu behar dela. Esaterako, kirol kazetarien artean ere geroz eta emakume gehiago daude eta hori oso lagungarria izan daiteke hain ikusgarriak ez diren emakumeentzat, eredua jarraitzeko.

Sareetan autoen inguruko edukiak sortzeaz bizitzea posible ikusten duzu?

Ez dakit, denbora gutxi daramadalako honetan. Zure bizitzaren edo bizi estiloaren edukia sortzea errazagoa dela pentsatzen dut, egunero zer kontatu baduzulako, baita hainbat iragarki egiteko ere. Autoen kasuan zailagoa iruditzen zait, baina ez ezinezkoa; batzuek lortu dutelako. Dena den, edukia sortzeko edo irabaziak izateko aukerak murritzagoak dira. Ez nuke esango nire ametsa denik, beraz sareekin diru asko irabazi beharko nuke nire lana uzteaz pentsatzeko.

Eta, etorkizunean, autoekin loturiko beste ametsen bat bete ahalko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Asko gustatuko litzaidake Le Manseko 24 orduko lasterketa ikustera joan ahal izatea. Urte askotan telebistan ikusi izan dut, baina bertan zuzenean ikusteak sekulakoa izan behar du. Izan ere, lasterketetara zure kabuz joateak diru asko eskatzen du gauza asko ordaindu behar direlako, sarrerez gain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude