Aurten uztailaren 9tik 13ra egingo da Dies Oiassonis jaialdia, terma erromatarrak erakargune berria izango direlarik. Antolatutako jarduerak Oiasso museoan bertan zein hiriko beste gune batzuetan egingo dira, ondare erromatarra herritarrei gerturatzeko.
Cristina Laborda Irungo alkateak eta Nuria Alzaga alkateorde eta Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkariak aurtengo edizioaren aurrerapen bat aurkeztu dute, Aizpea Goenaga museoko arduradunarekin eta Miriam Merino aurtengo kartelaren diseinatzailearekin batera. Kartela, hain zuzen, Oiassoko termetan inspiratuta dago.
Alkatearen hitzetan, “Dies Oiassonis esatea hirian guztiz errotuta dagoen hitzordu ezin bereziago bat aipatzea da”. Aurtengoa, izatez, XV. edizioa izango da. “Jaialdia erreferentzia erromatar sendoa da, bai irundarrentzat, bai ingurutik bisitan etortzen direnentzat, urterik urte indartu egiten baitugu proposamena aberasteko eta berritzeko apustua”, erantsi du alkateak.
Bestalde, Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkariak esan du «ilusioa» pizten diola Dies Oiassonisen edizio berri bat ate joka ikusteak: “programazio gehiena lotuta daukagu dagoeneko, eta bidea irekitzen hasi nahi dugu gaur aurkezten ari garen berritasun hauekin”. Nuria Alzagak aipatu duenez, “Gure iragan erromatarraren testuinguruan, historiarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako eskaintza handi bat daukagu esku artean, eta hari esker erreferentzia bihurtzen gara gure inguruan”. Hori lortzeko ezinbestekoa izan da hiriko elkarte eta erakundeen lankidetza, adierazi du Kultura eta Hiri Bultzadako ordezkariak.
Klasikoak eta berritasunak
Berrogeita hamar bat jarduera antolatuko dira uztailaren 9tik 13ra bitartean egingo den Dies Oiassonis jaialdiaren XV. edizioan. Batzuk sendo errotutako klasikoak dira, hala nola Navigium Isidis, zirku erromatarra edo pintxo erromatarraren ibilbidea, eta Oiasso museoan edo hiriko beste zenbait puntutan izango dira. Programazio osoa aurrerago iragarriko da.
Edizio honetako berritasunez artean, aipatzekoa da jaialdiari hasiera emango dion antzezlana, Ifigenia; Amaia KZn eskainiko da uztailaren 9an, asteazkenarekin, 21:00etan. Aktoreen artean, aipagarri dira María Garralón eta Juanjo Artero. Obra 2024ko uztailean estreinatu zen Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdi sonatuan.
Era berean, lehiaketa gastronomikoa lekualdatuko da: orain arte udaletxeko arkupeetan egin bada ere, aurten Almudena Grandes plazan antolatuko da. Lehiaketaren gaia ere aldatuko da: Orain arteko arrain zopa atzean utzita, aurten Isicia Omentata onena nork prestatuko duen ikusteko lehiatuko dira parte-hartzaileak. Antzinako Erroman jaten zen plater hori askotariko bizigarriekin prestatutako haragi txikituzko enpanada bat da, gaur egungo hanburgesen nolabaiteko aurrekari bat. Lehiaketako herri-epaimahaiko kideak doan sartuko dira gonbidapenarekin.
Antzezpen historikoek protagonismo handia izango dute aurten. Espazio handiagoa hartuko dute Oiasso museoan, termen kanpoaldean eta Almudena Grandes plazan.
Azoka erromatarra ere itzuliko da Irungo kaleetara, zehazki Fermin Calbeton, Genaro Etxeandia eta Foru kaleetara. Horrez gain, postu batzuk instalatuko dira Luis Marianoko lorategietan ere.
Azkenik, terma erromatarren bisita gidatu berezi bat eskainiko da: salbuespenez, apirilean irekitako azpiegitura hori gauez bisitatzeko aukera eskainiko da, zentzumenekin lotutako kontuei leku berezia emanez. Uztailaren 11n izango da, ostiralean. Gainera, Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta Bainea ikuskizunaren hiru emanaldi eskainiko ditu, larunbat arratsaldean eta gauean eta igande goizean, termen kanpoaldean.
Sarrerak aste honetan salgai
Ifigenia antzezlanera (uztailak 9, 21:00), afari erromatarrera (uztailak 11, 21:30) edo zirku erromatarraren hiru saioetako batera (uztailak 12, 21:00 eta 23:00; eta uztailak 13, 12:00) joan nahi dutenek ohiko saltokietan eskuratu ditzakete sarrerak: Udalaren webgunean edo Luis Marianoko turismo-bulegoan. Sarrerak aste honetan bertan jarriko dira salgai. Hona prezioak: Ifigenia antzerki-emanaldia 7 euro, afari erromatarra: 30 euro (200 pertsona) eta zirku erromatarra 5 euro larunbatean eta 4 euro igandean. Antzezpen historikoko emanaldietarako sarrerak jaialdian bertan jarriko dira salgai, Oiasso museoan.
Dies Oiassonis
Hamalau edizioren ondoren, XV.a bidean, jaialdi honek aukera eskaintzen du modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko gure ondare arkeologikoaz eta Oiasso zaharraren historiaz: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko segizioa… guztiak ere historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emateko.



