Txingudi Errugbi Klubeko taldeek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan

Argazkia: Zaisa Txingudi eta Urgozoren arteko partida Plaiaundin
(Egilea: F. de la Hera)

Zaisa Txingudik etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan. Sailkapeneko Urgozo liderra bisitatuko du igandean 11:30etatik aurrera hirugarren postua ziurtatzeko helburua. Ligako azken aurreko partida, Urgozo liderraren aurka. Lehenengo bi postuetan kokatzea matematikoki ezinezkoa dute Iñigo Camareroren mutilek, baina ez dute amore emango, Zarautz B/Beltzak eta La Unica B oso gertu baitaude sailkapenean.

Ezin izango dira bertaratu Xabi Sánchez, Iker Tejero, Asier González, Alberto Robleda ezta Jon Sanchez ere eta Lander Vielba, Javi Paredes, Mikel Genua eta Odei Alonsoren parte hartzea zalantzan dago. Hala ere, bizkaitarren aurka gogor borrokatuko duen hamabostekoa osatzeko osagaiak soberan izango ditu Camarerok. Plaiaundin jokatutako norgehiagoka ikusgarrian, berdinketa lortu zuten mugakoek.

Gazteek eta beteranoek ere badituzte partidak

Gizonezkoen taldeaz aparte,18 urte azpikoak ere jardunaldia izango dute. Larunbatean, 14:30etan, Donostiako Kote Olaizola estadioan jasoko dute Uni Bilbo. Aldiz, Txingudi/Baztan 14 urte azpikoak Gipuzkoako ligako B multzoko finalerdiak jokatuko dituzte Zarautzen bertako taldearen aurka, larunbatean 10:30etan.

Egitaraua osatzeko, Txingudiren beterano taldeak Baztanek antolatzen duen Rugby Gaupasan hartuko du parte. Larunbatean, 15:00etatik aurrera, Larraintzarreko ikastetxeko zelaian jokatuko den zazpiko txapelketan arituko dira.

Emakumezkoen 6 nazioen txapelketa

Asteburu honetan Europako txapelketarik garrantzitsuenak bere hirugarren jardunaldia jokatuko du. Larunbatean bi topaketa izango dira, Eskozia eta Ingalaterraren artekoa 15:15etan eta Irlanda eta Galesen artekoa 17:45etan. Igandean, Frantzia eta Italiak emango diote itxiera jardunaldiari 16:00etan. Hiru partidak Irungo Kale Nagusian kokatuta dagoen Errugbi tabernan ikusi ahal izango dira.

TxingUdaren edizio berria, martxan

Klubetik aditzera eman dutenez, aurtengo uztailean Udalekuen edizio berria ospatuko dute. Datozen egunetan argitaratuko da eskaintza osoa eta izena emateko informazio. Aurtengo nobedadea handien taldean dator, Txingudik aurten Saint-Jean-de-Luz Olympique taldearekin eginiko elkarlanaren ondorioz, iparraldeko klubaren entrenatzaileek hainbat masterclass eskainiko baitizkiete partaideei.

Interesdunek klubaren webgunean eta sare sozialetan aurkitu ahalko dute informazio guztia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude