San Migel-Anaka eremua eraldatuko duen proiektuari hasiera ofiziala eman zaio gaur

Irungo Udalak mugarri garrantzitsua ezarri du gaur hiriaren garapenean, San Migel-Anaka eremuari hasiera ofiziala emateko ekitaldi instituzionala ospatu baitu. Proiektu honek hiriaren mendebaldeko hiri-egitura eraldatzea du helburu, gaur egun isolatuta dauden bi auzoak integratuz eta Irunen inoiz egin den etxebizitza publikoaren sustapenik handiena abian jarriz. Ekitaldian udal ordezkariak, auzo-elkarteetako kideak eta bi eremuetako gizarte-eragileak bildu dira, proiektuaren obra-plana eta xehetasun teknikoak bertatik bertara ezagutzeko.

Cristina Laborda Irungo alkateak “historikotzat” jo du une hau, urteetako kudeaketa eta tramitazio konplexuaren ostean. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, garapen honek “hiri-hutsune” bat zena bi auzoen arteko lotura-puntu bihurtuko du. “Luzaroan, San Migelek eta Anakak bizkarra-bizkarrez bizi izan dute. Proiektu honekin hiria josten eta aukera berriak sortuko dituen espazio partekatu bat sortzen hasi gara”, azaldu du alkateak.

Etxebizitza publikoa ardatz

Garapen berriaren zutabe nagusia etxebizitza izango da. Obren bidez 887 babes ofizialeko etxebizitza (BOE) eraikiko dira, hirian dagoen eskaintza babestua bikoiztuz. Labordaren esanetan, helburua ez da eraikinak altxatzea soilik: “Etxe berriak egin nahi ditugu irundarrak gure hiriaren parte izaten jarrai dezaten”.

Eremu berriak pertsonen bizi-kalitatera bideratutako hirigintza-eredua jarraituko du, hainabt elementu elementu kontutan hartuz. Batetik, kale irekiak eta egolekuk, bizikidetza sustatzeko gune berriak sortuz. Mugikortasun jasangarria sustatzeko, oinezkoen ibilbideak eraiki eta bidegorri sarea osatu. Azkenik, hiri-sarea indartzea, bi auzoen arteko integrazioa eta jarraipena bermatuko duten loturak eraikitzearen bitartez.

Obren egutegia eta jai herrikoia

Urbanizazio-lanak datorren astelehenean, martxoaren 16an, hasiko dira Irunvi Etxebizitza Sozietate Publikoaren zuzendaritzapean. Udalak balioan jarri du Hiri Garapeneko Arloak eta talde teknikoek prozesu honetan egindako lana.

Bestalde, hasiera batean larunbat honetarako aurreikusita zegoen jai herrikoia apirilaren 11ra atzeratu da. Egun horretan, Julian Sanchez parkean ospakizun programa bat egingo da San Migel eta Anaka-Puiana auzo-elkarteekin elkarlanean, eraldaketa honen hasiera herritarrekin batera ospatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude