Txingudi Ikastolako guraso elkartea jaialdia antolatzen ari da ekainaren 1erako. Ikastolako guraso elkarteak iaz berreskuratu zuen ikasturte amaiera aldera Txingudi Ikastolan ospatu ohi zen Ikastola Eguna. Aurten jaialdiaren antolaketari ekin diote berriro eta egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako.
Ekainaren 1earako, larunbaterako, era askotariko ekintzak egingo dituzte. Goizeko 11:00etan Adaxka dantza taldeko haurren emanaldiarekin hasiko da eguna. 11:30ean, aldiz, Jaizubia hipika laguntzari esker, haurrek pottokan ibiltzeko aukera izango dute. Aldi berean, puzgarrietan salto egin eta tailer desberdinetan parte hartzeko aukera egongo da. Eguerdiko 12:00etan AstoKK Bingo solidarioa ospatuko da eremuaren aldameneko zelaian, eta astoek kaka egin arte luzatuko da. Bitartean, 12:15ean Auntxa Trikitixa Taldeak erromeria eskainiko du.
13:45ean haurrentzako bazkaria egingo da karpan. Bazkalostean Txingurri Bihurri aisialdi taldeak dinamizatutako haur jolasak izango dira, eta gurasoen bazkaltzeko txanda izango da 14:30ean, Euskal kantu bazkariarekin. Bazkarirako lekua Txingudiko Gurasoak webgunean erreserbatu behar da maiatzaren 20a baino lehen. Haurren bazkariak 10 euroko prezioa izango du eta helduenak 20 euro balio ditu.
Arratsaldean, berriz, haur eta gaztetxoentzat Apar Festa egongo da. Eta ondoren 17:30etik aurrera musika eta dantzaldia antolatu dira eguna borobiltzeko. Horretaz gain, Guraso Elkarteak antolatutako txosna egun osoan zehar irekita mantenduko dute, eta bertan jan eta edateko aukera emango dute.
Gainera, Txingudi Ikastolako 3. DBHko ikasleek eta beren gurasoek haur eta helduen bazkariak zerbitzatzen parte hartuko dute. Horrela, irabazi asmorik gabeko jaialdia izan arren, hurrengo ikasturtean 4. DBHko ikasleen ikasketa bidaia diruz laguntzeko erabiliko da.
AstoKK berrikuntza solidarioa
AstoKK Bingo solidarioa 12:00etan hasiko da, jaialdi ondoko Gebaralarre baserriaren zelaian. Ekintza honen helburua Irungo Euskal Jira laguntzea izango da, bildutako dirua antolakuntzari emateko. Irungo Euskal Jiraren antolakuntza batzordeak zailtasun ekonomiko handiak zituztela jakinarazi ostean, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak laguntzeko modua bilatu nahi izan du.
Ikastolaren aldameneko Gebaralarre baserriaren zelaia bingo taula bilakatuko da eta Irungo Usategieta baserriak utzitako bi asto askatuko dituzte bertan kaka egin dezaten. Astoek kaka egiten duten zenbakiak izango dira saridunak. Irisarriland, Sendaviva edota Mitologik ihes-jokoa familian gozatzeko aukera hain justu.
Txartelak jaialdiaren egunean berean eskuratu ahalko dira, lehenago agortu ez badira. Txartelak lehenago eskuratu nahi izanez gero, Labore Txingudi (Urantzu kalea), Aldabe bulego-denda (Nafarroa hiribidea) eta Landetxa-Katea auzoko Arbium plazan dagoen Otazpi Berri ostatuan eros daitezke. Txartelen prezioa 3 eurokoa da.



