Uda emankorra izan du Santiagotarrak Kirol Elkarteak

Atsedenerako garaia da iraila Bidasoa ibaiaren
er-tzean. Santiagotarrak Kirol Elkarteko palista eta arraunlari gehienek bukatu dute 2013/2014 denboraldia. Hurrengo sasoia prestatzen hasi aurretik, udarak eman duena baloratzeko unea iritsi da. Uzta oparoa jaso dute beste behin ere Santiagotarrek. Dominak jantzita itzuli dira kirolari irundarrak lehiaketa gehienetatik. “Gaur egun, estatuko klub onenetarikoa da. Aurten ere Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartu dute gure kirolariek”, azaldu du Olatz Zabala elkarteko presidenteak. Udako emaitza nagusiak gogoratu ditugu irundarraren eskutik.

ander legazkue-beñat rekarte

Zuzendaritza lanean aritzeaz gain, ur bareen ataleko entrenatzailea eta kirolaria ere bada Olatz Zabala. Maratoia da bere espezialitatea, eta aurten Espainiako Txapeldun izan da 23 urtez azpiko K2 proban, Amaia Benavente taldekidearekin batera. Bakarka, zazpigarren izan da Eslovakian jokatutako Europako Txapelketan. Zabalarekin entrenatzen duen Jon Moreno gazteak bosgarren izatea lortu du, junior mailan. Mundialean parte hartzeko txartela eskuratu du, gainera, Morenok. Irailaren 26tik 28ra izango da, Oklahoman, AEBn. Pozik dago aurtengo denboraldiarekin: “Nire helburua nazioarteko txapelketa batean parte hartzea zen, eta Europan eta mundu mailan lehiatzea lortu dut”. Hamasei urte besterik ez du Jon Moreno palista irundarrak.
Ur bizien atalak oihartzun handiko kirolariak eman izan ditu urterik urte. Ander Elosegik eta Joan Crespok, besteak beste, goi mailan lehiatzen jarraitzen dute. Baina aurten emakumezko izen batek indar handia hartu du. Klara Olazabal da sekzioko harribitxia. Hamasei urte baino ez du, eta nazioarteko txapelketetan aritu da junior eta senior mailatan, bera baino kirolari helduagoekin. Espainiako selekzioa osatzeko probetan sailkatzea lortu du, eta Munduko Kopetan, eto Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartu du. Maila horretan aritzeko, Irundik urrun joan behar izaten du Olazabalek entrenatzera: “Bidasoa ibaian San Migeleko eremua dugu, baina ez da ondo prestatutako instalazioa. Astean bi edo hiru aldiz Orthez edo Pau aldera joan behar izaten dugu”. Espainiako estatuan ur bizietako kanal bakarra dago, La Seu d’Urgellen, Lleidako probintzian.

klara olazabal
Arraunean ere badakite Irunen
Arraunketari dagokionez, euskal kostaldean traineruen estropadak nagusi diren arren, aulki mugikorrean ere maila jasoa dago. Santiagotarrak da horren erakusle. Aurten, azken urteotako emaitzarik onenak lortu ditu arraunketa atalak Espainiako Txapelketan. Garazi Lasartek eta Nerea Seijok zilarrezko domina lortu dute biko scull seniorrean. Seijo eta Lasarte, Elene Lopetegirekin eta Alex Arellanorekin batera, hirugarren izan dira lauko scull-ean. Proba berean, baina gizonezko jubeniletan, brontzea eskuratu dute Ander Arellanok, Martxel Tejedorrek, Beñat Rekartek eta Ander Legazkuek. Lemazainik gabeko biko proban ere, podiumeko hirugarren tokira igo dira Rekarte eta Legazkue. Hondarribiarra da Ander Legazkue, baina Irunen egiten du arraun: “Bizilagun guztiek esaten didate Hondarribira joateko. Baina ni gustura nago Santiagotarretan. Familia handi bat gara, eta oso giro ona daukagu”.
Giroa eta taldekideen arteko harreman ona azpimarratu dute Elkarteko kirolariek. Ezinbestekoa dute, entrenamendu gogorrei aurre egingo badiete. “Lana eskatzen du, baina gustura aritzen gara”, baieztatu du Klara Olazabalek. Giroak ez ezik, maila handiko instalazioak edukitzeak ere lagundu du Elkartearen bilakaera eta egonkortzea. “2007an berritu zituzten, eta primerakoak dira. Bidasoa ibaiaren ertzean gaude, gainera; leku paregabea da”, aipatu du presidenteak.
Berrogeita zortzi urte ditu Kirol Elkarteak, eta sasoi betean dago. Harrobia lantzeaz eta zaintzeaz gain, kirol emaitza esangura-tsuak lortzen ditu urtero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude