Irungo Udalak, Udaltzaingoaren bidez, Ertzaintzarekin koordinatuta, zirkulazio kontrolen protokolo berezia jarri du martxan eguberrietarako, alkoholaren eta drogen eraginaren pean gidatzea ekiditeko. Era berean petardoak, bengalak eta antzekoak erabiltzea prebenitzeko, bi poliziek eguberrietako kanpainarako abiarazitako Segurtasun Plan Bereziaren osagarri.
Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergesek adierazi duenez, “Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean arituko dira berriz ere egun hauetan, Segurtasun Plan Bereziaren eta protokolo bereziaren bidez, hiriko kaleetan segurtasuna areagotzeko jende asko dabilen egunetan. Herritarrei gizalegez jokatzera deitzen diegu, eta ibilgailua behar bezala eta arduraz erabili eta bide publikoan petardorik eta antzekorik ez erabiltzera”.
Zehazki, udaltzainek zirkulazio kontrolak egingo dituzte, jendeak ez dezan har autoa alkohola edan edo drogak hartu ondoren; batik bat, Gabon gaueko eta Urtezahar gaueko ordu txikietan.
Piroteknia kontrolak
Gainera, Udaltzaingoak gogora ekarri du gizalegez jokatzeko ordenantzak eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzen duenak berariaz debekatzen dutela petardoak, bengalak eta abar erabiltzea kalean edo zeharka bide publikoan eragina izan dezaketen lekuetan berariazko baimenik izan ezean. Araudia hausten dutenek 750 euroko isuna ere jaso dezakete.
Azken urteetan ikusi denez, produktu piroteknikoak ardura gabe eta modu arriskutsuan erabiltzen dira eguberrietan. Hori dela eta, Udaltzaingoak gogorarazi du ezin direla erabili, arriskutsuak baitira hala pertsonentzat nola ondasunentzat.
Udalak irundarrak kontzientziatu nahi ditu, eta jakinarazi du, gainera, gisa horretako elementuen erabilera zorrotz zainduko duela. Herritarrek eskura dituzte 092 eta 112 zenbakiak, gai horien eta beste batzuen inguruko kontuen berri emateko.
Arreta berezia merkataritzan eta ostalaritzan
Hilaren hasieran, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio protokolo bat jarri zuten abian. Beheraldiaren lehenengo egunetara arte iraungo du, eta prebentzioa du ardatz, egun hauetan ohikoenak diren delituak prebenitzeko, hala nola hiriko merkataritza eta ostalaritza eremu nagusietan gertatzen diren ebasketa eta lapurretak.



