Azaroaren 6ra arte Ibon Azpilikueta argazkilariak antolatutako erakusketa bisitatu ahalko da Martindozenea Gaztelekuan. Cianotipia izeneko erakusketak XIX. mendean deskubritutako teknika erabiliz argazkietan lortutako emaitzak erakusten ditu. Konfinamenduaren ostean GazteARTEan Expo programaren bitartez antolatutako lehen erakusketa da eta, nobedade gisa , erakusketa etxetik 360º-tan bisitatzeko aukera egongo da.
Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?
Argazkilaritza aspalditik nire bizitzan dagoen afizio handiena da. Pixkanaka hasi nintzen mundu honetan eta geroz eta gehiago murgiltzen joan naiz. Digitalean hasi eta, ostean, mundu analogikoan murgildu nintzen. Mundu analogikoarekin loturiko teknika desberdinak landu ditut, horien artean, Cianotipia izeneko teknika zaharra. Oso teknika erraza denez, teknikarekin jolastuz negatibo eta positibo bat zer diren ikasteko aukera ematen du, izan ere, emaitzak agerikoak eta azkarrak dira, hortaz, gazteekin jolasteko primerakoak.
Zure lehen erakusketa izan da hau?
Ez, bestelako erakusketak egin izan ditut, nahiz eta besteetan bidai bateko argazkiak edo erakutsi izan ditudan. Erakusketa hau egiteko aukera lortu nuen Irungo Gaztelekuan ekintzak antolatzen dabilen pertsona arduradunetako bat ezagutzen dudalako. Gazteentzako erakusketa eta tailerra antolatzeko aukera eman zidan eta horixe egin dugu.
Zer ikusi daiteke “Cianotipia” teknikaren izena daraman erakusketa honetan?
Bi obra handi daude. Batetik, paisai bat, argazki digital batetik transparentzien bitartez negatiboak sortu direnak eta transparentzien bitartez cianotipiari esker postiboetan bihurtu direnak. Luzeran metro eta erdiko paisai bat da. Bestetik, eguzki-lore baten koadroa dago, 80 argazki txikiz osatuta dagoena. Argazkiek banan banan ez dute inolako zentzurik, baina, konposizio zehatz honekin mosaiko bat osatzen dute. Gainontzekoak, tailerrean bertan sortutako lanak dira: erretratuak, paisaiak, hostoak, loreak, … Argazki bakoitzak tratamendu ezberdinak dauzka, hau da, lixiban, ur oxigenatuan, infusioan edo bestelako likidoekin nahastu genituen, argazkietan lortu daitezkeen efektu desberdinak ezagutzeko.
Nolakoa izan zen gazteekin egindako tailerra?
Jakinda gaztelekua orain dela gutxi ireki zela eta orain jende gutxiago dabilela, neskatxo batzuk apuntatu ziren eta oso gustura ibili zirela uste dut. Beraiei momentuak ateratako argazkiekin eta nik emandakoekin lan egin genuen. Horrela, 1842. urtean sortutako teknika bat ezagutzeko aukera izan zuten eta gauzak politak egin daitezkeela ikusi zuten.
Erakusketaren nobedade nagusia, gaztelekuak etxetik erakusketa 360º bisitatzeko aukera eskaintzen duela da, ezta?
Aukera polita da, azken finean, Gaztelekuan erakusketa aurrez aurre ikusteko aukera dagoen arren, egindako lanak konpartitzeko beste modu bat dela uste dut. Momentuko egoera ikusita denok moldatu behar gara eta lehenago moldatzen dakienak besteengana iristeko aukera gehiago izango ditu. Hala ere, etxean bakoitzak bere kontu erakusketa birtualak antolatzea konplikatuagoa iruditzen zait, erakusketen berezitasuna zure lanak beste norbaitekin konpartitzeko aukera izatea da.
Antzinako teknika bat deskubritzeko aukera eskaintzen duzu erakusketaren bitartez?
Bai, nire burua mundu digitalaren erabiltzaile gisa kontsideratu arren, mundu analogikoak argazkilaritzaren beste ikuspuntu bat eskaintzen dizu. Hau da, ekintzak gehiago hausnartu eta polikiago egin behar dituzu. Beste mundu bat da. Gazteei teknika hau erakusteko aukera izatea oso polita da, negatibo bat zer den ezagutzeko aukera izan dezaten.
GazteARTEan Expo bezalako programen bitartez artista gazteen lana bultzatzea eskertzeko da?
Bai bai, noski. Horrelako ekimen eta bultzada guztiak eskertzekoak dira. Konfinamenduan zehar nik neuk etxean horrelako gauzak egin nituen, hortaz, honelako teknikak entretenitzeko modu desberdinak eskaini ahal dizkigute.
Erakusketa osatzen duten lanen artean, bereziki atsegin duzun lanik duzu?
Eguzki-lorearen argazkiaren emaitza asko gustatzen zait. Izan ere, bere txikitasunean zeresan gutxi duten argazkiekin, behar bezala elkartuz gero, nolako zentzua izan dezaketen asko gustatzen zait. Bestetik, tailerraren egunean bertan egindako argazki eta esperimentuen emaitzak asko gustatu zitzaizkidan ere.
Artista gisa, zeintzuk dira buruan dauzkazun hurrengo proiektuak?
Polaroid motako argazki-kamerak asko erabiltzen ditut eta haiekin lanen bat osatzeko gogoa dut. Hortaz gain, jada saltzen ez diren eta bigarren eskuko azoketan soilik eskuratu daitezkeen Polaroid zaharrak lortu eta zaharkitutako karretekin jolasteko zenbait ideia dauzkat. Beti bezala, gelditu gabe, saltsa batetik bestera.